Osakidetzako filtrazioen auzian ez da akordiorik lortu, eta epaiketa egingo da

Urriaren 20an eta 21ean egingo da epaiketa. Bi dira akusatuak, mediku bat eta oposiziogile bat. Urtebeteko eta bi urteko zigorrak eskatzen ditu fiskaltzak.

Osakidetzako oposizioak, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Osakidetzako oposizioak, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko ekainaren 30a
12:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tirabira eta itzulinguru frankoren ostean, 2016-2017 urteetako Osakidetzako oposizioetako filtrazioen auzia epaitegietan erabakiko da, azkenik. Urte hasierarako zegoen aurreikusita pauso hori, orduan egin behar baitzuten epaiketa aurreko saioa. Epaiketa fasera iritsi aurreko saioa da hori, baina bertan behera geratu zen. Gerora jakin zenez, auzia epaitu behar zuten hiru epaileek parte hartzeari uko egin zioten, epaiketaren aurreko faseetan parte hartu zutela argudiatuta. 

Epaimahai berria izendatu ostean, gaur izan da epaiketa aurreko saioa. Fiskaltzak «posible» ikusten zuen bi aldeek, akusazioak eta defentsak, akordioren bat lortzea. Hori jazoz gero, auzia ez zitekeen epaiketara iritsiko. Alta, saio horretan bi aldeek ez dute akordiorik erdietsi, eta, hortaz, urriaren 20an eta 21ean epaiketaren saioak egingo dira Arabako Probintzia Auzitegian.

Bi akusatu soilik

Epaiketara iritsiko dena, ordea, jatorrizko auziaren txatal bat baino ez da izango. ESK eta LABek bultzaturiko akusazio partikularrak hemeretzi pertsona salatu zituen, baina horietako hamazazpiren aurkako eginbideak artxibatu zituen epaileak. Jatorrizko akusatuetako bi baino ez dira geratzen auzian, beraz.

Donostia ospitaleko mediku bat eta oposiziogile bat dira akusatuak. Oposiziogilea medikuaren semearen bikotekidea zen oposizioak egin ziren garaian. Fiskaltzaren arabera, medikuak emakumeari kirurgia plastikoko espezialitateko probako galderak filtratu zizkion, eta horregatik atera zuen hain emaitza ona oposiziogileak. Ustezko filtrazio hori dela eta, fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra eskatzen du medikuarentzat; urtebetekoa, berriz, oposiziogilearentzat. 

Lekuko gehienak, epaiketatik at

ESK eta LABek bultzaturiko akusazio partikularrak lekuko ugariren parte hartzea eskatzen zuen epaiketa horretan. Epaimahaiak, ordea, ez ditu onartu horietako gehienak, «jada epaituriko auziei dagozkielako, eta ez oraingoari», artxibaturiko hamazazpi akusatuen auziei erreferentzia eginez. Horrenbestez, ez dute epailearen aurretik pasa beharko Jon Darpon orduko Osasun sailburuak, Rebeka Ubera legebiltzarkideak eta Kepa Urigoitia medikuen sindikatuko buruak. 

Bost oposiziogileren agerraldia ere eskatu zuten LABek eta ESKk, baina bakarraren lekukotza onartu dute epaileek, aipaturiko arrazoiengatik. Aitzitik, lekuko gisa agertuko dira kirurgia plastikoko probako epaimahaiko kideak, presidentea, idazkaria eta eledunak, proba jakin hori egin baitzuen auzipetuta dagoen oposiziogileak. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA