Administrazio publikoan euskararen normalizazioa sustatzeko araudien kontrako soka luzean lehengo astean egin zuten azken korapiloa: EAEko Auzitegi Nagusiak jakinarazi zuen ezeztatu egin duela Jaurlaritzak euskara administrazio publikoan arautzeko 2024an aurkeztu zuen dekretua. Voxen helegite bat aintzakotzat hartuta eman zuen ebazpena auzitegiak. Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak, epai haren berri izan orduko, premiaz antolatutako prentsaurreko batean adierazi zuen epaia ez zela irmoa, eta 30 egun zituztela helegitea aurkezteko. Epaia «ondo» eta lasaitasunez berrikusiko zutela esan zuen, eta ikusiko zutela ea nahikoa oinarri badagoen helegite bat aurkezteko edo ez. Bada, erabaki dute: Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek gaur Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan esan du Espainiako Auzitegi Gorenera joko dutela helegitea jartzera, dekretuaren defentsan.
Voxeko legebiltzarkide Amaia Martinezek auziari buruzko galdera egin dio Pradalesi, eta hari emandako erantzunean eman du helegitea jartzeko asmoaren berri Jaurlaritzako buruzagiak. Hitzartzean esan du, halaber, euskararen normalizazioaren aldeko urratsetan «zorrotz eta errespetuz» jokatu dutela beti eta «konplexurik gabe» segi nahi dutela bide horretan.
Era berean, Pradalesek aurre egin die Voxen salaketei. Martinezek gogora ekarri dio dekretua ezeztatzeko motiboa zein izan zen: epaiaren arabera, dekretuaren gaineko txosten ekonomikoa «eskasa» da, eta horregatik bota behar da atzera. Martinezek erantsi du, gainera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako azterketa tekniko batek eman zuela txosten ekonomikoaren gabezien berri, baina horren aurrean «axolagabe» jokatu zuela Jaurlaritzak. Pradalesek ukatu egin du hori, ordea. «Txosten hori kontuan hartu zen espedientea izapidetzean, aztertu eta baloratu egin zen, gainerako txosten eta irizpide teknikoekin batera; beraz, kontrol guztiak bete ziren», argudiatu du.
Dekretua herritarren «hizkuntza eskubideak bermatzeko helburuarekin» egin zutela gogoratu du Pradalesek, eta haren alde egiten jarraituko dutela. Eta aurre egin dio Voxi: «Beti esaten du ez dagoela euskararen kontra», azaldu du. Bultzatzen dituen ekinbideen bidez, ordea, normalizazioaren aldeko neurriak «mugatzen eta auzitan jartzen» jarduten duela esan du.
Aldaketa fasean
Dekretuaren kontrako epaiaren gaineko balorazioa egiteko agerraldian Ibone Bengoetxeak gogora ekarri zuen ezeztatutako dekretua moldatzeko lanetan ari direla. Izan ere, aurtengo ekainean lege aldaketa bat onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta EH Bilduren akordio bati esker, euskararen normalizazioari berme juridiko gehiago emateko, eta hori aintzat hartzeko egokitzapenak egiten ari dira orain. Aurreko ikasturtean, hain justu ere, Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko bi proposamen egon ziren Eusko Legebiltzarrean; EH Bilduk eta EAJk aurkeztu zituzten euskararen normalizazioaren kontra metatzen ari diren epaiekin arduratuta, horiei aurre egiteko egitura juridiko sendoago bat antolatzeko asmoz.
Horren gaineko zehaztapena egin zuen Jaurlaritzak epaiaren lehen balorazioa egin zuenean, eta lasaitasun mezua ere eman nahi izan zuen. Asmo horrekin, Bengoetxeak zehaztu zuen, baita ere, epaia soilik prozedura gaietan oinarritzen dela: «Epaiak ez du auzitan jartzen administrazio publikoan euskararen normalizazioaren helburua». Baina kezka handia sortu du ebazpenak: kontra daudela adierazteko mezu ugari ozendu dituzte talde politikoek eta sindikatuek, arduratuta. Euskalgintzaren Kontseiluak ere irmo erantzun du: «Oldarraldi judizialak koska bat gora egin du».
Hain justu ere, Kontseiluaren irudiko, erabakia «oso larria» da. «Jauzi kualitatiboa gertatu da: lehen aldiz epaitegi batek euskararen erabileraren gaineko arau oso bat baliogabetu du». Nabarmendu dute «sektore publiko osoko hizkuntza politikari», 140.000 langileri, eta, ondorioz, herritar guztien hizkuntza eskubideei eragingo diela. «Horregatik, ezinbestekoa da, oldarraldiari aurre egiteaz gain, euskararen normalizazioari eta hizkuntza eskubideei benetako bermea eskainiko dien arkitektura juridiko berria eraikitzea», gogora ekarri du.
Egungo egoera soziolinguistikoak ekarri dituen egoera «errealak» aintzat hartu nahi izan zituen Eusko Jaurlaritzak dekretu honen bidez: hori izan zen araudi berria egiteko helburuetako bat. Aukera ireki zuen, adibidez, hautaketa prozesua euskaraz eginda euskarazko egiaztagiria lortzeko. Hizkuntza eskakizunak «malgutzea» ere badu helburu.