Azpijoko polizialik ez, Malen eta Aratz askatu zioten kartelak eskuan zituztela, dozenaka pertsona batu ditu Aske antolakundeak Gasteizko katedral zaharraren ondoko plazan, salatzeko larunbatean terrorismo karguak egotzita Irunen atxilotu zituzten bi lagunen aurkako kasua «Poliziaren jukutria bat» dela. Epaileak Jardun koordinakundeko kidetzat jo ditu bi atxilotuak, eta, hain zuzen ere, Jardunen barruko taldea da Aske. Jardunek, ordea, adierazi du atxilotuek ez dutela «inolako loturarik koordinakundearekin». Bi gazteak «lehenbailehen» libre uzteko eskatu du Askek, eta haien aurka «inolako baliorik gabeko frogak» erabili izana salatu.
Atzo kaleratutako autoan, Auzitegi Nazionaleko epaile Angel Piñak «talde edo erakunde terroristekin» lotutako delituak egotzi dizkie Malen Gruingi eta Aratz Bilbaori: «bake publikoaren aurkako atentatua» eta «armak eta lehergaiak fabrikatzea eta edukitzea». Delitu horiek leporatuta, behin-behinean kartzelara bidali zituen epaileak atzo. Askeren arabera, epaileak «inolako baliorik gabeko frogak» erabili ditu delitu horiek leporatzeko. «Su itzalgailuak pinturaz nola bete soilik erakusten duen bideo bat hartu dute akusazio horien frogatzat», adierazi dute.
Askeren ustez, beraz, Espainiako hedabideek «kriminalizazio kanpaina» bat abiatu dute atxiloturiko bi lagunen kontra, baina baita Jardun koordinakundearen aurka ere. Horrek «epailearen erabakia baldintzatu du zeharo», Askeren ustez, «presio mediatikoaren» eraginez epaileak «saioa hasi aurretik» erabakia baitzuen atxilotuak kartzelara bidaltzea. «Abokatuek diotenez, akusatuei ez diete defentsarako inolako aukerarik eman», gehitu dute.
«Ohartarazpen» bat ere egin nahi izan du Askek: «Horrelako frogak erabilita terrorismoa leporatu badiezagukete, horrek esan nahi du Euskal Herrian antolatuta dagoen edozein pertsonari egotzi diezaioketela terrorismoa. Terrorismoaren mamu horren aitzakian, bi pertsona horiekin egin bezala, militantzia politikoan baliatutako borroka moldea edozein dela era, arriskua dago terrorismo delitua egotzita atxilotua eta behin-behinean espetxeratua izateko». Kriminalizazio kanpaina horren aurka elkartasuna adieraztera eta atxilotuak askatu ditzatela eskatzera deitu ditu Askek Euskal Herriko eta nazioarteko «eragile politikoak eta norbanakoak».
Izan ere, bi kideen aurkako argudio gisa ageri da Jardun koordinakundeko kide izatea, erakundeak hori ukatu zuen arren. Epaileak talde horren barnekotzat jo ditu hala Jarki, «borroka ideologiko iraultzailea, independentista eta sozialista sustatzen duen taldea», nola Gasteizko agerraldia antolatu duen Aske bera ere; Aske, taldearen beraren arabera, «errepresioaren aurkako eta amnistiaren aldeko antolakunde independentista eta sozialista» da.
Material «delikatua»
Ertzaintzak berak zabaldutako bertsioaren arabera, irailaren 26an Eskoriatzan (Gipuzkoa) egindako kontrol batean gelditu zituzten bi atxilotuak, haiekin autoan zihoan «irlandar jatorriko» pertsona batekin batera. Askeren arabera, egun hartan, «denbora luzez bai autoa, bai autoan zihoazenak miatu ondoren, zeramaten guztia kendu eta aske utzi zituzten». Ertzaintzaren arabera, orduko hartan ez zituzten atxilotu «ez zirelako deliturik egiten ari». Nolanahi ere, urriaren 17an Grunig eta Bilbao Irungo ertzain etxera joan ziren abokatuarekin, eta orduan atxilotu zituzten. Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku geratu ziren ondoren, epaitegi hori arduratzen baita terrorismo delitu deritzen horietaz.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, atxilotuei «material oso delikatua» atzeman zien Ertzaintzak. Atzoko saioan aipatu zituen epaileak material horietako batzuk: ebazpenean azaldu zuen atxilotuen motxilan «gailu zifratuak» aurkitu zituela Ertzaintzak. Akusatuen sakelakoei egiten die erreferentzia horrek. Ertzainen arabera, «indarkeria ekintzak egiteko entrenamenduen argazkiak» daude horietan, baita «ETAren banderak» ere. Halaber, Espainiako Poliziaren agente baten telefono zenbakia zegoen tartean, baita «zenbait ibilgailuren argazkiak eta matrikulak» ere. Horrez gain, epaileak ziurtatu du «ustezko zulo batekin lotutako informazioaren ebidentzia susmagarriak» atzeman dituela Poliziak.
Atxilotuen abokatuak, Aratz Estonbak, akusazioak ukatu zituen, eta frogak ezbaian jarri, Askek gaur egin bezala. Estonbaren arabera, fiskaltzak «muzin egin zien» akusatuen azalpenei, eta «larriagoa» dena, epaileak berak ere ez zien kasurik egin Estonbak akusatuen defentsan esandakoei. «Oso larria da, berdin du-eta zer esan dudan. Ez dizkio bi minutu ere eskaini bakoitzak argudiatutakoari. Gutxienez denbora pittin bat har dezala aztertzeko ea nik esandakoak zalantzan jartzen duen fiskalaren hipotesia eta ea nire hipotesia errealagoa den», adierazi zuen epaiketaren ondoren Estonbak. Hark azaldu duenez, atxilotuek zenbait bilkura egin zituzten «hainbat infiltrazio egon zitezkeela susmatuta», eta «jarraipen polizialak agerian uzteko eta hainbat informazio kontrastatzeko» xedez zuten polizien gaineko informazioa.