Martxelo Otamendik uste du «garai egokia» dela tortura kasuen egia judiziala ezagutzeko

Josep Casadevall Estrasburgoko Auzitegiko presidenteorde ohiak eta Amaia Izko abokatuak mahai inguruan parte hartu dute. Giza Eskubideen Behatokiak antolatu du. Casadevall: «Estrasburgo ez da zigortzeko epaitegi bat, baina urraketarik izan den esaten du».

(ID_15928641) (Aitor Karasatorre/@FOKU) 2026-03-24, Iruñea. Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiaren II
Giza Eskubideen Behatokiak gonbidatuta mahai ingurua antolatu dute Iruñean: Iratxe Urizar, Amaia Izko, Josep Casadevall eta Martxelo Otamendi. AITOR KARASATORRE / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2026ko martxoaren 24a
20:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Giza Eskubideen Europako Auzitegian, gainerako 46 epaileen aurrean Martxelo Otamendiren tortura kasuaren nondik norakoak aurkeztu zituen txostengilea izan zen Josep Casadevall. Garai hartan, Estrasburgoko auzitegiko lehendakariordea zen. Gaur arratsean, Iruñean, elkarren ondoan eseri dira biak, eta Otamendik aitortu dio epaiaren berri izan aurretik loak hartu ezinik iragan zituela aurreko hilabeteak, urduri. «Beldur nintzen aurreko urteetan egindako lan eta ibilbide guztiaren ostean gaizki amaituko zela dena». Estrasburgoko epaitegiak, baina, zigortu egin zuen Espainiako estatua, eta Otamendik aukera probestu du protokoloa hausteko: «Beharbada ez da egokia, baina bihotzez eskerrak eman nahi dizkizut».

Dena den, zirkulua ez da guztiz hautsi. Iragan hamarkadan, Estrasburgoko Auzitegiak hamar kasutan Espainia zigortu zuen torturak ez ikertzeagatik, eta horietariko zazpik erabaki dute Espainiako auzitegietara jotzea egia judiziala argitzeko. Horietariko bat da Otamendi —2003an Egunkaria auzian atxilotu eta torturatu zuten—, eta, urrats hori orain zergatik egin duten galdetuta, erantzun du «garai egokia» dela horretarako. «Egoki ikusten dugulako zirkulua itxi dadin. Estrasburgok esan zuen ez zituztela kasuak bermeekin ikertu, eta ematen du hori egitera gonbidatzen duela». 

Giza Eskubideen Behatokiak gonbidatuta, inpunitateari buruzko mahai inguru bat egin dute gaur Iruñeko Tres Reyes hotelean. Iratxe Urizar GEBehatokiko kideak gidatuta, bertan parte hartu dute Josep Casadevallek berak eta Amaia Izko abokatuak, Otamendirekin batera.

Estrasburgo ez da EB

Casadevallek hemeretzi urtez lan egin zuen Estrasburgon, 2015era arte. Anekdota gisa kontatu du bere adiskide askok nahasten zutela bere auzitegia eta haren erakunde nagusia —Europako Kontseilua— Europako Batasuneko erakundeekin. «Luxenburgon eta Bruselan ere lan egiten ote nuen galdetzen zidaten». 

Nahasmena oso ohikoa da. Europako Kontseiluak bultzatutako giza eskubideen hitzarmenarekin bat egin dute Europako 46 herrialdek —2022an, Errusia kanporatua izan zen—, eta eremu geografiko zabal horretan izan den edozein herritarrek aurkeztutako salaketetan giza eskubideen urraketarik izan den aztertzen du auzitegiak. «Europako Auzitegi Konstituzional moduko bat da. Ez ditu kasuak banan-banan epaitzen. Ez da sartzen xehetasunetan, ez da azken auzialdiko auzitegi goren bat. Aztertu egiten du hitzarmenean jasotako eskubideak urratu ote diren», azaldu du. 

Giza Eskubideen Hitzarmenaren hirugarren artikuluak torturatzeko debekua ezartzen die estatuei, eta hamargarren artikuluak adierazpen askatasuna babesten du. Casadevallen arabera, adierazpen askatasuna «norabide bikoitzekoa da», eta, horregatik, egiazko informazioa jasotzeko eskubidea aitorturik, egia jasotzeko eskubidea dute torturaren biktimek. 

Amaia Izkoren arabera, tortura kasuen egia judiziala frogatzea ez da erraza, estatuak egitura bat antolatu zuelako torturak iker ez zitezen. Haren esanetan, inkomunikazioa izan da «torturaren ardatza», eta hura legegileek bultzatu zuten. Halaber, botere exekutiboak horretarako modua eman zuen, eta epaitegiek beste aldera begiratzeko sarea antolatu zuten. «Panorama beltz horretan, Estrasburgok argi pixka bat ekarri zuen». Izkoren iritziz, 2010etik 2021era ateratako epaietan «argudioak sendotu eta tonua gogortu» zuen. «Azken epaietan argi uzten dio estatuari zigortzen jarraituko zuela baldin eta nazioarteko gomendioak aintzat hartzen ez bazituen». 

Tres Reyes hoteleko aretoa bete egin da, mahai-inguruan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Tres Reyes hoteleko aretoa bete egin da, mahai ingurua entzuteko. AITOR KARASATORRE / FOKU

CASADEVALL HUALDEREKIN BILDU DA

Mahai inguruaren aurretik, goizean, Josep Casadevall Estrasburgoko Auzitegiko lehendakariorde ohia Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentearekin bildu da. Harekin izan dira Iratxe Urizar Giza Eskubideen Behatokiko kidea eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohia eta Egunkaria auzian atxilotu eta torturatua.

Casadevallek kazetariei azaldu die Giza Eskubideen Behatokiak gonbidatuta etorri dela Euskal Herrira, Egia Jakiteko Nazioarteko Eskubidearen testuinguruan. «Oinarrizko eskubide urraketen biktimenen omenez egin zen eguna, eta torturatua ez izateko eskubidea gogorarazten digu».  

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!