Eusko Jaurlaritzak urrats garrantzitsua egin du Gizarte Segurantzaren eskumenaren kudeaketari dagokionez. Uztailean ez bezala, Espainiako Gobernuarekin ituna egin du aurrerantzean Lanbidek kudeatu ditzan langabeziari lotutako prestazioak, hau da, langabezian egoteagatik jasotzen den saria eta langabezia bukatzen denean edo nahikoa kotizatzen ez denean jasotzen den diru laguntza. Akordioa politikoa da, eta Transferentzien Batzorde Mistoan berretsi beharko dute urtea amaitu baino lehen.
Sumarren errezeloak gaindituta, gaur Madrilen egindako bileran itxi dute akordioa bi aldeek. Maria Ubarretxena Autogobernu sailburua Joaquin Perezekin bildu da, Espainiako Laneko Estatu idazkari eta Yolanda Diaz Lan ministroaren ondokoarekin. Ubarretxenak esana zuen eskualdaketa «egingarria» zela, eta oztopoa politikoa zela juridikoa bainoago. Eta ohartarazpena egina zion Espainiako presidente Pedro Sanchezi, konfiantzari eusteko keinu nabarmenen eskean.Â
Akordio horri esker Jaurlaritzak enplegu politiken eskumena osorik izango du aurrerantzean, eta Lanbidek kudeatuko ditu leihatila bakarraren bidez. Hala, gaur egun SEPE Espainiako enplegu zerbitzu publikoak egiten duen lana ordezkatuko du. Gasteizko gobernuak 2011n eskuratu zuen politika aktiboen eskumena, hots, langabeen laneratzea errazteko proiektuak finantzatzearena. Orain, enplegu politika pasiboena gehituko zaio, langabeei ematen zaien laguntza ekonomikoarena.
822Zenbat milioi euro kudeatuko dituen Eusko Jaurlaritzak. Hori da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan langabezia sariaren bidez iaz ordaindu zena. Denera, 51.000 bat herritar izan ziren onuradunak. Lanbidek egingo du ordainketa, baina dirua Madrilek jarriko du, hura baita kotizazioak biltzeaz arduratzen dena.
Horrek zera esan nahi du: Jaurlaritza arduratuko dela aurrerantzean langabezia saria ordaintzeaz; 822 milioi euro inguru dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Diru hori, ordea, Madrilek jarriko du, hura arduratzen baita kotizazioak biltzeaz. Eta hari dagokio zenbatekoari buruz arautzea ere. Jaurlaritza kudeaketaz arduratuko da soilik, hau da, ez da kutxa bakarra delakoa hautsiko. Hori baitzen Espainiako sektore askoren kezka nagusia, hala eskuinean nola ezkerrean.
Ikusi gehiago
Jaurlaritzak emandako datuen arabera, iaz 51.000 pertsona inguru izan ziren langabeziari lotutako sari edo laguntzaren bat jaso zuten onuradunak. Horrez gain, SEPEk hiru lurraldeetan dituen 30 bulegoak ere Lanbideren esku geratuko dira aurrerantzean, eta horietan lan egiten duten 534 langileei aukera eskainiko zaie Jaurlaritzaren menpeko funtzionario izateko.
Noiz izango den, hori da argitzeko falta dena, gaurko bileran ez baitute eperik zehaztu. Edonola ere, Madrilek argi utzi du herritarren segurtasuna bermatzea izango dela lehentasuna, eskualdatzea gauzatzen den bitartean ez dadin inor geratu laguntzarik jaso gabe.
«Argia» ikusten hasi da
Eskumen hori ez du sekula kudeatu Espainiako Gobernua ez den beste erakunde batek. Bada, eskualdaketak duen garrantzia nabarmendu du Ubarretxenak itunaren berri ematerakoan. «Gaurkoa egun handia da Euskadirentzat», azpimarratu du, eta erantsi «zirkulua ixtea» lortu dutela, enplegu politiken gaineko eskumenak osorik kudeatuko dituztelako aurrerantzean, 1979ko Gernikako Estatutuan jasota dagoen gisara.
«Gaurkoa egun handia da Euskadirentzat. Zirkulua ixtea lortu dugu, enplegu politika aktiboez gain, enplegu politika pasiboak ere kudeatuko ditugulako aurrerantzean»
MARIA UBARRETXENAÂ Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburua
Ubarretxenaren hitzek ongi erakusten dute gaurko itunak bi gobernuen arteko harremanean izan duen eragina. Izan ere, uztaileko bileran gaiztotu egin ziren, Jaurlaritzak espero baitzuen Gizarte Segurantzari lotutako lau blokeetan lehena orduan eskualdatzea. Erdizka geratu ziren asmo horiek, baina. Edozein kasutan, harremanak onbideratzen hasiak direla ulertarazi nahi izan du Ubarretxenak, azpimarratu baitu 46 urteren ondoren ikusten hasiak direla «argia tunelaren amaieran», Gernikako Estatutua osorik bete dadin.
Hain zuzen ere, oraindik hogei bat eskumen eskualdatzea falta da horretarako; horien artean daude, besteak beste, Gizarte Segurantzari lotutako beste hiru blokeak eta portuen eta aireportuen kudeaketarena. Bada, Autogobernu sailburuak berretsi du Jaurlaritzak urriaren hasieran bidaliko dizkiela horien inguruko proposamen guztiak. Egutegiak berak ezartzen du premia: transferentzia guztiak urtea amaitu aurretik egitea hitzartu baitzuten EAJk eta PSOEk. «Eusko Jaurlaritzak etxeko lan guztiak eginak ditu, eta behar den guztia egingo dugu, duela ia mende erdi euskal herritarrek gehiengo zabalez onartu zuten Gernikako Estatutua osorik betetzeko», esan du Ubarretxenak.