Irakasleak, ikasleak, Bernedo... 2025ean gehien irakurritakoak, hezkuntzaren ingurukoak

Irakurleen arreta erakarri duten albisteen zerrenda osatu du BERRIAk aurten ere.

Zarauzko ikastolaren alde egindako elkarretaratzea, urtarrilaren 21ean. GORKA RUBIO / FOKU
Zarauzko ikastolaren alde egindako elkarretaratzea, urtarrilaren 21ean. GORKA RUBIO / FOKU
Edu Lartzanguren.
2026ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskola barrukoak, eta eskolaz kanpokoak, baina, betiere, gaztetxoen hezkuntzaren ingurukoek piztu diete arreta gehien BERRIAren webgunearen irakurleei, datuen arabera. Izan ere, oraintxe amaitu den 2025. urtean, mugimendu eta eztabaida ugari sortu dira hezkuntzaren munduan, dela urte gatazkatsua izan delako, irakasleen mobilizazioak tartean, dela hainbatek jomugan jarri dutelako udalekuetan landuriko sexu heziketa. Horrez gain, euskararen egoeraren inguruko kezka, Txiki eta Otaegiren fusilatzearen 50. urteurrenari buruzkoak, eta, udako freskotasunean, orka saldo batek Euskal Herriko kostaldean eginiko triskantzak nabarmendu dira aurten.

1. Grebak hezkuntza publikoan

Azkenean bai, azken unean. Vatikanoko burua izendatzeko konklabeetan bezala, irakasleen sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ados jarri ziren maiatzaren 9an, eta bertan behera geratu zen hezkuntza publikoko irakasleek deituriko greba. Baina zatiketa gertatu zen langileen ordezkarien artean: sindikatu guztiek sinatu zuten akordioa, ELAk izan ezik. Itun horren bidez lortu zuten lan itun berri bat adostea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleentzat. Irati Urdalleta Lete kazetariak nabarmendu zuen ez zela nolanahiko auzia, erabakiak 27.000 irakasleri eragiten baitzien.

2. Isuna ikastola bati

Kazetari berak sinatu zuen urtean gehien irakurritako bigarren albistea ere. Urtarrilaren 21ean kontatu zuenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 140.000 euroko isuna jarri zion Zarauzko (Gipuzkoa) Salbatore Mitxelena ikastolari, agintariek beste ikastetxe batzuetara bidali nahi zituzten zortzi familiaren umeei matrikula egiten uzteagatik 2023-2024ko ikasturteko kanpainan. Ikastolako arduradunek dirua biltzeko zenbait ekintza antolatu zituzten, eta horrela lortu zuten isuna ordaintzeko dirua.

3. Irakasleek opor gehiegi al dituzte?

Gurasoen artean oso zabalduta dago uste hori. Izan ere, haurrak eta gaztetxoak ikastetxeetan ez daudenean, gurasoek hartu behar dute haien ardura, eta horrek kexa sortzen du, antza. Apirilaren 10ean argitaraturiko Non jartzen den begia iritzi artikuluan, Eǹƒaut Intxaurraga Uriarte irakaslea aurreiritziari kontra egiten saiatu zen, eta arreta ikasleengan jartzeko eskatu zuen. Ohartarazi zuenez, «ikasleak ez daude ondo», besteak beste pantailek eragindako kaltearengatik. Ikasleen beharrei heldu nahi dien irakaslea «erabat salduta» dagoela nabarmendu, eta gehitu zuen ezen, haien kontra gizartean zabalduta dagoen jarrera indargabetu ezean, ezingo diotela egoerari aurre egin, ezta ikasleei eman behar dieten laguntza guztia eskaini ere.

Ikusi gehiago

4. Txiki eta Otaegiren hilketaren inguruko dokumentala

Irailaren 27an, 50 urte bete ziren Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik. Urteurren horren harira, Bidaia bat 50 urte atzera, aurrera egiteko dokumentala ekoitzi zuen BERRIA Telebistak, eta egun horretan bertan estreinatu zen webgunean. Errepidean grabaturiko dokumental horretan, Gurutze Izagirre Intxauspe kazetariaren gidoiari jarrikiz, Lara Madinabeitia eta Garazi Karrera bideogileek biktimen familiako kideen eta lagunen testigantzak bildu zituzten. Hasteko, Burgoseraino (Espainia) joan ziren Otaegiren lagun Xexilio Alegriarekin eta Luis Mari Gurrutxagarekin, haiek eraman baitzuten hiri horretara presoaren ama, semearekin azken gaua pasa zezan. Horrez gain, Bartzelonara bidaiatu zuten Txikiren anaia Mikel Paredesekin eta Anie Paredes ilobarekin. Anaia hil zuten lekuan zegoen Mikel exekuzioaren egunean, eta han bertan kontatzen du pairatutakoa.

