Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetan langileei eskola ordu bat kentzeko eskeak aldeko epaia jaso du

ELA sindikatuak jakinarazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak murrizketaren aldeko epaia eman duela, eta agindutakoa betearazteko eskea egin die patronalei.

Eskola erlijisioetako langileen protesta, lehengo astean, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Eskola erlijisioetako langileen protesta, lehengo astean, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2026ko urtarrilaren 29a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELAk behin baino gehiagotan egina zuen salaketa: Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetako langileen ordezkariek eta patronalek 2024an hitzartu zuten akordioaren arabera, irakasleek ikasturte honetan hasi behar zuten asteko jardunean eskola ordu bat gutxiago izaten, baina murrizketa hori ez da gertatu. Horiek horrela, iazko urriaren amaieran sindikatuak auzitara jo zuen. Eta gaur jakinarazi du eskabidearen alde egin duela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. «Ebatzi du greba amaierako akordioan adostutako eskola orduaren murrizketa aplikatu behar dutela gizarte ekimeneko ikastetxeek», azaldu du prentsa ohar batean. 

Epaiaren berri izan bezain pronto, ELAk mahai negoziatzailean bilera egiteko deia egin du. Ordu murrizketa ez ezik, beste hainbat eskabide ere ez direla konplitzen esan du, eta horiek betearazteko bidea egin behar dela. Patronalen portaera kritikatu du: «onartezin» deritzo. «Adostutako hainbat atal ez dituzte bete, eta langileak etengabe auzitara jotzera behartzen ari dira». Eusko Jaurlaritzari ere egotzi diote «utzikeriaz» jokatzea: bilerak egiteko deiak hainbatetan egin dituzten arren, gobernuaren erantzunik ez dute jaso. 

Patronalari abisu eman dio ELAk: jokabidea aldatzen ez badu, grebaren bidea «indartzeko» asmoa du. Azkenengoz, lehengo astean deitu zituen ELAk sektoreko langileak grebara, urtarrilaren 20an. Eta deialdiak erantzun zabala izan zuela nabarmendu zuen: «Eusko Jaurlaritzak neurriz kanpoko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituen arren, greba egiteko aukera zuten hiru langiletik batek greba egin du». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.