Eusko Jaurlaritzak gaur egin du ofizial Miren Dobaran Ertzaintzaren Arkautiko zuzendariaren kargugabetzea, EAEko aldizkari ofizialean argitaratu baitu erabakia. Ordea, ez du jakinarazi haren ordezkoa zein izango den. Amaia Angulo akademiako Administrazioko eta Zerbitzuen Arloko zuzendariaren kargugabetzea ere jaso du buletinean, eta iragarri Olga Fernandinok hartuko duela haren lekua; Segurtasun Saileko aholkularia zen Fernandino oraintsu arte.
Erabakia gaur argitaratu bada ere, dekretuak dakar Dobaranek eta Angulok igandean utzi zituztela Arkautiko akademiako ardurak. Beren erabakia izan zen, biek ala biek dimisioa eman baitzuten joan den abuztuan, karguan urtebetez jardun ondoren. Orduan jakinarazi zuten «ekainaren amaieran» hasi zutela kargua uzteko prozesua, Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak haien erabakia onartu ostean.
Erabakiaren berri emateko idazkian ez zituzten dimisioaren arrazoiak zehaztu. Adierazi zuten akademia «erreferente» bihurtzeko eta «egungo garaietara egokitzeko» helburuz hartu zituztela Arkautiko ardurak, eta ia urtebetez lan horretan aritu ondoren, «baztertu eta lekukoa pasatzea» zegokiela.
Ordea, Vocento taldeko egunkariek zabaldu zuten akademian zeuden zenbait irregulartasun zuzentzeko asmoz heldu ziotela lanari, baina ezin izan dutela asmoa burutu, barruan topatu dituzten kontrako jarrerak direla medio, eta horregatik eman dutela dimisioa. «Arkautiko eta Segurtasun Saileko zenbait boteregunerekin» izan ditu desadostasunak, komunikabide horren arabera.
Polizia eredua eztabaidagai
Hain zuzen ere, horri egin zion erreferentzia atzo Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak, eta dimisio horiek duten garrantzia nabarmendu zuen. Radio Euskadin egindako elkarrizketan gogorarazi zuen oraindik ez dakitela zeintzuk diren Arkautiko buruak kargua uztearen arrazoiak, baina iradoki zuen litekeena zela Ertzaintzaren barruko tentsioek zeresana izatea. Bada, polizia ereduari buruz eztabaidatu beharraz ohartarazi zuen.
Izan ere, Otegik uste du polizia ereduari erreparatzean arazo nagusia Ertzaintzaren barruan dagoela. Eta gogorarazi zuen Ertzaintzako zati batek mehatxu egin zuela Tourra ez zela Euskal Herritik igaroko. «Uste dut ez diola faborerik egiten dena ontzat ematen denean», adierazi zuen, aurtengo udan izandako liskarrei buruz. Hori ikusita, bestelako polizia eredu baten alde egin zuen, «gertukoa eta euskalduna».