Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) datuekin frogatu zuen atzo USaP unibertsitatera sartzeko probako euskarako noten inguruan sortutako polemikak ez duela oinarririk. Joxerramon Bengoetxea errektoreak adierazi zuen emaitzak «normaltasun estatistiko baten barruan» daudela. Bada, datu eta azalpen horiei buruz galdetuta, Juan Ignacio Perez Iglesias Unibertsitate sailburuak esan du Eusko Jaurlaritzak ez duela zalantzan jartzen zuzentzaileen «zintzotasuna, zuzentasuna eta profesionaltasuna», baina aitortu du selektibitateko azterketak zuzentzeko sistemaren gaineko «konfiantza galdu» egin dela, «bermeak» baditu ere, eta konfiantza hori berreskuratzeko moduak bilatu beharko direla.
Gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, sailburuak ez du xehetasunetan sartu nahi izan. Hasieran, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak sinesgarritasuna eman bazion ere Euskara eta Literatura II ikasgaiaren azterketan nota apalak atera zituzten ikasleen salaketari, Perez Iglesiasek zehaztu du berak esandakoa berretsi baino ez zuela egin sailburuak. Eta azpimarratu du Jaurlaritzaren iritzia ere horixe dela: «Egon daitezke exijentzia maila eta zorroztasun maila ezberdinak, baina profesionaltasunari buruzko zalantzarik ez dago».
Ikusi gehiago
Oposizioa kritiko azaldu da Jaurlaritzaren jarrerarekin, hala ere. EH Bilduk, esaterako, zuzentzaileen profesionaltasunaren inguruko «zalantzak areagotu» izana egotzi zion gobernuari. Kritikei erantzunez, ordea, Perez Iglesiasek gogora ekarri du bera ere urte luzez azterketa horien zuzentzaile izandakoa dela, unibertsitateko irakaslea zela; eta bere zorroztasuna edo exijentzia desberdina zela beste batzuenarekin alderatuta. «Baina naturala da, saihetsezina», ñabartu du, eta erantsi orain arte desberdintasun hori ez dela izan «sistema deslegitimatzeko» elementu bat. Hala ere, berretsi du sistemak «bermeak» dituela zuzenketa modu egokian eta dagozkion irizpideekin egiteko.
«Egon daitezke exijentzia maila eta zorroztasun maila ezberdinak, baina profesionaltasunari buruzko zalantzarik ez dago»
JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIAS Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate sailburua
Horiek horrela, azpimarratu du Jaurlaritzak ez duela sistema bera ere zalantzan jartzen. «Horrek ez du esan nahi sisteman hobekuntzak egin ezin daitezkeenik», gehitu du. Eta, hain justu ere, asmo edo helburu horren testuinguruan kokatu du atzo Hezkuntza Sailaren eta EHUko ordezkarien arteko bilkura. Izan ere, iritzi dio eztabaidaren muina horixe dela, hots, sistemaren gaineko konfiantza areagotzeko irtenbideak bilatzea.
Alternatibak bilatu
Nola egin daitekeen hori? Sailburuak ez du aukera bat edo beste bat hobetsi; esan du hori erabakitzea ez dagokiola berari. Baina zehaztu du agian epaimahaiak osatzeko modua edo azterketak zuzentzeko eredua alda daitezkeela. Izan ere, gogorarazi du beste sistema batzuk badirela inguru hurbilean. Erresuma Batuko kasua aipatu du, adibiderako; gertukoa du eredu hori. Azaldu duenez, azterketak pertsona askoren artean zuzentzen dira, eta, hala, zuzentzaile bakoitza ariketa bakarraz arduratzen eta, eta ez guztiez.
Hala ere, ez du esan hori denik irtenbidea edo egingarria denik hemen. «Ez dakigu zer ekar dezakeen azpiegiturei eta zuzentzaileei dagokienez. Gauza asko hartu behar dira kontutan. Epaimahaiak ere beste modu batera antolatu daitezke, agian. Baina ez naiz ausartzen iritzi bat ematera horri buruz», ñabartu du. Hezkuntza Sailari dagokio, EHUrekin batera, hori ebaztea. Bada, «elkarlan» hori defendatu du sailburuak aurrera begira ere.
unibertsitate beken baldintzak malgutu egingo dira
Datorren ikasturtean unibertsitate eta goi mailako ikasketak egiteko bekak eskatzeko epea zabaldu du Eusko Jaurlaritzak. Baldintzak malgutu egin ditu aurten, zailtasun ekonomikoak izan baina orain arte errenta muga gainditzen zuten familietako ikasleek ere aukera izan dezaten laguntza jasotzeko. Helburua da aurten baino 1.500 ikasle gehiagok jasotzea beka. Horretarako, beka jaso ahal izateko errenta mugaren atalasea %10 handitu da. Horrez gain, joan-etorrietarako bekak jasotzeko ez da beharrezkoa izango ikasketak EAEn egitea; gehienez 200 kilometrora dagoen ikastetxeetara joaten direnek ere eskatu ahal izango dute. Eta malgutu egingo dira laguntzak jasotzeko baldintza akademikoak ere: bosteko nota nahikoa izango zenbait kasutan; orain arte 6,5 eskatzen zen. Jaurlaritzak 28,5 milioi jarriko ditu horretarako.