5. Bernedoko albo ondorioak

Zerrenda honetan aparteko lekua merezi du gehien irrakurrietakoen arteko bosgarren artikuluak, ohikoa ez den moduan erakarri baititu irakurleak. Aner Peritz bertsolari eta hezitzailearen iritzi zutabe bat da, Haurrak eta genero-esentzialismoa izenburukoa. Otsailaren 6an argitaratu zen BERRIAn, eta, orduan, ez zuen aparteko erreakziorik eragin. Haatik, publikatu eta urte erdira hasi zen bolo-bolo zabaltzen, irailaren erdialdean, Bernedoko udalekuen inguruan familia batzuek jarritako salaketen eta horien aitzakiapean bultzaturiko kanpainaren harira. Haurrak eta nerabeak dutxa mistoak izatera «behartu» izana, horiek ez zaintzea, begiraleak ere dutxetan sartzea eta hamabortz egunez familietatik «inkomunikatuta» eduki izana leporatu zieten guraso batzuek udalekuetako begiraleei. Hezitzaileek, leporaturikoa ukatu, eta salatu zuten «mezu transfoboak» zabaltzeko erabili zituztela udalekuetako jardunaren kontrako kritikak. Udalekuak antolatu zituen Sarrea Euskal Udaleku Elkarteko buruetako bat zen Peritz, eta jopuntuan jarri zuten, otsaileko artikulua erabilita. Batez ere, azken esaldia nabarmendu zuten: «Zuen haurrak marikonizatu nahi ditugu (gure haurrik ez daukagu normalean) zuek, gurekin egin zenuten bezala, heterosexualiza ez ditzazuen. Ez zenuten guztiz lortu. Eta guk ere badauzkagu irakasle-tituluak».

6. Udalekuen defentsan

Bernedoko hezitzaileek jasandako «lintxamendu publikoa» salatu zuen Oihana Arana zutabegileak irailaren 26an, kanpainaren une gorenean, Euskal Udalekuak izenburuko iritzi zutabean. Bertsolari txapelduna, poeta eta eleberrigilea da Arana, eta esker ona adierazi zien hezitzaileei, txikitan berak udalekuetan ikasitakoarengatik. Gogor jo zuen «transfobiaz betetako difamazio ustez feministak» zabaldu zituztenen kontra.

Ikusi gehiago

7. Tragedia Pirinioetan

Abenduaren 29an albiste beltza heldu zen menditik: hiru mendizale hil ziren Panticosan (Espainia), elur jausi batek harrapatuta. Hildakoen artean Eneko Arrastua 48 urteko irundarra zegoen, eta ezbeharrean Ordiziako (Gipuzkoa) emakumezko bat hipotermiak jo zuen. Horrez gain, taldean bazen beste ordiziar bat, 60 urteko gizonezkoa, baina hura onik atera zen. 

8. Transfemininismoa eta antifaxismoa

Aner Peritz ageri da berriz zerrenda honetan. Mijo Lizarzabururekin batera idatzitako Ikasle Abertzaleak-en difamazioari zuzenketa: antifaxismo transfeminista edo patriarkala iritzi artikulua argitaratu zuen BERRIAk abenduaren 11n. Euskal Herriko mugimendu transfeministako militante gisa sinatu zuten Peritzek eta Lizarzaburuk zutabea, eta, argitu zutenez, erantzun gisa idatzi zuten. Izan ere, BERRIAk azaroaren 28an plazaratu zuen Ikasle Abertzaleen —hurrengo egunean izena aldatzea erabaki zuen taldeak: Ikasle Antolakunde Sozialista— bi ordezkarik idatzitako Anerri eta Mijori erantzuna artikulua, eta horretan esandakoei ihardetsi nahi izan zieten transfeministek. «Antifaxismoa bi korrontetara murriztea erredukzionismo interesatua edo sinplekeria analitikoa da», ohartarazi zuten Peritzek eta Lizarzaburuk.

9. Sexu abusu baten testigantza

Denborak ez ditu zauri guztiak sendatzen, hurrengo albisteak erakusten duenez. Sexu abusu baten testigantza jaso zuen BERRIAko Gotzon Hermosilla kazetariak. Biktimak esandakoaren arabera, 15 urte zituenean gertatu zen erasoa, duela 35 urte inguru. Bilboko ezker abertzalearen ekitaldietan argazkilari lanetan arituriko gizon ezagun bat izan zen abusatzailea, biktimak jarritako salaketan. «Beharra nuen neure buruari esateko ni abusatutako ume bat izan nintzela, eta bera, berriz, munstro abusatzaile bat. Memoria da erreparazioaren gakoa».

10. Ikasleei euskaraz eginarazi behar zaiela

Eta zerrenda hau borobiltzeko, irakasleak berriz. Arreta handia piztu zuen Eǹƒaut Intxaurraga Uriartek idatzitako Irakasleei gutuna iritzi artikuluak. Irakaslea da Intxaurraga bera, eta, ohartarazi zuenez, gero eta ohikoagoa da ikastetxeetan ikasleak irakasleei erdaraz egitea, eta haiek hori normaltzat hartzea. Hori irakasleek «zeharkatzen utzi behar» ez luketen «marra gorrietako bat» dela argudiatu zuen Intxaurragak. «Ikasleei ezin diegu inola ere gurekin erdaraz hitz egiterik onartu. Hori egiten dugunero, kalte besterik ez diegu egiten. Ez dezagun erratu: gure egitekoa ez da ikasleei euskara inposatzea, euskara oparitzea baizik. Gaitu egin behar ditugu. Eta horretarako egin egin behar dute euskaraz».

Ikusi gehiago

Honaino BERRIAn 2025ean gehien irakurri diren hamar testuak. Beste hainbat kontu aipa daitezke: orka talde batek Deba parean eginiko erasoa, esaterako, Hertzainak taldeak Elkar auzitara eraman zuela, Bernedoko aferari loturiko beste albiste batzuk, 2036. urterako inguruan «nagusiki» erdara izango dela eta ia arnasgunerik ez dela egongo iragarri zuen ikerketa, Hernaniko jaietan hiru magrebtarrek pairaturiko jipoia... Gehien irakurri diren 30 albisteen zerrenda osoa nahi duenak, hemen dauka: 2025eko gehien irakurriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.