Forum Europa hitzaldi zikloan parte hartu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, Bilbon, eta aukera baliatu du kezka azaltzeko «indarkeria erabiltzea justifikatzen duten muturreko taldeak» direla eta. «Badaude muturreko taldeak eta sistemaren kontrako mugimenduak zenbaitetan indarkeria erabiltzea zilegitzat jotzen dutenak», adierazi du. «Zenbait talde komunistak idatzitako agiriak irakurriz gero, ikusiko dugu justifikatu egiten dutela faxistatzat jotzen dituztenen kontra».
Zupiriaren esanetan, horrelakoek «indarkeriazko ekintzak» eta Ertzaintzaren kontrako erasoak izan ditzakete ondorio. Zenbait adibide jarri ditu horren erakusgarri: urriaren 12an Gasteizen Falange Espainolak antolatutako ekitaldiari loturik izandako istiluak eta Voxek —«Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duen legezko indar batek»— ekitaldi bat antolatzen duenean izaten diren protestak. «Jarrera faxistak agertzen ari dira, euren burua antifaxistatzat jotzen dutenek sustatutakoak badira ere», erantsi du.
Horrekin lotuta, beste fenomeno bat ere agertu dela esan du Zupiriak: futbol partidak «aitzakia» hartuta beste zale batzuen edo Ertzaintzaren kontrako liskarrak sortzen dituzten «ekinbide antolatuak». Horri buruzko kezka ere agertu du Zupiriak, haren esanetan «bizikidetza eta ordena arriskuan jartzen dituzten jokabide antidemokratikoak» baitira.
Marra gorria
Zupiriaren hitzetan, indarkeria sustatzea «inork zeharkatu beharko ez lukeen marra gorria» da: «Ordena eta geure buruari eman dizkiogun arauekiko begirunea denontzat dira, eta denok errespetatu behar ditugu. Ertzaintzaren eginkizuna da horiek betearaztea».
Urriaren 12an Gasteizen izandako istiluak direla eta, Zupiriak berretsi egin du gertaeren ostean egindako autokritika: «Esan egin dut ez ginela gai izan Gasteizko zenbait kaletan segurtasuna bermatzeko, eta nire gain hartu dut horren erantzukizun politikoa».
Atzo hasi ziren deklaratzen istilu horietan atxilotutakoak, eta Ertzaintzaren sindikatu batzuek leporatu diote Segurtasun Sailari «berandu eta gaizki» aurkeztu dela auzibidean. Zupiriak ez du bat egin kritika horiekin. Esan duenez, hogei bat ertzainek deklaratu beharko dute auzibide horretan, eta norberaren esku dago zer zerbitzu juridiko erabili horretarako: «Batzuek aukeratu dute Segurtasun Sailak eskaintzen dizkien zerbitzu juridikoak erabiltzea, eta beste batzuek, berriz, euren sindikatuetara jo dute. Azken aukera hori ere zilegi da, baina ez du zalantzan jartzen sailak agenteekin duen konpromisoa».
Ziberdelituek gora
Zupiriak hitzaldia baliatu du delituei buruzko balantzea aurkezteko. Segurtasun sailburuak emandako datuen arabera, 143.000 arau hauste izan ziren iaz Euskal Autonomia Erkidegoan, hots, 390 eguneko eta aurreko urtean baino 2.000 gehiago. Batez ere ziberdelituak ugaritu dira gehien, Internet bidez egiten diren iruzurrak, zehatzago esanda. Gora egin dute etxeetako trasteleku eta antzeko eraikinetan egindako lapurretek ere. Eta Zupiriak kezka agertu du drogarekin lotutako delituak ere areagotu egin direlako.
Ertzaintzak eta 15.000 biztanletik gorako herrietako udaltzaingoek bildutako datuen arabera, iaz 5.635 emakumek salatu zuten indarkeria matxista jasan zutela; 2024an baino bat gehiago dira. Aldiz, zertxobait apaldu dira sexu askatasunaren aurkako delituak: %1. Edozein kasutan, kopuruak gora edo behera egin, horien aurka lan egiten jarraitzeko deia egin du Segurtasun sailburuak.
Baliabide gehiago ere eskatu ditu, behin eta berriz delituak egiten dituztenen inpunitate sentsazioa amaitzeko. Espainiako Gobernuari eskatu dio epaile gehiago jartzeko, epaiketak gehiegi atzeratu ez daitezen. «Kezka gehien» sortzen duten delituen zigorrak gogortzea ere galdegin dio.
ITSAS SALBAMENDU ZERBITZU PROPIOA
Eusko Jaurlaritzak urriaren 1ean jasoko du itsas salbamenduaren eskumena, Madrilekin akordioa egin eta gero. Zupiriak iragarri duenez, eskumena jasotzean larrialdien sisteman integratuko dute, eta aukera emango du horren barruan zerbitzu propio bat sortzeko. Sailburuak esan du itsas salbamenduaren eskumenaren kudeaketa «konplexua» dela eta «erronka bat» ekarriko duela ere. Zerbitzua eratu eta baliabideak eskura izan artean Gurutze Gorriarekin lankidetzan jarraituko du Jaurlaritzak.