Oztopoak oztopo, «bidean aurrera egin dugu». Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek legealdiaren balorazio ona egin du gaur Eusko Legebiltzarrean. Gobernu programa goretsi du, eta azpimarratu du ezen, nazioarteko egoera «aldakorrak» bere gobernuaren kudeaketa «baldintzatu» badu ere, konpromiso gehien-gehienak (%78) abian direla. Orain arteko lorpenak nabarmendu ditu, baina ohartarazi du «erronka handiak» dituztela aurrez aurre. Hori dela eta, oposizioari bide horretan laguntzeko eskatu dio.
Datorren asteartean, hilak 21, bi urte beteko dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zirenetik, eta kontroleko osoko bilkuran EAJk egindako galdera baliatu du lehendakariak legealdi erdiko balantzea egiteko. Jaurlaritzak berak ondu duen Soziometroa hartu du lagun horretarako, inkestaren datuak erabili baititu bere argudioak indartzeko. Izan ere, Pradalesek azpimarratu du bere gobernuak bertan agertzen diren kezkak dituela lehentasun: etxebizitza, enplegua eta osasungintza, besteak beste.
Berariaz aipatu ditu, hain zuzen ere, Osasun Ituna, segregazioaren kontrakoa, etxebizitzaren erronkari erantzuteko premiazko neurrien legea eta bermeen programa, industria plana eta Finantza Aliantza, eta familientzako diru laguntzak. «Nire inbestidura saioan adierazi nuen gure herria etorkizunerako prestatu behar dugula. Zailtasunak zailtasun, lehen egunetik horixe egiten ari gara», esan du.
«Nire inbestidura saioan adierazi nuen gure herria etorkizunerako prestatu behar dugula. Zailtasunak zailtasun, lehen egunetik horixe egiten ari gara»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Autogobernua handitzeko Espainiako Gobernuarekin egindako akordioak ere nabarmendu ditu. Baina aitortu du, «euskal gizarteari emandako hitza» betetzen ari den arren, neurri eta lorpen horiek guztiak ez direla nahikoa gaur egungo «erronka konplexuei» erantzuteko. «Euskadin, Europako ongizate maila handienetakoa dugu, eta halaxe ikusten dute euskal herritarrek ere. Baina ezin dugu lo hartu. Lan handia dugu aurretik».
Elkarlanerako deia
Bide horretan, denbora «eztabaida antzuetan» ez galtzeko deia egin die oposizioko taldeei, eta eskua luzatu die elkarlanerako, testuinguru ziurgabeak «lankidetza» eta «ardura partekatua» eskatzen dituela iritzita. Bereziki EH Bilduri mintzatu zaio lehendakaria, eta «politika eraikitzailea» egiteko eskatu dio. Izan ere, koalizio subiranistari leporatu dio «bertigoa» izan duela legealdi honetan izenpetu diren «herri mailako akordioak» babesteko. Hori dela eta, «bustitzeko» eskatu dio: «Bi urte dituzue hitzetatik ekintzetara pasatzeko. Zain gaude».
Hain justu ere, elkarlanerako gonbita egin dio EH Bilduk ere Pradalesi, egungo testuinguruak «beste politikagintza bat» eskatzen duela argudiatuta. Koalizioaren bozeramaile Pello Otxandianok salatu du EAJk eta PSE-EEk legebiltzarrean duten gehiengoak ez duela «egonkortasuna» bermatzen, herri interesen aldean alderdienak lehenesten dituztelako, eta dituzten desadostasunak gehiago direlako adostasunak baino. Beraz, disonantzia horiek alboratu eta «herri logika batera salto egitea» galdegin dio lehendakariari.
Enplegu Publikoaren Legearen erreforman egin du azpimarra Otxandianok, eta adierazi du legebiltzarrean dagoen gehiengo abertzalea ere baliatu beharko litzatekeela. «Blokeoa ez da aukera bat», esan du, euskararen aurkako oldarraldi judizialari aurre egin behar zaiola ohartarazita. «Alderdien logikak blokeo bat sortzen ari dira, eta afera honek soluzio bat eskatzen du. Eta soluzio hori posible da».
«Enplegu Publikoaren Legean blokeoa ez da aukera bat. Parlamentu honetan ordezkatuta dauden tradizio politiko desberdinok parte izan gaitezkeen soluzio bat planteatu dezakegu»
PELLO OTXANDIANO EH Bilduren bozeramailea
Otxandianok azaldu duenez, akordioa egingarria da, baldin eta proposamena printzipioetan «sendoa» bada eta, aldi berean, «malgua eta inklusiboa». «Parlamentu honetan ordezkatuta dauden tradizio politiko desberdinok parte izan gaitezkeen soluzio bat planteatu dezakegu». Hori lortzeko, baina, «lidergoa» hartzeko eskatu dio Pradalesi.
Tentsio girorik ez
Elkarlan girotik oso urrun kokatu da, berriz, Alderdi Popularra, eta gogor egin du beste behin ere Eusko Jaurlaritzaren kudeaketaren aurka. Haren hitzaldian, Javier de Andresek adierazi du «ilusioa» besterik ez dela EAJk irudikatu nahi duen «oasia». Eta ohartarazi du tentsioa areagotu egin dela gizartean, «bizikidetzaren aurkako erasoen» ondorioz. Ordezkari politikoen, hedabideen eta erakundeen aurkako pintaketak eta seinalatzeak aipatu ditu zehazki, eta lehendakariari leporatu dio ez duela horien aurkako neurririk hartu.
Pradalesek erasoak gaitzetsi ditu, baina gezurtatu egin du De Andresek aipatu duen giro hori orokortua denik. Eta Soziometroa baliatu du horretarako beste behin, aipatu baitu inkestaren arabera herritarren %2k baino ez dutela jo bizikidetza kezka nagusitzat. Are gehiago, Alderdi Popularrari leporatu dio tentsio giro hori sustatzea, eskuin muturreko agintarien mezuak zabalduta. Bada, «moderazioa» eskatu dio giroa baretu ahal izateko.