EH Bildu foru eta udal hauteskundeetarako proposamenak egiten ari da egunotan, eta Joseba Asiron Saez proposatu dute Iruñeko alkategai izateko. 2027ko maiatzaren 23ko udal hauteskundeetan zerrendaburu izatea da koalizioaren Iruñeko Idazkaritzaren nahia.
Ohar batean, koalizio subiranistak adierazi du Asiron dela «egokiena proiektua gidatzen jarraitzeko» eta datorren agintaldian ere «hiriaren erronkei erantzuteko». Balioa eman diote haren ibilbide profesionalari, dedikazioari eta «hamar urtez baino gehiagoz» egin duen lanari.
EH Bilduk adierazi du «eskuinaren alternatiba diren gehiengoak» egituratzen dituela Asironen proiektuak, eta herritarren parte hartzean oinarritzen dela: «Iruñea erreferentziazko bihurtzen ari da kalitatezko zerbitzu publikoetan, trantsizio ekologikoan eta bizikidetzan, herritarren beharrei eta kezkei erantzuten baitie».
Asiron bera «ilusioz» aritu da hedabideen aurrean, proposamena publiko egin ostean. «Proiektu bat dago martxan, aldaketa prozesu oso garrantzitsu bat dago hiri honetan; nire ustez, aurrekaririk gabea», adierazi du, eta aldaketa horren gidaritzan segitzeko asmoa azaldu du. Iruñeko alkateak eskerrak eman dizkio EH Bilduren Iruñeko Idazkaritzari ere, egun udalean duten lantaldearekiko erakutsitako «konfiantzagatik», eta koalizioko militanteek proposamena berretsi zain geratu da. «Nik adierazi dut jarraitzeko ilusioa dudala, eta orain militantziak hitz egin behar du. Nik parte hartzera animatzen ditut».
Zentsura mozio baten ondoren izendatua
Asiron bera da Iruñeko egungo alkatea. 2023ko maiatzeko foru hauteskundeetan, Cristina Ibarrolak eskuratu zuen aginte makila, baina abenduaren 18an haren aurkako zentsura mozio bat bozkatu zuten Iruñeko Udalean, eta aurrera atera zen. EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak agintetik kendu zuten Ibarrola, eta Asiron alkate egin.
2015etik hona, EH Bildu indartu egin da Iruñean, Asiron hautagai dutela. 2015ean lehen aldiz heldu zen alkatetzara, bost zinegotzi eta 17.004 boto —ezkerrekoen arteko gehien— lortuta. 2019an, berriz, zazpi zinegotzi eskuratu zituzten, eta 25.591 boto —urte hartan ez zuten Asiron izendatu alkate, Navarra Sumako Enrique Maia baizik—. 2023an zortzi zinegotzi lortu zituzten, eta 27.752 boto.
Asiron 1962. urtean jaio zen, Iruñeko Mañueta kalean. Artearen historialaria da, eta San Fermin ikastolako irakasle izandakoa. Zenbait lan argitaratu ditu Nafarroako historiari buruz. Zenbait kolektibotako kidea ere bada, esaterako, Nafarroa Bizirik elkartekoa —Nafarroaren subiranotasuna defendatzen du—, eta Nabarraldea memoria kolektiboa berreskuratzeko fundaziokoa.
Beste proposamen batzuk
EH Bilduk jada proposatu ditu zerrendaburu batzuk hauteskundeetarako: Iker Casanovaren izena eman du Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko; Laura Aznal aurkeztu du Nafarroako lehendakarigai izateko, eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldun nagusitarako hautagai izateko. Bestalde, atzo ziurtatu zuten Juan Karlos Izagirre ez dela EH Bilduren Donostiako alkategai izango.