Ertzaintzaren helikoptero berritik hitz egin du Imanol Pradales lehendakariak gaur. Azpeitian (Gipuzkoa) izandako istiluen harrabotsa apaldu gabe dagoela eta gertakariak zuzenean aipatu gabe, esan du Ertzaintzaren jarduna eta «izen ona» zikintzen saiatzen direnek ez dutela lekurik. «Ez dugu horrelako jarrerarik onartuko». Halaber, «babes osoa» agertu die polizia agenteei, «epelkeriarik gabe». «Indarkeria eta mehatxuak ezin dira sekula justifikatu. Eta ez dugu onartuko arreta babesten gaituztenongan jartzea».
Istiluak izan ziren igandeko ordu txikietan. Ertzaintzak isuna jarri ondoren poliziaren aurkako pintaketa bat egiten ari zen gazte bati, zenbait lagun Udaltzaingoaren egoitzara joan ziren, eta liskarra piztu zen. Poliziak salatu zuen bi agente zauritu zituztela, eta Azpeitiko Gaztetxeak, berriz, poliziek gehiegikeriaz jokatu zutela, baita gazte bat atxilo hartu zutela ere. Hura aske utzitakoan amaitu ziren liskarrak.
Ikusi gehiago
Eusko Jaurlaritzak ere egin du balorazioa. Maria Ubarretxena bozeramaileak gaitzetsi egin ditu istiluak, eta babesa adierazi die Azpeitiko Udaltzaingoari eta Ertzaintzari. Halaber, kezka agertu du azken hilabeteetan antzeko gertakariak izan direlako: «Lintxamendu saiakerak, pegatina arrazistak, Poliziaren aurkako pintaketak, udaletxeen aurka egindako erasoak, jai giroko borrokak... Iruditzen zaigu oso kontuz ibili behar dugula indarkeria hutsaltzearekin. Arduradun publikoak garen heinean, gizartea zaintzen duten langileak babestea dagokigu». Gaur egin ditu adierazpenak, Gobernu Kontseiluaren ostean, kazetariek egindako galderei erantzunez.
Horiek horrela, duela hilabete abiatutako segurtasun foroaren garrantzia nabarmendu du Ubarretxenak. «Euskadik segurtasunaren inguruko plan oso bat behar du. Adituak entzungo ditugu, eta alkateekin ere elkartuko gara, haien ikuspegia aintzat hartzeko». Herritarrei ere mintzatu zaie, eta «errespetua eta bizikidetza» eskatu ditu.
Torturak, Gobernu Kontseiluko gai zerrendatik at
Kazetariek Ubarretxenari galdetu diote ea Eusko Jaurlaritzak zerbait egiteko asmoa duen NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak erakundeei jarritako zereginaren inguruan. NBEk eskatu du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak sortu dezala mekanismo independente bat dokumentatutako tortura salaketak ikertzeko. Tartean daude Ertzaintzaren aurkako hirurehun bat tortura salaketa. Bozeramaileak Maria Jesus San Jose Justiziako eta Giza Eskubideetako sailburuaren bizkar utzi du erantzuna. «Ez dugu gai hori landu gaurko Gobernu Kontseiluan. San Josek zuzentzen duen sailaren gain geratzen da azterketa hori egitea».