Tramitea baino ez da geratzen. Eusko Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontuak hilaren 23an onartuko dituzte EAJren eta PSE-EEren gehiengoa baliatuta. Horren aurretik, baina, azken-aurreko azterketa gainditu beharko dute: oposizio taldeen osoko zuzenketen eztabaida eta bozketa. Gaur egingo dute osoko bilkura Eusko Legebiltzarrean, eta, itxura guztien arabera, atzera botako dituzte den-denak. Behin mugarri hori igaro eta gero, bidea libre izango dute behin betiko onarpena emateko.
Oposizio taldeak adina osoko zuzenketa ditu Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontu proiektuak. EH Bilduk, PPk, Sumarrek eta Voxek kontuak berriz gobernuari itzultzeko eskaera egin baitzuten legebiltzarrean, jeltzaleen eta sozialisten diru banaketaren proposamenarekin desados. Nork bere arrazoiak eman ditu horretarako, baina, oro har, denak bat etorri dira aurrekontuak ez diela erantzuten egungo beharrei.
Eusko Jaurlaritzak 17.313 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du datorren urterako; besteak beste, zerbitzu publikoak indartzeko, herritarren kezkei erantzuteko eta hurrengo hamarkadan izango diren eraldaketa ekonomiko eta sozialak bultzatzeko helburuz. Berritasun nagusietako bat 935 milioi euroko diru saila da: hain justu ere, industria bultzatzeko erabiliko da, eta zorra hartuta finantzatuko da.
Proiektua aurkeztu zuenean, Ogasun eta Finantza sailburu Noel d’Anjouk azaldu zuen aurrekontuek «egonkortasuna» bermatuko dutela «nazioarteko zurrunbiloaren» aldean, eta ziurtatu horrek «konfiantza» emango diela familiei eta enpresei. Aurrekontuak «onak» direla eta, «interes alderdikoiak» alde batera uzteko eta «elkarguneak» bilatzen ahalegintzeko galdegin zien gainerako talde politikoei.
Borondaterik ez
Eskakizun horri ateak itxi zizkioten oposizioko taldeekin abiarazitako elkarrizketetan. Are, EH Bilduk salatu zuen ez zela negoziaziorik egon, eta Jaurlaritzari leporatu zion koalizioarekin akordioetara iristeko borondaterik ez izatea. Izan ere, EH Bilduk etxebizitzari lotutako mila milioi euroko funts bat eratzea proposatu zuen. Gobernuak ez zuen aintzat hartu, ordea, eta azkenean osoko zuzenketa bat aurkeztea erabaki zuen.
PPk ere proposamena atzera botatzeko eskatu zuen, iritzita gizartea «pobretzera» daramala proiektu horrek, aurrekontua EAEko ekonomia baino gehiago haziko delako. Ildo horretan, Voxek argudiatu zuen «gastu ez-produktiboa» lehenesten duela proiektuak. Sumar izan zen negoziazioa eten eta osoko zuzenketa jarriko zuela iragarri zuen lehena, gobernuak haien proposamenak aintzat hartu ez zituelako.
Jarrera horiek berretsiko dituzte gaurko bilkuran, bada. Jaurlaritzak hartuko du hitza lehenik: hogeita hamar minutu izango ditu aurrekontu proiektua aurkezteko eta defendatzeko. Taldeen txanda izango da gero: osoko zuzenketa bakoitzaren alde eta kontra 30 minutuko txanda bana izango dute, eta hamar minutu izango dituzte azkenik erantzuteko, bozketari ekin aurretik.