«Sindikatuok irakasleei dei egiten diegu datorren ikasturterako eskaintzan agertuko ez diren Iraleko R ikastaroetan izena eman dezaten ekainean zehar». Steilas, LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek gaur Bilbon egindako agerraldi batean egin dute deia. R ikastaroak deituak murgiltze ikastaroak dira, eta euskararen eta euskal kulturaren inguruan irakasleak trebatzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak urteotan izan duen baliabide ahaltsuenetariko bat izan dira. Datorren ikasturtetik aurrera horrelakorik gehiago ez egiteko erabakiak sortu duen «kezka» agerian utzi nahi dute sindikatuek irakasleei egin dieten deiarekin. «Helburua ez da administrazio prozedura huts bat egitea; helburua da argi erakustea ikastaro horiek beharrezkoak direla». Izen emate «sinboliko eta aldarrikatzailea» izango dela azaldu dute.
«Kezka eta haserrea ikusgarri egin nahi ditugu, baita euskararen ezagutza, erabilera eta transmisioa indartzeko tresna eraginkorrak mantentzearen beharra ere», argudiatu dute sindikatuetako ordezkariek agerraldian. Arlo horretan aurrerabideak egiten segitzea funtsezkoa dela gogoratu dute. «Euskarazko murgiltze-prestakuntza ez da gastu bat, inbertsio estrategikoa baizik. Euskal hezkuntza sistemak euskaran gaitasun handiko irakasleak behar ditu, eta horretarako ezinbestekoa da urte luzez emaitza onak izan dituen prestakuntza eredua indartzea, ez desagerraraztea». Ikastaroen desagertzearen gaineko kezka jakinarazi zuten orain dela hilabete batzuk Iraleko langile gehienek ere, ohar batean.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak irmo defendatu du, ordea, aldaketa. Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua martxan jarri dute, haren abaroan ardaztu nahi dituzte orain irakasleak hizkuntzen arloan trebatzeko jardunbideak, eta aldaketa premiazkoa dela argudiatu zuen institutuko zuzendari Josune Zabalak martxoaren bukaeran Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian. «Klaustroetara» bideratutako hizkuntza estrategiak lehenetsiko dituztela argudiatu zuen. Halaxe: «Irakasleari eta haren prestakuntza indibidualari begira jardutetik, klaustroari begira jarri gatzaizkio; taldeari begira, zuzendariei begira». Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak ere usu defendatu du aldaketa.
Sindikatuek lehendik ere hainbatetan adierazi dute ikastaroen desagerrarazteak sortzen dien kezka, eta sinadura bilketa bat ere egin dute horren berri emateko: 6.500 izenpetze lortu dituzte. Mobilizazioak ere egin dituzte ikastetxeetan. Beti salatu dute «alde bakarrez» hartutako erabakia izan dela Hezkuntza Sailarena, eta nabarmendu dute gaiaren inguruan langileek duten iritzia ere aintzat hartu behar dela.
Hainbat eskari
Sindikatuen kezka da Jaurlaritzak egin nahi duen aldaketarekin eskoletan egingo diren «mikroformakuntzetara» mugatuko dela irakasleen trebakuntza, eta uste dute hori baino gehiago behar dela. Horregatik, hainbat eskari egin dituzte. Lehen-lehena da murgiltze ikastaroen eskaintzak orain artekoan segitzea, epe batean behintzat: «Langileen ordezkarien gehiengoarekin murgiltze ikastaroen diagnostikoa, indartzea eta dimentsionamendua adostu bitartean». Bigarrena da euskaran eta euskal kulturan ardaztutako formakuntzan egun dagoen beharra «aitortzea».
Gainerako hiru eskabideak dira: murgiltze bidezko formakuntzaren «irismena eta eragina hobetzeko neurriak» langileen ordezkariekin jorratzea eta adostea, trebakuntza molde hori bermatzeko «gutxienez» orain arteko baliabideei eta inbertsioari eustea, euskaran ardaztutako formakuntza gaur egungo beharretara egokitzea eta indartzea.