Duela hilabete pasa Aratz Bilbao eta Malen Grunig atxilotu zituztenetik, Jarduneko kideen aurkako jazarpena handitu egin dela salatu du koordinakundeak gaur goizean, Iruñean. Zehazki, aipatu dute kideen aurkako gezurrak zabaldu direla hainbat komunikabidetan: hainbat kide izen-abizenekin seinalatu dituzte eta euren informazio pertsonala zabaldu dute.
Horrez gain, zenbait militanteren kotxeak miatu dituztela eta kide baten etxean sartu eta gailu elektroniko batzuk lapurtu dizkiotela azaldu dute. «Estatu zapaltzaileek eskura dituzten baliabide mediatiko, polizial eta juridiko guztiak martxan jarri dituzte proiektu independentista eta sozialista higatzeko», esan du Jokin Arriola Jarduneko kideak.
«Haiek gu monitorizatzen bagaituzte, zergatik ez dugu haien inguruko informazioa izateko zilegitasunik izango? Autodefentsa da»
JOKIN ARRIOLAJardun Koordinakundeko kidea
Prentsaurrekoan, Bilbaoren eta Grunigen aurkako auziaren xehetasun gehiago eman dituzte. Epaileak hamabi ekintza leporatu dizkie. Aurretik, Aratz Estonba abokatuak azaldu zuen irailaren 26ean Ertzaintzaren kontrol batean miatu zituztela eta Bilbao Arrasatetik (Gipuzkoa) zetorrela: hainbat bilera egin zituen gizarte mugimenduetan poliziaren «hainbat infiltrazio egon zitezkeela sumatuta eta kasu horiek agerian uzteko». Gainera, iragan astean Bilbon egindako beste agerraldi batean azaldu zuten leporatutako beste ekintzetako bat Zaballako espetxera (Araba) egindako martxa bat izan dela.
Beste kasu batzuk ere aipatu dituzte gaurkoan. Hala nola, Gasteizen iazko urriaren 12an Falange ultraeskuineko taldeari aurre egin izana, Maiatzaren Lehenean Donostiako Adegiren egoitzan pintaketak egin izana eta Frantziako Tourrari boikot egin izana.
«Zilegi da»
Akusazio horien guztien aurrean, Jardunek azpimarratu du ekintza horiek aitortu dituela koordinakundeak eta erabat zilegi direla. «Egiletza ezkutatzetik urrun, argi utzi nahi dugu zilegiak eta beharrezkoak direla». Argudiatu dute legitimoa dela Falangeri aurre egitea, «klase esplotatzailearen ordezkari esanguratsua den Adegi seinalatzea» eta «Euskal Herriaren zapalkuntza nazionala normalizatzen duen Tourra boikoteatzea». Gaineratu dute zilegi dela euskal presoei babesa adieraztea ere.
Poliziaren infiltrazioen gainean ere jarrera irmoa adierazi dute. «Haiek gu monitorizatzen bagaituzte, gure telefonoak interbenitzen badituzte, kotxearekin jarraitzen bagaituzte, zergatik ez dugu haien inguruko informazioa izateko zilegitasunik izango? Mugimendu politiko gisa akabatu nahi zaituen horren inguruko informazioa izatea autodefentsa da». Hortaz, berretsi dute bide beretik jarraituko dutela.
Jardunen ustez, gertatutako guztia «ez da kasualitatea». Koordinakundearen arabera, euren aurkako oldarraldia indartu da «alternatiba iraultzaile bat gorpuzteko lanean diharduelako». Gogora ekarri dute Euskal Herrian jazarpenak bide luzea duela. «Klase eta nazio askapenaren aldeko adierazpen politikoek existitzen jarraitzen duten bitartean, saldu nahi duten balizko bakea erabat faltsua dela agerian geratuko da behin eta berriz». Hala, euren borrokan aurrera segitzeko borondatea adierazi dute.