Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneko kideak

Eskola-segregazioaren aurka, Eskola Publikoa lehenetsi

Arantza Fernandez de Garaialde eta Jose Manuel Martinez
2025eko urriaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak «eskola inklusibo, ekitatibo eta kalitatezkoaren aldeko mahai» berria osatu duten gizarte-eragileei Euskadiko eskola-segregazioaren hasierako diagnostikoa eta erantzuna izeneko txostena banatu die, eztabaidatu eta adostasunak lortzeko. Debateak, beraz, bere joko-eremua mugatua du, eta kartak markatuta daudela uste dugu.

Hasteko, mahaiaren osaera desorekatua da, itunpeko irakaskuntzako patronal guztien presentziarekin eta irakaskuntza publikoko gutxieneko ordezkaritza batekin; gainera, irakaskuntza publikoko gehiengo sindikala osatzen duten bi sindikatuk parte ez hartzea erabaki dute. Hezkuntza Legea sortzeko prozesuan bezala, partaidetza partziala osatu da, prozesuaren bukaeran, akordio historiko berri baten aurrean gaudela esateko, baina akordio hori aurretik diseinatuta dago, eta ez dago benetako adostasun sozialik.

Txostenaren hasieran dagoen diagnostikoan aipatzen da bi hezkuntza-sare egotea (publikoa eta pribatu itundua) eskola-segregazioaren bost arrazoien artean dagoela. Gure ustez, irakaskuntza pribatu-itunduaren existentzia bera da ikasleen banaketa desorekatua sustatzen duena, eskola-eskaintza banatzen duelako ikasleak hautatzeko praktikarekin. Azterketa eta datu guztiek eskola-segregazioa itunpeko irakaskuntzaren presentzia handiagoarekin edo txikiagoarekin lotzen dutenean, faktore hori beste atal bat bezala aipatzeak, eta ez segregazioaren iturri nagusi bezala, diagnostikoa partzial eta osatugabe bihurtzen du. Arrazoien artean sistemaren dualtasun publiko-pribatua onartzen da, baina gero ez da kontuan hartzen neurri zuzentzaileak proposatzerakoan.

Txostenaren erdiak baino gehiagok berretsi egiten ditu Sailak segregazioaren aurka orain arte hartutako neurriak: indizeak sortzea, eskola-mapa, matrikulazio-prozesua... Baina horien emaitzak hutsalak izan dira. Zertarako balio izan dute «2019-2022 eskola inklusiboa garatzeko esparru-planak» edo hiru urte hauetan ikasle zaurgarrien «banaketa» lotsagarriak? Disimilitude-indizea (birbanatu beharko litzatekeen ikasleen ehunekoa), 0,47tik 0,42ra pasatzeko: hau da, oraindik ikasleen %42 (ia erdiak!) birkokatu beharko litzateke segregaziorik ezaren egoerara iristeko. Txostenaren egileei datu positiboa iruditzen zaie. Ez gatoz bat haien balorazioarekin. Ez dugu ulertzen, ikastetxe guztien artean ikasleen eskolatze orekatua lortzeko, neurriak sektorerik ahulenean jartzea, ikastetxea aukeratzeko aukera ukatuz (haiei bakarrik), eta, plaza publiko bat bermatu beharrean, ikastetxe pribatuetara bidaliz, batzuetan gure hizkuntzaren ezagutza bermatzen ez zaielarik.

Txostenak proposatzen dituen Ikasleen segregazioari erantzuteko erronkak eta proposamenak kontinuistatzat eta konpentsaziozkotzat baino ezin ditugu jo: ikasle zaurgarrien banaketari eustea, ikastetxe espezifikoetarako laguntzak, familiekiko esku-hartzeak, irakasleen prestakuntza, eskola-arrakasta sustatzea, bekak... Lehendik dauden neurrien bilduma bat da, baita tokiz kanpoko behaketa psikopedagogiko batzuk ere. Ezinezkoa da emaitzak lortzea segregazioaren sintomen aurka bakarrik jarduten bada eta horren kausari heltzen ez bazaio. Eskola-segregazioa arazo estrukturala da, eta sistema osoari eragiten dioten neurri estrukturalak behar dira, egiturazkoak, euskal hezkuntza-sistemaren bikoiztasun publiko-pribatua baita segregazioaren ardatz nagusia.

Bestalde, txosten osoan ez dago euskarak, integrazio-faktore gisa, eskola inklusibo berri horretan izan beharko lukeen zereginari buruzko aipamenik. Gero eta eleaniztunagoa den gure errealitatean, gure ustez, elkarbizitzarako zubia eta komunikazio-tresna nagusia izan beharko luke euskarak.

Eskola-segregazioari aurre egiteko, txostenak eta araudi berria sortu baino gehiago, benetako borondate politikoa beharko litzateke neurri eraginkorrak abian jartzeko. Familia gehienak eskola inklusibo, plural eta euskaldun bakarrera, eskola publikora, zuzenduko dituzten politikak, alegia

Laburbilduz, «eskola inklusibo, ekitatibo eta kalitatezkoaren aldeko mahai» berriaren osaketa desorekatua da, aurkeztutako diagnostikoa okerra, datuak triunfalistak eta proposatzen diren neurriak asistentzialistak. Gure ustez, parte-hartze sozialaren beste ariketa bat izango da, eta gomendio orokorren zerrenda batekin amaituko da. Gomendio horiek ez dituzte zalantzan jarriko betiko politikak, segregazio egoera gogor honetara eraman gaituztenak; gure hezkuntza-sistema osoak eragiten duen diskriminazio-arrakala izugarri honetara eraman gaituztenak, hain zuzen.

Izan ere, eskola-segregazioaren arazoa ez da konponduko irakaskuntza-sistema dualari aurre egiten ez bazaio eta politika pribatizatzaileak alde batera uzten ez badira (2021etik 2024ra bitartean, jaiotza-tasa jaisten ari den honetan, sare pribatu-itunduari bideratutako dirua %17,5 handitu da, 124 milioi euro inguru).

Eskola-segregazioari aurre egiteko, txostenak eta araudi berria sortu baino gehiago, benetako borondate politikoa beharko litzateke neurri eraginkorrak abian jartzeko, hala nola plazak planifikatzeko eta esleitzeko prozesuetan sare publikoa lehenestea, giza baliabideen eta baliabide materialen hornidura handitzea bertan guztiontzako bikaintasuna eta euskalduntzea bermatzeko, ikas-postuen sare pribatuaren gaineskaintza eta kontzertazioa pixkanaka murriztea, eta hala nahi duten ikastetxeentzat publifikazio-bideak irekitzea. Familia gehienak eskola inklusibo, plural eta euskaldun bakarrera, eskola publikora, zuzenduko dituzten politikak, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.