Osakidetzako langileak haserre daude. «Aspalditik», zehaztu du Aitor Larrea LAB sindikatuaren Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuko ordezkariak. Zeladorea da. «Oso haserre», gehitu du Jon Pielago EAEko SATSE erizainen sindikatuko ordezkariak. «Jendea nazkatuta dago», esan du lankideez Onintza Esnal ELAren Donostialdeko ESIko ordezkariak. Fisioterapeuta da.
Udazkena beroa izango da, eta ez soilik meteorologoek urtaro honetarako egin dituzten aurreikuspenengatik. Mobilizazio garaia izango da Hego Euskal Herriko osasun zerbitzu publikoetan: Osakidetzako langileak grebara deitu dituzte ELA, LAB, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuek —ESKk ere bat egin du—, eta medikuek greba mugagabea egingo dute. Osakidetzako langile guztiak grebara deituta daude urriaren 30erako eta abenduaren 14rako; Arabakoak abenduaren 9rako, Bizkaikoak 10erako, eta Gipuzkoakoak 11rako; medikuek, berriz, greba mugagabea hasiko dute urriaren 28an.
Grebak egin aurretik, langileak mobilizatzen hasteko eta gizarteari greba egunak datozela gogorarazteko, kontzentrazioak antolatu dituzte ELA, LAB, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitale eta osasun etxe nagusietan egin dituzte.
Hemezortzi urte ituna berritu gabe
«Hemezortzi urte daramatzagu lan itun berarekin: errespetu falta bat da». Horixe da Osakidetzako langileen haserrearen iturri nagusia. Larreak laburbildu du Donostia ospitalearen sarreran bildutako langileen iritzia. Hemezortzi urtean asko aldatu dira gizartea, osasun zerbitzuak, gizarteak osasun zerbitzuei eta bertako langileei eskatzen diena... Aldaketa horiek guztiak lan itun batean jaso eta eguneratu gabe daude. «Lankideei azaltzen diezunean gaur egungo baldintzak duela hemezortzi urteko lan itun batetik datozela, ez dute sinesten», azaldu du Pielagosek. «Sinestezina da», gehitu du, etsita, Esnalek.
Ez da lan baldintzen kontua bakarrik. Sindikatuen eskaeretako bat bada osasun sistema publikoa hobetzea. «Argi eta garbi ikusten da eredua aldatzeko premia dagoela, eta, hori ez bada egiten, alferrik ari gara adabakiak jartzen», Larrearen iritziz.
Sindikatu eta lanbide ezberdinetako osasun langileak bildu dira Donostia ospitaleko sarrera nagusiko eskaileretan. Hala erakutsi dute haien pankartek, banderek, pegatinek eta uniformeen koloreek: erizainen urdina, erizain laguntzaileen arrosa, zeladoreen grisa, osasun teknikarien morea...
Molde zaharrean egin dute protesta. Aurrena bi lankidek aldarria bozgorailu batetik oihukatu, eta gero langileen abesbatzak errepikatu. Hala entzun dira langileen mobilizazioetako aldarri klasikoak: borroka da bide bakarra; hemen gaude enpleguaren alde; jo ta ke irabazi arte... Baita haien borrokari egokitutako batzuk ere: lan baldintza onak, osasungintza ona.... Pankarta nagusian, lelo nagusi bat: Negoziazioa defendatu orain.
Medikuekin lortutako akordioak «minduta»
Negoziazioa da langileen funtsezko eskaera, lan itun berri bat negoziatzeko eskatzen baitiote Osakidetzari. Eskaera hori hauspotu egin du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin medikuen lan baldintzak hobetzeko akordioa lortu izanak. ELA, LAB, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuak akordio horren kontra daude: alde batetik, akordioa mahai sektorialetik kanpo lortu dutelako; bestetik, Osakidetzako langile guztien baldintzak hobetu behar direla uste dutelako, ez soilik medikuenak; eta haserretu egin ditu ikusteak Osasun Sailak borondatea duenean osasun zerbitzu publikoetako langileen baldintzak hobetu ditzakeela. «Horrek asko mindu ditu langileak», jakinarazi du Esnalek langileen iritzia. «Langile guztiak ezinbestekoak dira Osakidetzak funtzionatzeko», ohartarazi diete sindikatuek osasun zerbitzu publikoaren arduradunei, gaur kaleratu duten oharrean.
Mahai sektoriala babestu dute Larreak, Pielagok eta Esnalek. Osakidetzako langileen baldintzak bertan negoziatu eta hitzartu behar direla uste dute. «Horretarako egiten dira Osakidetzako hauteskundeak, eta hor egin behar da kategoria guztientzako negoziazioa», Pielagoren iritziz.
«Benetako negoziazioa» eskatu du Esnalek, «fundamentuzkoa». Sindikatuek proposamen zehatzak egiteko eskatzen diote Osakidetzari. «Hitzak ez, ekintzak», eskatu dizkie Larreak. Izan ere, sindikatuen arabera, «denbora gehiegi» daramate Osakidetzak mahai gainean proposamen zehatzak jartzeko zain: «Ez dugu bilera huts gehiagorik nahi, ezta betetzen ez den egutegirik ere: negoziatu nahi dugu, eta konponbideak nahi ditugu».
Bat egiteko eskaera herritarrei
Sindikatu horiek, mobilizazioekin, Osakidetzako arduradunak behartu nahi dituzte lan ituna berritzera eta langile guztien lan baldintzak hobetzera. «Egoerak guztioi eragiten baitigu», nabarmendu du ELAko Esnalek: «Garbitzaileetatik hasi eta medikuetara, ehun lan kategoria baino gehiago, denon lan baldintzak dauden jokoan». Datu bat errepikatu dute Larreak, Pielagok eta Esnalek: Osakidetzako langileek, batez beste, erosteko ahalmenaren %20 galdu dute hemezortzi urtean.
Elkarretaratzea bukatu da, eta jaso dituzte pankartak, banderak eta bozgorailua. Koloretako uniformeak lanera bueltatu dira. Bueltatu aurretik, herritarrei mintzatu zaizkie: «Borroka hau ez da Osakidetzan lan egiten dugunona bakarrik. Profesional nahikoak, lan eskubideak eta baldintza duinak dituen osasun publiko batek herritar guztiei egiten die mesede. Horregatik, euskal gizartea gonbidatzen dugu gurekin egotera eta gurekin osasun publiko hobea defendatzera». Mobilizazioetan parte hartzera, alegia.
SINDIKATUEN ESKAERAK
- Lan ituna negoziatzea. Hemezortzi urte daramatza eguneratu gabe. Itun berriak eguneratu egin beharko lituzke soldatak, murriztu lanaldi arrunta, hobetu lizentziak eta baimenak, eta ezabatu profesionalen arteko desberdintasunak.
- Medikuekin hitzartutako baldintzak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin hitzartutako neurriak langile guztiei aplikatzea, «haien egoerarekin bateragarriak baldin badira».
- Langileen azterketa. Langile premiaren azterketa egitea, «egiturazko langile faltak identifikatzeko».
- Erreleboa eta talentua. Plan bat diseinatzea eta abian jartzea langileen erreleboa bermatzeko eta talentua erakartzeko.
- Borondatezko lana eta aparteko orduak. Pixkana-pixkana murriztea eta desagertzea.
- Lehen arreta. Sindikatu guztiekin lehen arretako eredu berriari heltzea.
- Lan ibilbidea. Lan ibilbidea ezartzea, langileen adinari lotutako konpentsazio neurriak aintzat hartuta.