EH Bilduk eskatuta, Bingen Zupiriak azalpenak eman ditu Eusko Legebiltzarrean Ertzaintzaren Arkautiko akademian izandako dimisioen inguruan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak ez du xehetasun askorik eman nahi izan, baina iradoki du Miren Dobaran Arkautiko zuzendari nagusi ohia berak kargugabetu zuela, akademiak aldaketak behar dituela argudiatuta: «Uda aurretxoan Mirenek eta biok izandako zenbait elkarrizketaren ondoren, gure lankidetza amaitutzat ematea erabaki nuen».
Zupiriak erantsi du Dobaranen esku utzi zuela kargugabetzeari buruzko azalpenak ematea, eta «hitzeman» ziola berak ez ziola «hitz bat kenduko edo erantsiko» hark adierazitakoari. Hala egin du gaur ere: Dobaranek eta Amaia Angulok kargua utziko zutela iragartzeko idatzitako gutunera mugatu da sailburua, eta adierazi du ontzat jotzen dituela bertan esandakoak. Eskerrak eman dizkie urtebetean egindako lanagatik, halaber.
EH Bilduk, ordea, zalantzan jarri du Zupiriaren bertsioa. Gorka Ortiz de Ginea legebiltzarkideak sailburuari erantzun dio argitu dezala erabakia nork hartu zuen, dimisioa eta kargugabetzea ez direlako gauza bera. Izan ere, Ortiz de Ginearen hitzetan, karguan izandako «bat-bateko» aldaketak erakusten du «presioen ondoriozko kargu uzteak» izan zirela, bi arduradunek sustatu nahi izan zituzten politika «eraldatzaileengatik», Jaurlaritzak dimisio gisa «mozorrotu» badu ere.
«Uda aurretxoan Mirenek [Dobaran] eta biok izandako zenbait elkarrizketaren ondoren, gure lankidetza amaitutzat ematea erabaki nuen»
BINGEN ZUPIRIA Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua
Izan ere, Dobaranek eta Angulok ere gutunean ez zuten aipatu dimisioaren ingurukorik; «urrats bat alde batera egin eta lekukoa pasatzea» zegokiela esan zuten soilik. Are gehiago, Ortiz de Gineak gogorarazi dio Zupiriari legebiltzarkideek Arkautira egin zuten bisitan «oso gustura» eta «gogotsu» ikusi zutela Dobaran kargua hartu berritan, eta jarrera hura ez datorrela bat oharreko azalpenekin.
Zupiriak ez du horretan sakondu nahi izan, ordea, eta adierazi du alderdiek eta hedabideek beren interpretazioa egin dutela gertatu denaren inguruan: «Errespetatzen dut». Ortiz de Gineak ere ez dio berriz galdetu nahi izan, erantzun zehatzik jasoko ez zuela iritzita. Edonola ere, sailburuari ohartarazi dio kargu aldaketak agerian uzten duela Arkautin «arazo larri bat» dagoela eta akademiako zuzendaritzako erreleboa «barne gatazka» baten ondorio izan dela. Beraz, arazoa ukatzeari uztea galdegin dio.
Babesa Goikoleari
Zupiriak ez du azalpen gehiago eman; aitzitik, Jon Goikolea Arkautiko akademiako zuzendari nagusi berriaren izendapena defendatu du: «Segurtasun Sailean pertsona ezaguna da, eta esperientzia handia du arlo horretan». Eta gogoratu du Goikolea bere garaian Herrizaingo Saileko kide izan zela, eta orduko esperientziak «balio handia» duela ardura berriei heltzeko orduan.
Izan ere, sailburuak adierazi du «delinkuentzia moduak aldatzen» ari direla eta, beraz, Ertzaintzaren akademiak ere errealitate horretara egokitu behar duela, baita hura zuzentzeaz arduratzen direnek ere. «Akademiak aldaketak beharko ditu, bizi dugun testuingurura egokitu beharra daukalako; eta uste dut horretarako gaitasuna eduki behar duela, egin behar duen betekizuna behar bezala betetzeko».
Bide horretan, Zupiriak adierazi du Ertzaintzaren akademia zuzentzeko behar den ezaugarri nagusia ez dela «polizia izatea, ezta polizia teknikak ezagutzea ere», baizik eta «profesionalez osatutako talde bat zuzentzeko gaitasuna» izatea. Izan ere, PPk aurreratu du Arkautiko zuzendaria Ertzaintzaren goi mailako agintaria izatea proposatuko duela.
Prozesu «exijentea»
EAJk kezka agertu du Ertzaintzaren aurka zabaltzen ari diren mezuengatik. Jon Andoni Atutxak ziurtatu du, hala ere, Arkautiko zuzendari berriak jarraipena emango diola Dobaranek abiarazitako bideari, hark proposatutako «aldaketak» indarrean jarri eta ertzain eta udaltzainei «prestakuntza modernoa» eskaintzeko.
Horri lotuta, prestakuntza prozesuak «exijentea» izan behar duela defendatu du Zupiriak, Dobaran zuzendari zela egin zen azken oposizioa hizpide hartuta. Izan ere, lan eskaintza publiko hartan, aurkeztutakoen %90ek ez zuten proba gainditu, lanpostu asko bete gabe geratu ziren, eta zenbait sindikatuk «aldaketak» eskatu zituzten. Sailburuak gogorarazi du ertzain bilakatzeko prozesu guztia burutu beharra dagoela, hau da, hiru faseak gainditu behar direla: hautaketa, Arkautiko prestakuntza eta urtebeteko praktika aldia.
Horiek horrela, kritikatu egin du prozesu hori zalantzan jartzea, gogora ekarrita justiziak eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak behin baino gehiagotan babestu dutela: «Kritikatu daiteke gobernu honen kudeaketa, baita Segurtasun Sailarena eta akademiako arduradun politikoena ere, baina uste dut ez dela bidezkoa zalantzan jartzea lau hamarkadatan euskal Poliziako agenteak prestatu dituzten profesionalen lana».