Oso egun gogorrak izan dira. Larrialdietan eta zaintza intentsiboetako unitateetan estu eta larri ibili dira. Horrela aitortu du Felix Zubia zaintza intentsiboetako sendagileak, Arantxa Iraolak eginiko bideo elkarrizketan. Donostiako ospitaleko jardunean, bederen, estu ibili badira ere, "erantzuna eman ezinik" ez dira egon. Kezka bai, baina ez gainezka egiteko moduan.
Gaur argitaratutako Hego Euskal Herriko datuen arabera, ospitaletako egoera hobeto dago. Martxoaren 31n izan zen ospitaleratu kopuru handiena (2.707), eta ordutik egunez egun kopurua gutxitzen ari da. Gaur, 1.892 ospitaleratu, martxoaren 31n baino 815 gutxiago. Hildako kopuruari dagokionez, datuak ez dira hain baikorrak. Beste 44 pertsona hil dira azken 24 orduetan, aurreko epean baino 15 gutxiago, baina oraindik ez da beheranzko joera argirik antzematen. Bataz beste, azken hamar egunotan egunero 51 lagun hil dira. Aurreko hamar eguneko epean, aldiz, bataz beste, 33 hil ziren. Positiboen kopuruari dagokionez, beste 470 kutsatu gehiago zenbatu dira, aurreko eguneko kopuruaren antzekoa. Nafarroak izan du positiboen igoera handiena (%4,8).
Egunak beste adar batzuk ere izan ditu. Europako Batasunak koronabirusari aurre egiteko neurriak adostu ditu. 540 milioi euro mobilizatuko ditu, estatuek maileguak eskura ditzaten. Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak agerraldia egin du, Ipar Euskal Herriko egoeraren berri emateko. Maskarak beharko direla aurreikusi du eta babes neurrietan "burujabe" izateko nahia agertu du. Halaber, Ipar Euskal Herrian zahar etxeetan test azkarrak egiten hasi dira positiboak atzemateko.
Herri azokak berriro irekitzeko eskaera zabaldu egin da. Azokak baimendu eta bultzatzearen aldeko adierazpena kaleratu dute 60 eragile inguru, Eusko Jaurlaritzak aste honetan hartutako erabakia gaitzetsiz.
DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
MAPA: Koronabirusaren zabalkundea herriz herri eta osasun eremuka
Agian honek ere merezi du
Zientziaren erritmoa. Zientzialariak lanean ari dira SARS-CoV-2 birusari eta hark eragindako COVID-19 izurriteari aurre egiteko. Horien artean Isabel Sola Gurpegi nafarra, Espainiako Bioteknologia Zentro Nazionalean. "Zientziak bere erritmoa du; epe batzuk ezin dira laburtu", dio Isabel Solak, txertoak eta antibiralak ikertzen ari dela. Elkarrizketa interesgarria egin dio Jakes Goikoetxeak.
Pribatua eta publikoa. Osasungintza pribatua nola ari zaio erantzuten asteotan koronabirusak sortutako egoerari? Gaiari heldu dio Jon Olanoren erreportajeak, egoeraren radiografia azkar bat eginez.