Torturen aurkezpen ukaezina

2018ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Jakin-min handia sortu du Jaurlaritzaren mandatuz Pako Etxeberriak gidaturiko IVAC-KREI Kriminologiaren Euskal Institutuak torturei buruz aurkeztu duen txostenak. Bere edukiaren sendotasunak ez digu hutsik egin; erasoak ere horregatik jaso ditu. Normala da Madrilgo gobernuko ordezkariak eta PPk zuzenean gaitzestea. Goragalea sortzen die diktaduran eta trantsizioan tortura izan denik aitortzeak. ETAren biktimatik harago ez dute ikusten; gainerakoak gezurrak dira. Beraz, ez daude, ezin zaie espero.

Arraroagoa da PSE-EEk emaniko erantzun zakarra, esanaz txostenak «errelatoa desitxuratu» eta «gatazka politikoa» deiturikoa harrotzen duela. Ezin ulertu daiteke jarrera hori EAJren gobernukide izanik, poliziaren abusuen biktimak onartuak izan dituen alderdi batengatik. EAJren bozeramaileak zuritu nahi izan du afera, bikotearen diferentzia arruntak direla esanez. Aldamenetik, PP txaloka ari zaie belarriekin.

Ertzaintzaren ErNE sindikatua, 303 tortura kasutan inkulpatuta, zeharo aurka atera zaio. Asko kosta zitzaien segurtasun neurriak ertzaindegietan ezartzen. Hor dute txostenak agintzen dien betebeharrekoa.

Ikerketaren lehen xedea torturatuen errolda ahalik objektiboena eskuratzea zen. Asmatu dute banakako kasuistika saihestuaz, nahiz eta ondo etorri zenbait aitortza labur beren aldartea ezagutzeko. Denera, 4.113 lagun bildu dituzte tortura edo tratu txarrak salatu dituztenak. Ez da nabari kopurua puzteko interes txikienik. Alderantziz dela esango nuke. Salatzaile horietatik, 2.289k berretsi ei dute. Hauetatik, 1.022 izan dira audioz eta bideoz grabatuak. Aukeratze prozesua areagotuz, 202 laguneko lagina edo mostra aukeratu dute, Istanbuleko Protokoloen arabera, profesional anitzek zehaztasun saiatuenaz ikertzeko. Berauek osatzen dute ikerketaren adierazpenen karga nuklearra. Nahiko lagin adierazgarria deritzot, hauteskunde inkestetan ohi dena baino gehiago. Horri, erantsi dira 30 kasu enblematiko, zehaztasun handiz deskribatuak, torturaren aurpegi latzena erakutsiz. Frogen trinkotasunak eta bat datozen testigantzen sinesgarritasunak estrapolazioak egitea baimentzen digu, garbi utziaz ia zortzi hamarkadatan torturak Euskal Herriko gizarteaz bat egin zuela.

Txostenak aitortzen du 1968-1978 arteko torturen zerrenda, soilik 1.081, estimazioen azpitik daudela. Areago oraindik, 23 urte luze murrizten badiote aroari. Zergatik mantentzendute 1960. urtea abiapuntutzat, hain data arbitrario eta gezurtia? Hau ez diogu leporatu nahi talde ikertzaileari, baizik inposatu dion gobernuari. Halere, autoreek ezin isildu izan dute Txomin Letamendiaren hilketa, nahiz eta 1950ean gertatu, torturen ondorioz.

Ekarpen baliotsua izango zuen erroldarako atxiloketa masiboen azterketak, torturen aurreko gela izan baitira beti. Lortzen hain zailak ez diren TOP eta Sumarisimoetako epaien begi-kolpea nahikoa zen. Errolda objektiboagora hurbilduko gintuen. Arrazoi honetaz gain, azpimarratu nahi dut nahiz eta sarritan torturatuari kartzela atsedengarri gertatu, kartzela ere ezinbesteko tortura dela, pertsonalitatearen bortxaketa zuzena.

Barka egidazue errepikatzea, baina murrizketek kalte egiten diete txostenari, Ahanzturatik Ateratzen Dokumentua kaltetu zuen bezala, 107/2012 Dekretuaren lehen ondorioa, 2017ko ekainean argitaratua. Herriko memoriari kolpea eta diktaduraren lehen 20 urteak non sortu zen ETA lapurtzeak ondorioak dakartza. Hor ikusten ditugu politikari batzuk platoetatik eta legebiltzarrean harro asko eta oldarkor eraso egiten beren iraganaren isiltasunaz baliatuz.

Hala eta guztiz ere, aitortu behar dut torturen probarako informearen ekarpena behin betikoa eta ukaezina dela. Erreskatatu eta egiaz azalduriko kasuen kopuruak garbi uzten du euskal gizartean torturak izan duen presentzia, jatorriko landare moduan azken 80 urteetan, ez soilik 57etan.

Epaietako azken hitza baino onartzen ez dutenei, torturatzaileen eskutan hildako Joxe Arregirena edo Unai Romanorena gogoraraziko nieke. Euren argazkiak ez al dira nahiko proba? Epaileentzat ez, noski. Egunkaria-ren kasua ere enblematikoa. Jarritako salaketak, mespretxatuak. Martxelo Otamendik TEDHra jo zuen, eta salaketak ez ikertzeagatik Espainia zigortua izatea lortu. Hainbat erabaki dakartza informeak nazioarteko epaitegienak, NBErenak... zeintzuek behin eta berriro gaitzesten duten Espainiako Justiziaren jarrera ezkorra. Espainiako Auzitegi Gorenak hogei kondena baino ez ditu eman 1979-1980 urteen artean, beti hutsean edo bete ez diren zigor txikietan amaituak. Alderantziz, Europako Giza Eskubideen Epaitegiak, 2002-2011 artean, zazpi kondena zuzendu dizkio Espainiako Justiziari, tortura babestu eta ez ikertzeagatik.

Informeak badakar kasu gertatu berri bat ere. Sandra Barrenetxeak, 2010ean atxilotuak, tortura eta sexu bortxaketa salatzen ditu guardia zibilen eskuetan. Handik zazpi urtera, 2017an, Bilboko Epaitegiak absolbitu egiten ditu lau guardia zibil inputatuak, proba ezagatik. «Nola kontatuko nizkion auzi medikuari bortxaketaren zehaztasunak, ez bazen gai izan analgesiko bat eskaintzeko?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.