Steilas, ELA eta LAB sindikatuak izan ziren lehenengo; asteon, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioa; eta orain, PP: iragarri berri du laga egingo duela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola segregazioaren aurkako ituna lortzeko abiatutako mahaia, Eskola Bikaina Denontzat deitutakoa.
Muriel Larrea Euskal Autonomia Erkidegoko PPko hezkuntza arloko bozeramaileak eman du albistea. Honatx eman duen arrazoia: mahaia «politizatuta» dagoela eta ez duela «benetako eraginik»: «Besterik gabe, Hezkuntza Sailak jada hartuak dituen erabakiak kontatzeko jaio da, eta ardurak mahaiko parte hartzaileen artean banatzeko, baina ez du ekarri interpretazio berririk eta eskola segregazioari aurre egiteko bestelako ekintzarik».
Are, haren hitzetan, mahaia «oso egutegi politizatuarekin» jarri zuten martxan: «Garrantzitsua da ikasleak jartzea hezkuntza politiken erdigunean eta proiektu ideologiko baten alde lan egiteari uztea; horrek eraman gaitu porrotera».