Ongizate estatuak hiritarron bizitza kalitatea hobetzeko zerbitzu publikoak sustatzen ditu (osasuna, hezkuntza, zerbitzu sozialak…). Ongizate estatuaren egoera neurtzeko dauden adierazleen artean honako hauek aurki ditzakegu: gastu soziala, zerbitzu publikoen ahultasuna-indarra eta sektore publikoek pribatu-itunpekoarekin izan duten eboluzioa. Adibidez, osasungintzan mutuak eta aseguru pribatuak kontratatu dituzten pertsonek azken urteetan izan duten igoera, publiko-pribatua kolaborazioa deiturikoari esker (sindikatuek hori kritikatzeko kanpaina bat abiatu berri dute). EAEn jatorri pribatua duen gastua %50 igo da 2003tik 2022ra bitartean. Sistema dualak, pribatizazio endogeno edo ezkutuko pribatizazioek efektu kaltegarriak dakartzate osasungintzan ere.
Hezkuntzan, ongizate estatuaren beste zutabeari begira, EAEko sare publikoaren portzentajea %51ra heldu da, eta funts publikorekin finantzatutako titulartasun pribatukoak diren ikastetxe itunpeko-pribatuak, %49ra (ikastolak eta kristau eskolak gehienbat). Estatuko zein Europako egoerarekin alderatuz gero, EAEn hezkuntza pribatu-itunpekoaren ehuneko handienetarikoa dugu. Zein da joera? Oraingo egoerari eustea ala oraindik gehiago murriztea eskaintza publikoa?
EAEko sareen arteko portzentajeari soilik begiratzea eskandalagarria dela deritzot. Txarrena da egoera hau ez dela azken urteetakoa, baizik eta urte asko daramagula horrela; ia 80ko hamarkadatik. Beraz, egoera kronifikatu egin da, eta horregatik, harritu egiten nau indar politiko aurrerakoi batzuek eskuak burura ez eramateak edo beste alde batera begiratzeak, beste zerbitzu publikoen eta hezkuntzaren datuei erreparatuz.
Jaiotza tasa txikiagotzeak, eta ondorioz, ume kopuruaren jaitsierak, hainbat ikastetxe ixtera eramango ditu. Arazo horrek ere hainbat aukera zabalduko ditu, haien artean hezkuntza publikoa indartzeko aukera eta esandako portzentaje eskandalagarria orekatzeko, urtez urte eskaintza publikoa handitu liteke, itunpeko ikastetxeetako irakasleen eskubideak bermatuz. Zailtasunak eta arazoak izango dira (egoitzen titulartasuna…), baina prozesu eraldatzailea abiatzea ezinbestekoa da. Eta eraldaketa horretan erradikalak izan behar dugu (ez batzuk garai batean erabiltzen zuten muturrekoak esanahiarekin), gure analisiak arazoaren sustraietan, muinetan, oinarritu behar ditugu. Erradikalak izan behar dugu, arazoa egiturazkoa baita, ez da nahikoa ikasleria zaurgarria modu orekatuan banatzea, premiazkoa izan arren.
Askotan esaten da Hezkuntza Sistemaren helburu nagusi bat gizarte kohesioa lortzea dela. Beraz, sare duala (itunpekoa-pribatua) bultzatzeak ez dauka inongo zentzurik, efektu zuzena gizarte hori bitan edo hirutan zatikatzea delako (maila sozioekonomikoaren eta ideologia-erlijioen arabera). Euskal Herrian euskalduntze prozesuan ikastolek izan zuten papera txalogarria da, baina modu argian gaur egun EAEn eskola publikoak beharrizan horiei erantzun diezaieke, beraz, epe baten barruan, prozesu ordenatu baten bidez, aldaketa aurrera eraman daiteke.
Horren harira, azkenean hainbat alderdik babestu zuten Hezkuntza Legearen kontzeptu bat nabarmendu nahi nuke: Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa, hain zuzen. Zerbitzu horrek ikastetxe publiko zein pribatuak barne hartzen ditu. Zelan da posible zerbitzu publiko horren barne titulartasun pribatuko ikastetxeak izatea? Zuriari zuri, beltzari beltz; publiko, publikoa da; pribatu, pribatua. Beste gauza bat da egun hainbat gauzatarako ekimen pribatukoekin elkarlanean aritzea, betiere eszenatoki utopiko bat lortu arte: hiritarren beharrizanei erantzuteko sare publikoetako zerbitzuak gehiengoa izatea.
Ahal den adar guztietan pribatua publiko bihur liteke erakunde ezberdinetatik (Jaurlaritza, diputazio, udaletxe, mankomunitate...): ospitaleetan, eskoletan, jantokietan…, garbitzaileak, psikologoak, osasun mentaleko profesionalak, anbulantzietako langileak (horren adibide da Nafarroan Bidea enpresa publikoa)… Lanpostuen eskaintza aldatu behar da, itunpekoak murriztuz; adostu litekeen erritmoan, baina etengabe.
Hainbat aspektuk analisi konplexuagoa eskatuko dute, baina datozen erronken aurrean gako batzuk aintzat hartzeak ideia inklusiboagoak eta gizarte kohesionatu eta berdinzaleago bat diseinatzen lagunduko dute.