Denboraldiko lehen berri ona Realarentzat: Pellegrino Matarazzo entrenatzaileak kontratua luzatu du, 2028ko ekaina arte, hau da, beste urtebetez. Denboraldiaren balantzea egin zuenean, Erik Bretos futbol zuzendariak Matarazzoren kontratu luzapenaz hitz egin zuen: «Zoriontsu gaude harekin, eta hura ere halaxe dago hemen. Ziur nago etorkizunean ere hemen egongo dela». Zubietako bulegoetan lasai zeuden gai horri dagokionez, bazekiten-eta taldearen eta entrenatzaile estatubatuarraren interesak berdinak zirela: kontratua luzatzea. Gaur akordioaren berri eman du klub txuri-urdinak.
Matarazzok oso kontent dagoela adierazi du: «Oso pozik nago orain arte egindako lanarekin, eta, batez ere, etortzeko dagoen guztiari ilusioz begiratzen diot». Gainera, inguruarekin egin duen harremanaz hitz egin du: «Oso lotura berezia lortu dut Gipuzkoako jendearekin, jokalariekin eta klubeko langileekin. Antzeko balioak ditugu, eta horrek dena errazten du».
Jokin Aperribai presidenteak ere Matarazzorekin oso gustura daudela nabarmendu du: «Rinok bere onena eman zuen hasieratik, eta etorkizuna elkarrekin eraikitzeko itxaropen handia dugu». Bretosek ere hitz egin du: «Oso pozik gaude Rinoren kontratua berritu ahal izan dugulako. Taldeari behar zuen norabidea eman zion». Matarazzo iritsi zenetik taldeak nola funtzionatu duen azpimarratu du: «Oso pozik nago hasieratik denak ondo funtzionatu duelako, eta lanean eta hobetzen jarraitzeko ilusioz gaude. Erronka handiak eta erakargarriak ditugu aurretik».
Matarazzo iazko abenduan iritsi zen taldera, Sergio Franciscoren ordez. Orduan, inor gutxik zekien nor zen. Jokin Aperribai Realeko presidenteak berak kontatu zuen pasadizoa, Ser irrati katean: aitortu zuen adimen artifizialari galdetu behar izan ziola nor zen, eta aplikazioak ez ekartzea gomendatu ziola, baina Aperribai Bretosen irizpideaz fidatu zela.
Alemaniako futbolean trebatutako prestatzaile estatubatuarra azkar egin zen ezagun Donostian: hasiera-hasieratik emaitza onak lortu zituen, eta taldeak beste irudi bat eman zuen. Partida guztietan, lehiakor aritu zen Reala amaiera arte, eta horietako asko azken minutuetan irabazi. Hamaseigarren postuan hartu zuen Reala, eta Europa ligako postuetara igo zuen, baina balentriarik handiena Espainiako Kopan lortu zuen, talde txuri-urdina txapeldun egin baitzuen Sevillan, Atletico Madrili penaltietan irabazita.
Espainiako Kopako txapeldun izatea erdietsi zuen taldeak, baina horraino heldu zen loraldia; azken sei partidetan hiru puntu bakarrik lortu zituen. Ez zuen batere pozik bukatu denboraldia Matarazzok: «Oso dezepzionatuta nago etxean irabazita ez amaitzeagatik denboraldia, ondo bukatu nahi baikenuen sasoia».Â
Nahiz eta amaieran irudi kaskarra eman, balantzea positiboa izan zen. Partida ofizial guztiak kontuan edukita, hamabi irabazi, zortzi berdindu eta sei galdu zituen taldeak Matarazzoren aginduetara. Ligan, zazpi partida irabazi, zortzi berdindu eta sei galdu zituen; eta Espainiako Kopan, berriz, jokatutako bostak irabazi. Kopa irabazita, Europa ligarako sailkapena erdietsi zuen. Beraz, denboraldi honetan lau txapelketetan lehiatzeko aukera izango du: Ligan, Kopan, Superkopan eta Europa ligan.
Emaitzak alde batera utzita, gutxi jokatzen ari ziren jokalari batzuei jokatzeko aukera eman zien: Beñat Turrientesek lekua egin zuen hamaikakoan, eta bi gol erabakigarri sartu zituen Kopan —Osasunaren aurkako final-zortzirenetan eta Athleticen aurkako finalerdietan—; Orri Oskarssonek ligan 830 minutuz jokatu du, eta zortzi gol sartu ditu —jokatutako minutuen eta sartutako golen arteko ratioan, Europako aurrelaririk onenen artean egon da islandiarra—; Alvaro Odriozola berriro ere jokatzen hasi zen, eta, are, hamaikakora itzuli zen estatubatuarrarekin, udako merkatuan Realak atea ireki bazion ere; eta Luka Sucicek protagonismo handiagoa eduki du eta jarrera hobea erakutsi du entrenatzailea aldatu zutenez geroztik. Matarazzok berehala konektatu zuen zaleekin ere, eta euskaraz mintzatu zitzaien Kopako ospakizunetan.
Hasieratik lanean
Talde txuri-urdina igandean hasi zen lanean Zubietan. Matarazzok lehen denboraldiaurrea du Realean, eta hasieratik edukiko du aukera zer jokalari fitxatu eskatzeko. Aurreko denboraldia amaitu zenetik oraingoa planifikatzen dabil entrenatzailea. Gustatu ez zitzaiona aztertzeko denbora izan du, eta irtenbide bat eman nahiko dio.
Horretarako, merkatua begiratzen hasi da Reala: Bretosek esan zuen «posible» dela atzeko lerroa indartzea, batez ere Rino Matarazzori erdiko bost atzelarirekin jokatzeko aukera emateko: «Alemanian hala jokatzen zuen, eta tresna guztiak eman nahi dizkiogu». Postu horietarako jokalari egokien bila aritzea da orain Bretosen lana. Dena den, Munduko Kopak merkatua geldiarazi du, eta itxaron egin beharko da fitxaketak egiteko.
Beste jokalari batzuek, ordea, taldea utziko dute; Realak atzo iragarri zuen Brais Mendezek AEBetako ligan jokatuko duela, Columbus Crew Ohioko taldean. Erdilari galiziarra 2022an heldu zen Realera, Celtari erosita, eta jokatu dituen 166 partida ofizialetan 33 gol sartu ditu. Aurrez, Aritz Elustondo beasaindarrak, taldeko kapitainetako batek, Greziarako bidea hartu du, eta PAOKen jokatuko du. Espero da beste jokalari batzuek ere utziko dutela taldea; Arsen Zakharian eta Jon Karrikaburu izango dira hurrengoak beharbada, apenas jokatu baitute Matarazzok taldea zuzentzen duenetik.
Matarazzok apur bat itxaron beharko du jokalari guztiak bere aginduetara edukitzeko: Munduko Kopan dago oraindik Mikel Oiartzabal, eta txapelketa jokatu ostean oporretan dira Luka Sucic, Take Kubo eta Gonçalo Guedes. Jon Mikel Aramburu, Yangel Herrera eta Orri Oskarsson ostegunean bueltatuko dira, eta min hartuta daude, berriz, Alvaro Odriozola, Jon Gorrotxategi, Jon Pacheco, Carlos Fernandez eta Jon Balda. Ondorioz, denboraldiaurrea egiteko bigarren taldeko hamabi jokalari deitu ditu: Fraga, Kita, Beitia, Balda, Lebarbier, Agirre, Mikel Rodriguez, Carbonell, Dani Diaz, Ochieng, Marchal eta Karrera.Â