Pradalesek ertzainei: «Ez da nahikoa aginduak betetzea, autokontrolari eutsi behar zaio»

Arkautin, Ertzaintzaren kondekorazioak banatzeko ekitaldian, Jaurlaritzako lehendakakariak esan du ez duela onartuko Ertzaintza «arma politiko gisa erabiltzea» harengan «inoiz ere sinetsi ez dutenek».

Bingen Zupiria eta Imanol Pradales, atzo, Arkautiko akademiako ekitaldian. IREKIA
Bingen Zupiria eta Imanol Pradales, atzo, Arkautiko akademiako ekitaldian. IREKIA
xabier martin
2026ko ekainaren 8a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Loiuko aireportuan Ertzaintza Flotillako kideen aurka nola oldartu zen gizartearen oroimenean bizi-bizirik dagoen honetan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek mezu argi bat helarazi die ertzainei Arkautin (Araba), Polizia horren akademian bertan: «Ez da nahikoa aginduak betetzea: oinarrizkoa da irizpide propioa edukitzea, autokontrola eta justiziarekiko sena. Hau da, gida etikoari eta deontologikoari jarraitzea beti, Ertzaintzaren ezaugarri izan den moduan».

Atzo, Arkautin, Ertzaintzaren kondekorazioak banatzeko ekitaldian, Pradalesek omenaldi berezia egin zien zerbitzuan hildako ertzainei eta 1985etik 2001era ETAk hil zituen hamabost agenteei, Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiria han zela. Lehendakariak nabarmendu zuen Ertzaintzak «euskal gizartearen babesa» duela, eta ez diola inori «inoiz ere» babes hori «erabiltzen» utziko. «Ez dut onartuko arma politiko gisa erabiltzea, ez batzuek, ez besteek. Ez euskal polizia batengan inoiz ere sinetsi ez dutenek, ezta bizikidetza baketsuaren aurka hamarkadetan borrokatu diren eta hura mespretxatu dutenek ere».

Eta ertzainei tarte txiki batean bigarrenez autokontrolari buruz hitz egin ostean —duela aste batzuk antzeko mezua eman zuen, eta autokontrola aipatu—, «gure babesa daukazue», adierazi zien. «Era berean, gogoratu behar duzue zuengan konfiantza duen euskal gizartea beti dela eta izango dela zorrotza zuen lanarekin eta zuen jarduerekin», erantsi zuen jarraian.

Manifestazioak oldarraldien aurka

Larunbatean jakinarazi zuten Ertzaintzaren «inpunitatea» salatzeko manifestazio bat egingo dutela hilaren 20an Bilbon. Izan ere, gizarte mugimenduen aurkako «kriminalizazio kanpaina» bat abiatzea leporatu diote Eusko Jaurlaritzari. Deitzaileen artean daude Global Sumud Flotilla, Justizia Aranarentzat plataforma eta Errekaleor Bizirik. Larunbatean bertan, ehunka lagunek manifestazioa egin zuten Durangon, «polizia jazarpenaren aurka».

Pradalesek atzo Arkautin azaldu zuen «Euskadiren, demokraziaren eta askatasunaren defentsan» hildakoei egingo zietela omenaldia, «totalitarismo frankistaren biktimei eta ETAren terrorismoaren biktimei». Jaurlaritzako lehendakariak «ausardia, talde lana, eskuzabaltasuna eta konpromisoa» aipatu zituen Ertzaintzaren lanaren ezaugarri gisa. «Gaur lekukoa hartu duzuenon inspirazio iturri dira balio horiek», azpimarratu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE