Iraleko murgiltze ikastaroei eusteko eskea atzera bota dute Eusko Legebiltzarrean

EH Bilduk eraman du gaia osoko bilkurara, legez besteko proposamen baten bidez, baina PSE-EEk eta EAJk beste testu baten aldeko botoa eman dute.

EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arrese, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arrese, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
arantxa iraola
2026ko ekainaren 11
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iraleko murgiltze ikastaroak egiteari utziko dio datorren ikasturtean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Irakasleak euskaran eta euskal kulturan trebatzeko erabakigarriak izan dira ikastaro horiek igaro hamarraldiotan, eta, beraz, erabakiak kezka sortu du hainbat sektoretan. Arlo horretan jardun duten profesional gehienek, adibidez, ohar bat atera zuten udaberrian, kezka hori adierazteko. Era berean, Steilas, LAB eta ELA sindikatuek hainbat ekinbide jarri dituzte martxan erabakia auzitan jartzeko. Gaur EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara eraman du gaia, eta legez besteko proposamen baten bidez eskatu du murgiltze ikastaro horiek «mantentzeko eta indartzeko». Proposamen horrek ez du aski babes lortu; EAJk eta PSE-EEk hitzartutako beste testu bat onartu da: murgiltze ikastaroen aldeko eskerik ez da hor.

Legez besteko proposamenean, EH Bilduk argi jaso du zer-nolako kezka sortu dion murgiltze ikastaroak egiteari uzteak. «EH Bildurentzat, erabaki hau hutsegite larria da, batez ere orain arte formakuntza horrek guztiak izan duen eraginkortasunaren inguruko diagnostiko eta balorazio publikorik ez dugun bitartean». Horregatik egin ditu bi eskari. Lehena da sakon aztertu dadila urteotan egin den lana. Ez edonola: «Bertako profesionalen iritzia kontuan hartuta, helburu izanik irakasleen euskarazko prestakuntzak nolakoa izan behar duen adostea». Bigarrena, berriz, hauxe: «bitarte horretan» murgiltze ikastaroei eustea. Gero, Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak hitza hartu du, eta zehaztu helburu behinena «urtebeteko moratoria bat» lortzea dela. 

Aldaketa handiaren aurretik, denbora nahi du EH Bilduk. Izan ere, abian da Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua eratzeko prozesua, eta, hemendik aurrera, Hezkuntza Sailak horren abaroan egin nahi ditu irakasleak hizkuntza arloan trebatzeko urratsak; Arresek esan du, ordea, ez duela ulertzen nola duten PSE-EEk eta EAJk «konfiantza itsua» oraindik lehen urratsak baino egin ez dituen institutu horren jardunean. «Tresna berriak behar dira, eta horiek institutuak emango dizkigun konbentzimendua dugu», azaldu du. Baina: «Iruditzen zaigu hartu den erabakia dela arazoa: institutua sortu baino lehen murgiltze ikastaro horiek kentzea». 

Babesik gabe

Sumarren babesa bakarrik lortu du EH Bilduk. Gobernu koalizioko kideek ez diote biderik eman proposamenari. «Nostalgiaz» aritzea egotzi dio EAJko legebiltzarkide Lorea Bilbaok EH Bilduri. «Berrikuntzan, etengabeko ebaluazioan eta anbizioan oinarritutako etorkizuna» gogoan hartuta, «betiko moduetatik modu eraginkorragoetara» jo behar dela esan du, eta, alde horretatik, beldurrik gabe egin behar dela orain arteko eredua bazterrean utzi eta beste jarduteko modu batzuk orokortzeko bidea. PSE-EEren izenean, Estibaliz Cantok gogoratu du egoera soziolinguistikoa eta irakasleen hizkuntza gaitasuna erruz aldatu direla Irale sortu zenetik: «Ez gaude orain dela 30 urteko egoeran».

Aldaketa premiazkoa dela argudiatu zuen institutuko zuzendari Josune Zabalak ere, martxoaren bukaeran Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian. Adierazi zuen «klaustroetarako» hizkuntza estrategiak lehenetsiko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA