urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Gauzatxoak

2026ko apirilaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Antton Telleriak «gauzatxoak datoz» iragarri zuen Twitterren, bertan faxismo maila txikiagoa zenean. Handik egun batzuetara jakin zen Nekatutak ikuskizuna estreinatzera zihoala; 2021eko apiriletik 2023ko martxora arte egin zuen aretoetan. Youtuben jarri zuen epe baterako, eta gero hortik kendu, Filmin plataforman jarri baitzuten (gero Youtuben jarri zuten berriz, edonola ere). Martxoaren 28an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eman zuen Telleriak bigarren komedia ikuskizuna, Ninini, eta grabatu egin zuten. Zein plataforma handitan ikusi ahalko da hori? Bira ez du amaitu oraindik, ordea.

ETBko zuzendari Isabel Octaviok BERRIAri martxoaren 19an eman zion elkarrizketan iragarri zuen ETB1ek late night show bat estreinatuko duela. Astean hirutan emango dutela eta aurkezlea Antton Telleria izango dela esan zuen. Baina aurkezlea haren anaia izango da. Hortaz, Julen Telleria datozen asteetan imajina dezakegu «gauzatxoak datoz» esaten inguruan. Maiatzerako espero da estreinaldia.

Pantomima Full taldeko Alberto Casadok eta Rober Bodegasek solasaldi batean parte hartu zuten martxoaren 27an Donostiako Crossover jaialdian, Mariona Teres aktorearekin batera. Bereziki irrigarria izan zen tapiz gorrien inguruan kontatu zituztenak. Badirela izar batzuk halako tapizetan kamera eta mikroen arreta bereganatzen dutenak, eta ezin izaten dutela berez asko kontatu, baina haientzat nahikoa dela «gauzatxoak datoz» esatea. Aretoan barreak ugaritu ziren, bestalde, Bodegasek eta Casadok kontatu zutenean Entrepreneurs telesaila aurkeztera joan zirela Gasteizko FesTV jaialdira. Hotela industria poligono batean zuten, eta jaialdiko tapiz gorri luzera iritsi zirenean, han ez omen zen inor. Estreinaldiaren jarraipen informatibo bakarra hiru gaztetxoren Tiktok kontuetakoa izan zela gogoratu zuten, txantxa artean. 

Kristina Zorita ETBko kazetaria Crossover jaialdian
Kristina Zorita ETBko kazetaria, Crossover jaialdian, Streaming aroa solasaldian. MAIALEN ANDRES / FOKU

Gauzatxo gehiago entzun eta ikusi ziren Crossover jaialdiko bederatzigarren aldian. Kasurako, pantaila handian ikusi ahal izan zen telesail britaniar txukun baten lehen atala. Mutiko baten hilketa tartean. Kontua da true crime-aren inguruko solasaldi bat antolatu zuela jaialdiak telesailarekin batera, baina AEBetako plataforma aztoratu egin zen horrekin, eta antolatzaileek tartean beste solasaldi bat programatu behar izan zuten; behintzat, tartean Blas Moreno entzun ahal izan zen totalitarismoen inguruko telesailei buruz hizketan.

Berlinalen estreinatu ostean, Pol Rodriguez zinemagilearen Ravalear katalanezko telesailaren lehen atala proiektatu zuen Donostian: sekulakoa! Eta aurkezpenean, Mariona Cubellsek jakinarazi zuen martxoan Hego Euskal Herrian ikus daitezkeen plataformetan 63 telesail estreinatu zituztela.

Ainhoa Etxebarria eta Ane Rotaetxe Tamara ta Mara euskarazko telesailaren aurkezpenean, Crossover jaialdiaren barne.
Ainhoa Etxebarria eta Ane Rotaetxe Tamara ta Mara euskarazko telesailaren aurkezpenean, Crossover jaialdian, martxoaren 25ean. MAIALEN ANDRES / FOKU

Gaizka Izagirrek ere ezin ikusi hainbeste lorik egin gabe ere. Izagirrek berak elkarrizketatu zituen jaialdiko lehen egunean Nagore Aranburu eta Fariba Sheikhan. Eta hirugarrenean, Tamara ta Mara telesaileko lantaldeko kideekin solastatu zen. Ainhoa Etxebarriak fikzio horretan ondarroarrez egiten duela aipatu zuten. Solasaldi berean, Etxebarriak eta Ane Rotaetxe zuzendariak adierazi zuten Argi gorriak telesailaren lehen atalak asko gustatu zitzaizkiela. Itziar Ituñoren komedia jostalari horren inguruan nahikoa esana dute berripaper honetan Izagirrek berak eta Begoña del Tesok.

Afari baten oihartzunak

Gauzatxo berezi gehiago izan ziren Crossoverren. Elena Loredo Elesky musikariak piano kontzertu eder bat eman zuen; entzuleei esan zien anime baten edo telesail baten izena esateko, eta gero hark berehala joko zuela pianoan zegokion musika banda. Emakume batek Arale eskatu zuen —duela hamarkada batzuk ematen zuten ETBn—, eta piano doinu harekin, apeta gozoarekin irten zen andrea aretotik.

Ana Boga 'Yo siempre a veces' telesaileko aktore protagonista Crossover jaialdian
Ana Boga Yo siempre a veces telesaileko aktore protagonista, Crossover jaialdian, martxoaren 26an. JUAN HERRERO / EFE

Urteroko afarian, berriz, Borja Gonzalez Santaolalla gidoilaria eta Paula Usero jarri zituzten hizketan, Ylenia Benitok fin gidatuta. Hura Youtuben ari ziren ematen, eta Usero Luimelia telesailaz hizketan hasi zenean, sare sozialetan zaleak iruzkinak idazten hasi ziren. Kontua da han Gastronomiako Euskal Anaiartean irakurri zituela iruzkinetako batzuk Diego Soto gidoilari gasteiztarrak. Userok kontatu zituen gauzatxo batzuk ez ziren gozoak, ordea. Amar es para siempre telesailean ari zenean, sare sozialetan jazarpen kanpaina bortitza pairatu zuen. Heriotza mehatxuak jaso zituela ere kontatu zuen. Farandulako gauzatxo batzuk ez dira batere gustagarriak.

Amaitu zen Crossover. Baina lerro hauetatik gomendio bat: Santa Teresa komentuan Edorta Subijanak jarri duen Gainesposizioa instalazioa ikustera joatea. Ez du beste ezerekin parekorik, eta maiatzaren 3ra arte ikus daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA