Memoria historikoa

Urkulluk errespetua eskatu du «biktima guztientzat», baita Txiki eta Otaegirentzat ere

Lehendakari ohiak eskatu du biktimak ez «instrumentalizatzeko» eta «ez erabiltzeko enfrentamendu politikorako». Jaurlaritzak haren agintaldian aitortu zituen biktima gisa ETAko bi kideak.

Urkullu eta Ibarretxe Gasteizen, ekainean. L. RICO / EFE
Urkullu eta Ibarretxe Gasteizen, ekainean. L. RICO / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko abuztuaren 18a
09:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iñigo Urkullu lehendakariak esku hartu du Txiki eta Otaegiren aferan. Azken egunetan zeresana eman du gaiak, eta Urkulluk, Europa Press berri agentziari egindako adierazpenetan, «errespetua» eskatu du biktima guztientzat, baita duela 75 urte diktadura frankistak fusilatu zituen azken bientzat ere. Biktimak ez «instrumentalizatzeko» galdegin du, eta haiek «enfrentamendu politikorako ez erabiltzeko».

Lehendakariak esan du «oso gai delikatua» dela eta bere agintaldian «ahalik eta sentikortasun handienarekin» tratatu zutela, errespetua erakusteko giza eskubideen urraketen biktima izan direnei, eta aurrerapausoak emateko «Euskadiko elkarbizitza politikoan eta sozialean».

«Gaur egun, oraindik ere, ertz asko ditu kontu horrek, eta ikuspuntu ezberdinetatik egiten diren interpretazioek ahalik eta zorroztasun handiena izan behar dute», adierazi du. Bide batez, Sortuk joan den astean egin bezala, gogorarazi du Txiki eta Otaegi Eusko Jaurlaritzak 2012. urtean ofizialki aitortutako bi biktima direla.

(ID_15230122) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-08-17, Zarautz. Arrauna
Txiki eta Otaegiren omenezko pankarta bat, atzo, Zarauzko estropadetan. ANDONI CANELLADA / FOKU

«Giza eskubideen urraketen biktimak diren heinean, errespetua merezi dute. Errespetuak esan nahi du, besteak beste, duten biktima izaerari eragin diezaioketen edo zalantzan jar dezaketen adierazpenak saihestea», esan du, zeharka erreferentzia eginez Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendariak joan den astean esandakoei, hau da, ETA politiko-militarreko bi kideak ezin direla «askatasunaren eta diktaduraren aurkako borrokalari» gisa hartu.

Honela jarraitu du Urkulluk: «Aldi berean, biktima bakoitzak merezi duen errespetuagatik, haren memoriaren alde bakarreko jabetzeak ez luke bateragarria izan beharko hura instrumentalizatu eta enfrentamendu politikorako erabiltzearekin».

Horregatik guztiagatik, lehendakariak uste du «etengabe hausnartu beharko genukeela guztiok biktima bakoitzarekiko dugun jokabideaz; bakoitzaren aitortzaz, egindako kaltearen injustiziatik; eta gizabanako bakoitzari lagundu beharko lieketen giza eskubideen errespetuarekiko konpromisotik».

Olana eta adierazpenak

Irailaren 27an beteko dira 50 urte diktadura frankistak Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak fusilatu zituenetik. Urteurren horren harira antolatu du Sortuk urteko ekitaldi politiko nagusietako bat, Askatzera lotuak lelopean, Iruñeko Anaitasunan. Alderdi abertzaleak azken asteetan egindako ekintzek ekarri dute gaia aktualitatera, nagusiki, haien omenez Zarautzen (Gipuzkoa) bota zuten olanak. EAJk eta PSE-EEk gidatutako udalak 24 ordu bete aurretik kendu zuen, landa inguru batean zegoela argudiatuta.

Suari are egur gehiago bota zioten Alberto Alonso Gogora-ko zuzendariaren adierazpenek. Esan zuen ETA politiko-militarreko kideek «indarkeria, beldurra eta terrorea» erabili zutela, eta, beraz, ez direla «demokraziaren etorrera aldarrikatzen zuten ehunka eta milaka militanteren zaku berean» sartu behar. EH Bilduk «iraingarritzat» jo zituen hark esandakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.