Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek berretsi du prest dagoela oposizioko alderdiekin itunak egiteko. Uste du abiatu berri den urte politikoan horretarako aukerak egongo direla, baina zehaztu du alderdiek «benetako borondatea» erakutsi beharko dutela. Bide horretan, iritzi dio hurrengo astean Eusko Legebiltzarrean egingo den politika orokorreko eztabaida une egokia izango dela boronde hori neurtzeko, eta alderdiei eskatu die «edukiak eta proposamenak» egiteko.
Pradalesek bilera sorta amaitu bezain azkar egin zuen atzo balorazio labur bat, baina patxada handiagoz hitz egin du gaur Onda Vascan egin dioten elkarrizketa batean. Lehendakariak berretsi du mesedegarria izan dela talde politikoekin informazioa eta iritziak trukatzea, eta ordezkari guztiek erakutsitako jarrera ona nabarmendu du gaur ere. Elkarrizketarako eta akordioetarako alderdiek erakutsitako borondatea eskertu du, eta hurrengo hilabeteetan ere horri eusteko nahia azaldu.
Akordioez galdetuta, ordea, ez dio zuzenean heldu nahi izan Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramaileak atzo egindako proposamenari. Are, erantsi du akordiorako aukerak aldez aurretik mugatzea ez dela egokia, «egunean eguneko eztabaida parlamentarioak berak eta mahai gainean jartzen diren gaiek» erabakiko dutelako azken batean. Eta, hain zuzen ere horregatik, iritzi dio «akatsa» dela koalizio subiranistak etxebizitza arloan ituna egitea baztertu izana.
Gobernu bazkideak egindako eskariari ere erantzun dio Pradalesek, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak aurrekontu handiagoak eskatu baitzizkion. Bada, lehendakariak aurreratu du «ziurrenik» 2026ko aurrekontuak inoizko handienak izango direla, eta zehaztu du diru sailei dagokienez ez dela aldaketa handirik egongo; ez lehentasunetan, ez kopuruetan. Halaber, esan du oposizioarekin negoziatzen saiatuko direla, jeltzaleek eta sozialistek Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoa izan arren.
Mezuak Sanchezi
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari ere mintzatu zaio Pradales, eta gogorarazi dio etxeko lanak dituela egiteko. Batetik, berriro eskatu dio bete dezala eskumenen transferentzien egutegia, eta gogorarazi dio ez dagoela aitzakiarik Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren eskumena edota portuena eta aireportuena Jaurlaritzaren esku uzteko. «Ez jolastu kontu honekin», ohartarazi dio.
Bestalde, oroitarazi dio uztaileko bitariko bileran konpromisoa hartu zuela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako argindar sarearen gaitasuna handitzeko. Jaurlaritzak Madrili eskatu zion gaitasuna %50 handitzeko, gaur egun banaketa sarea gain eginda dagoelako. Pradalesen arabera, udan erantzun bat emango zuela agindu zion Sanchezek, baina ez da oraindik ezer heldu: «Uda irailaren 21ean amaitzen da, eta gaur 10a da jada. Denbora amaitzen ari da». Bada, lehendakariak adierazi dio «zorrotza» izango dela, «7.000 lanpostu arriskuan» daudelako.