Azken hilabete eta urteetan, Polizia behin baino gehiagotan oldartu zaie kaleko saltzaileei Bilbon. Azkeneko aldiz herenegun izan zen, Kale Nagusian. Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak polizia operazio handi bat jarri zuten martxan, kaleko saltzaileen aurka jotzeko. Bada, nahikoa dela esateko elkartu dira dozenaka lagun gaur, Plaza Biribilean. Salatu dute Polizia operazioa «neurrigabea» izan zela, eta agenteek «indarkeria» erabili zutela kaleko saltzaileen aurka egiteko. Pertsona horien egoera administratiboa arautzeko ere eskatu dute, haien bizi baldintzak duintzeko.
Kaleko saltzaileen Mbolo Moye Doole elkarteak eta Manteroekin Bat plataformak antolatu dute protesta. Babes handia jaso dute: Bizkaiko 60 bat elkartek izenpetu dute protestaren amaieran irakurri duten agiria. Aski dela esan diete poliziei beste behin, uzteko kaleko saltzaileak bakean. Izan ere, adierazi dute ostegunekoa ez dela «gertaera bakana»; «hilero» jasaten dituzte ertzainen eta udaltzainen «tratu txarrak», salatu dutenez: «Salgaiak eta gure gauza pertsonalak —telefonoak, giltzak, dirua— kentzen dizkigute, eta indarkeriaz erasotzen digute. Mespretxatu egiten gaituzte, indarkeriaz jazarri, eta gure zaurgarritasuna baliatzen dute horretarako».
Eskerrak herritarrei
Herenegungo polizia operazioa nola izan zen azaldu dute. «18:00ak aldera, Ertzaintzaren hamar ibilgailu agertu ziren, eta, minutu batzuk geroago, udaltzainen brigada bat; kaskoak, ezkutuak, borrak eta txakurrak ere bazeramatzaten. Bi segurtasun indarrek Kale Nagusiko puntu hori blokeatu zuten, eta gure lagun manteroen aurka bortizki erantzun zuten, handik alde egin nahian salgaiak jasotzen saiatzen ari zirela».
Adierazi dutenez, bi pertsonari zauriak egin zizkieten besoetan eta hanketan. Kaleko jantzita zegoen ertzain bati ere eraso egin zioten, kale saltzaileen aurkako tratua «gehiegizkoa» zela salatu ostean. Une hartan han zebiltzan herritar ugarik arbuiatu zuten Poliziaren jarrera, eta eskerrak eman dizkiete horiei guztiei elkartasuna adierazteagatik.
Gero eta eraso gehiago
Protesta egin dutenek kezka agertu dute, ohartarazi baitute kaleko saltzaileen aurkako kasuak ugaritzen ari direla. Arrazakeria instituzionala ikusten dute jarduera horien atzean: «Botere egitura arrazista baten isla da, uste baitute pertsona horiek arazo direla gure hiriarentzat». Asaldatuta daude, gain eginda. «Gure osasunak, bizitzak eta osotasunak inporta dute, eta arriskuan jartzen dituzte kriminalizatzen gaituztenean eta gure aurka indarkeria instituzional guztia zuzentzen dutenean», adierazi dute protestaren amaieran irakurritako oharrean.
Mbolo Moye Doole elkarteak eta Manteroekin Bat plataformak ozen esan dute ez direla isilduko, eta Poliziaren operazio guztiak salatuko dituztela aurrerantzean ere. Unea baliatu dute, halaber, Espainiako Gobernuak asteon iragarritako migratzaileen ezohiko erregularizazioari aipamena egiteko. Izan ere, instituzioei eta agintariei exijitu diete operazio horiek egiteko behar den diru publikoa bideratzeko orain erregularizatuko dituzten etorkinen bizi baldintzak hobetzera.