Zupiriak baieztatu du Aritz Ibarra ikertzen ari direla

Segurtasun sailburuaren esanetan, Ibarraren salaketaren berri izan ostean, Ertzaintzako Barne Arazoetarako Buruzagitzak ez zuen lortu harekin harremanetan jartzea. Gasteizko ertzain etxeak lortu zuen; Ibarra bera ikertzen ari zirela esan zioten.

Aritz Ibarra identifikatu zuten unea, urrian. BERRIA
Aritz Ibarra identifikatu zuten unea, urrian. BERRIA
Iosu Alberdi.
2025eko azaroaren 11
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aritz Ibarrak berak jakinarazi zuen: ertzainek adierazi zioten bera ikertzen ari zirela, Falange Espainolak Gasteizen egindako mobilizazioaren harira izandako protestengatik. Hain zuzen, istilu haietan Ertzaintzak izandako «jarrera bortitz eta arduragabea» salatzeko elkarretaratze jendetsuaren ostean eman zioten berria. Gaur, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak baieztatu egin du, EH Bilduren galderei erantzunez: «Urriaren 12an izandako gertakariekin lotutako hainbat delituren ustezko egiletza dela-eta ikertua zela jakinarazi zioten». Ez du, baina, xehetasun askorik eman nahi izan, ikerketa zabalik dagoela esateaz harago.

Aritz Ibarrari ahoa birrindu eta masailezurra hautsi zion Ertzaintzak gertutik botatako foam pilotakada batek, eta ebakuntza egin behar izan zioten. Horrez gain, Ertzaintzaren jardunbidea salatzeko egindako mobilizazioan, jakinarazi zuten 30 lagunek osasun arreta jaso behar izan zutela: hainbat hezur hausturaren eta begietako traumatismo larri baten berri eman zuten, besteak beste. Horren harira, Gorka Ortiz de Guinea legebiltzarkideak Zupiriari galdetu dio ea badakien zenbait lagun ospitaleratu behar izan zituzten egun hartan. Erantzuna ezezkoa da: «Ikerketa zabalik dago».

Ibarraren kasuan zentratuta, berriz, Zupiriak adierazi du Ertzaintzako Barne Arazoetarako Buruzagitzak komunikabideen bidez izan zuela haren berri, eta orduan zaurituarekin harremanetan jartzen saiatu zela, telefonoz. Ez zen, baina, buruzagitza hura izan azkenean Ibarrarekin hitz egin zuena, Gasteizko ertzain etxea baizik. Sailburuak azaldu duenez, haiek ere telefonoz deitu zuten lehenik, eta haren etxera joan ziren gero, baina «ez zuten lortu harekin harremanetan jartzea». Eta lortu zutenean, hura ikertzen ari zirela esateko izan zen.

Urriaren 12ko istiluen harira, hemeretzi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak, denak ere manifestari antifaxistak, eta horiei liskar nahaspilatsua, desordena publikoak eta agintearen aurkako atentatua egozten dizkiete. Era berean, Zupiriak adierazi zuen espediente bat ireki dutela Falangearen elkarretaratzearen antolatzaileen kontra, Herritarren Segurtasunerako Legea ez betetzeagatik, eta azaldu zuen gehiago ere ireki ditzaketela.

Horrez gain, Ertzaintzako Barne Arazoetarako Buruzagitzak ere martxan du ikerketa bat, «aipaturiko gertakariak eta 2025eko urriaren 12ko polizia jardueraren testuinguruan gertatutako beste edozein gertakari aztertzeko». Erantzunean zehazten duenez, «diziplina eta zigor arloko edozein erantzukizun» ebatz daiteke horietan. Ikerketa horretan, ertzainen bodycam-etako grabazioak aztertzen ari dira. Zupiriak adierazi duenez, «une desberdinetan» egindako grabazioak dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.