Ipiñazarrek transferentzien akordioa txalotu du, eta zera ohartarazi: «Akordioak betetzeko daude»

EH Bilduk uste du negoziazio horiek erakutsi dutela bestelako harreman eredu bat hitzartu behar dela Espainiarekin, eta azpimarratu du estatutu berri bat behar dela, «aldebiko harreman eraginkorra bermatuta».

Maitane Ipiñazar EAJren EBBko idazkaria, gaur, Bilbon. EAJ
Maitane Ipiñazar EAJren EBBko idazkaria, gaur, Bilbon. EAJ
gurutze izagirre intxauspe
2026ko urtarrilaren 17a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bete da iragan uztailean Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak hitzartutako akordioa; luzapen eta guzti, baina bete da. Duela 46 urte Gernikako Estatutuan jasotako beste bost eskumen Espainiako Gobernuaren eskutik Eusko Jaurlaritzara iragan dira. Eta beste hamasei falta dira oraindik, nahiz eta EAJk eta PSOEk Sanchez presidente izendatzeko akordioan hitzartu zuten 2025 amaierarako estatutuak osorik betea behar zuela. Halere, zailtasunak zailtasun, pausoak ematen ari dira, eta Maitane Ipiñazar EAJren EBBko idazkariak balorazio «oso ona» egin du atzoko akordioaren inguruan. Dena den, ohartarazi du «akordioak betetzeko» daudela, eta Gernikako Estatutuak «arakatu gabeko ahalmenak» dituela.

46 urte igarota, eta oraindik Gernikako Estatutuan hitzartutakoa betetzeko badago ere, esan du «urrats garrantzitsuak» egiten ari direla estatutua osorik betetzeko: «Eta horrek, azken batean, gure autogobernua eta ongizatea areagotzea esan nahi du». Ez du ezkutatu oztopoak izan direnik bidean: «Oso zaila izan da Batzorde Mistoaren azken bilera hau egitea eta aurreikusitako bost eskumenen transferentzia adostea. Horren lekuko izan zarete. Erresistentzia asko gainditu behar izan arren, irmo eutsi diogu: akordioak betetzeko daude, eta aurreikusitako baldintzetan betetzeko. Ez dugu gehiago eskatzen, ezta gutxiago ere».

«Oso zaila izan da Batzorde Mistoaren azken bilera hau egitea eta aurreikusitako bost eskumenen transferentzia adostea»

MAITANE IPIÑAZAR EAJren EBBko idazkaria

EAJko lehendakari Aitor Estebanek berak eman zuen zailtasun horien berri, eta esan izenpetutako akordioa betetzen ez bazen EAJ ez zela «besoak gurutzatuta» geratuko. 

Kontakizun horrekin ez zen bat etorri alderdi sozialista. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak —baita PSE-EEko beste zenbait ordezkarik ere— EAJren «ohiko eszenifikazioaren» partetzat jo zituen hitz horiek, eta ziurtzat jo zuen akordioa bete egingo zela.

«Bihotzekoa ematekoak»

Baina gaur Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Autogobernu eta Administrazio Digitaleko sailburuak Vocento taldeari emandako elkarrizketa batean azaldu duenez, negoziazioetan «Estatuaren muinarekin» topatu dira, «buruzagitzan dagoen politikoa baldintzatzen duten eta ministerioetan dauden pertsona horiekin guztiekin». Zehazki, Estatu idazkari baten erresistentziaz hitz egin du Ubarretxenak, «baina ulertu behar dena da haren gainetik ministro bat dagoela, eta baita Gobernu bateko presidente bat ere». Hala, esan duenez, negoziazioak «bihotzekoa emateko modukoak» izan ziren.

Halaxe izan da azkenean. Gernikako Estatutuan jasota dauden beste bost eskumen igaro dira jada Eusko Jaurlaritzaren eskuetara: langabezia sarien kudeaketa, kotizazio gabeko prestazioena, eskola aseguruarena, itsas salbamenduarena eta makineria egiaztatzeko zentroarena. Horrenbestez, Gizarte Segurantzaren atal batzuk kudeatzen hasiko da Jaurlaritza lehen aldiz urtebete barru, 2027ko urtarrilean.

Ipiñazar harago joan da; esan du estatutua osorik betetzeko garaia dela, eta aste honetan Eusko Jaurlaritzak kritikatu duen gauza bera kritikatu du: Espainiako Gobernuaren negoziatzeko modua. Nola Pradalesek hala Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Autogobernu eta Administrazio Digitaleko sailburuak aste honetan eskatu dute beste modu batean negoziatzeko, eta gauza bera egin du Ipiñazarrek ere: «Betetzeko dauden eskumenekin modu ordenatuagoan eta lasaiagoan funtziona dezagun. Borondate politikoa baino ez da behar».

Azpimarratu du estatutua oinarrizko zutabe bat dela. «Tresna horrek hurbileko kudeaketa egiteko aukera ematen du, zuzenean eragiten du gure ongizatean, eta oraindik baditu arakatu gabeko ahalmenak», borobildu du.

«Estatuarekin aldebiko harreman eraginkorra izatea bermatuko digun estatus politiko berri baten ingurukoa da eztabaida nagusia»

PELLO OTXANDIANO EH Bilduren eleduna Eusko Legebiltzarrean

«Ez gaitezen aritu beste berrogei urtean transferentziak negoziatzen»

Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eleduna harago joan da. Uste du azken asteetan negoziazio horiek erakutsi dutela bestelako harreman eredu bat eraiki behar dela estatuarekiko. Izan ere, Gernikako Estatutua dagoeneko «edukiz hustuta eta higatuta» dagoela esan du: «Ez gaitezen aritu beste berrogei urtean transferentziak negoziatzen».

Horregatik, esan du herriak erabakitzeko gaitasun handiagoa behar duela, ziurgabetasun globala eta nazioarteko egoera aintzat hartuta. Haren hitzetan, euskal herritarren bizitzan eragina duten prozesu sozial, ekonomiko eta kultural guztien gainean egon behar luke gaitasun horrek, eta uste du horretan Gernikako Estatutua motz geratzen dela esparru juridiko eta politikoari dagokionez.

Estatutu berri baten beharra azpimarratu du: «Nazio gisa aitortuko gaituen, beharrezko botere funtsa emango digun eta estatuarekin aldebiko harreman eraginkorra izatea bermatuko digun estatus politiko berri baten ingurukoa da eztabaida nagusia».

Datozen garaiotan berri txarrak izango direla esan du, batez ere nazioarteko egoerari erreparatuta. Baina adierazi du balitekeela berri onak ere izatea, eta horretarako lanean ari direla dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.