urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

«Hemen ez da ezer konpondu»

2025eko abenduaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezin da ukatu Euskal Herrian ekoitzitako zinemak udazken oparoa izan duela. Jaialdietako estreinaldi eta emanaldiez harago, Hego Euskal Herriko zinema aretoetara honako film hauek iritsi dira azkeneko hiru hilabeteetan: Sara Fantovaren Jone, batzuetan, irailaren 12an; Jose Mari Goenagaren eta Aitor Arregiren Maspalomas, irailaren 26an; Asier Altunaren Karmele, urriaren 10ean; Alauda Ruiz de Azuaren Los Domingos, urriaren 24an; Oier Plazaren Popel dokumentala, azaroaren 7an; Paul Urkijoren Gaua, azaroaren 14an; Inge Mendiorozen Lurdes Iriondo. Ez gara alferrik pasako dokumentala ere azaroaren 14an; Alberto Gastesiren Singular, azaroaren 28an; eta Irati Gorostidiren Aro berria, herenegun. Horietatik gehienak euskarazkoak dira —Aro berria bi hizkuntzatan dela esatea zuzenagoa da—. Haietako batzuk iritsi dira Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako aretoetara, baina ez denak: banaketa desberdina da, eta helduko dira gero ere.

Aro berria filma
'Aro berria' filma ostiralean iritsi zen zinema areto komertzialetara. BERRIA

«Urte polita izan da? Bai. Baina hemen ez da ezer konpondu». Ander Sagardoi zinema ekoizleak —Irusoin eta Sumendi ekoiztetxeetan ari da— hausnarketa mamitsuak egin zituen BaDa!bil bideopodastaren hirugarren denboraldiko laugarren atalean.

'BaDa!'bil' podcastaren euskal zinemari buruzko atala.

Solasaldiaren izenburua Euskal zinemaren loraldia? zen, eta Sagardoik ñabardurak egin zituen: «Arriskutsua da 'loraldia' eta antzeko hitzak erabiltzea deskribatzeko aurten urte ona izan dela euskarazko zineman». Zer hitz erabiltzen den garrantzitsua dela deritzo ekoizleak. «Loraldia esanda, badirudi hilda zegoen lursail bat edo bizitza askorik ez zeukan zerbait orain piztu dela. Eta hori gezurra da». Sagardoiri «sintomatikoa» iruditzen zaio beti loraldiaz hitz egitea, «mirari txiki bat» izango balitz bezala. «Horrek desbideratzen gaitu garrantzitsua den kontutik: autokonplazentziarik gabe aztertzeari gure sektorea. Ni ez nintzateke ausartuko esatera loraldi bat bizi dugunik. Jende piloa dago lanean euskal zineman, aspalditik, eta aurten pelikula asko egotea tokatu da. Oso desberdinak, gainera, eta oso pozik gaude». Bai, baina? «Baina nik ez dut behar loraldirik. Lan baldintza egonkorrak behar ditut, urterik urte».

Maspalomas filma
Jose Ramon Sorozi aktorea, 'Maspalomas' filmean. MORIARTI

BERRIAko Nasan kultur gehigarriko erreportaje batean aztertu zuten aretoetan aldi berean euskarazko hainbat filmek kointziditu izana. Marian Fernandez Txintxua Filmseko ekoizleak zera esan zuen orduko hartan: «Euskal filmek bide komertzial hobea egiten dute hemen hemendik kanpo baino, eta argi daukagu gure ikusle gehienak hemen daudela». Hori hala izan da ere, Euskal Herrian bertan euskarazko filmek ikusle gehiago izateko formulak asmatu beharko dira. 

Datorren larunbaterako, EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak Zinemaren Euskal Festa antolatu du. Alde batetik, 'Euskadi-Europa. Gure zinemako perlak' egitasmoan, Euskal Herriko eta Europako film bereziak proiektatuko dituzte, eta bi euroko deskontua izango da sarreretan. Bestetik, Zinema Euskaraz familiartean zikloa antolatu dute: haur eta gazteentzako programazioa indartuko dute, bi euroko deskontu bereziak eskainita.

Beharko dira halako ekinaldi gehiago herritarrak euskarazko filmak ikustera joan daitezen. Eta desberdinak. Zeren bistan da: urtea ona izan da —Asier Urbietaren Faisaien irla ere estreinatu zuten apirilean—, baina euskarazko pelikula horiek egitea kostatu den guztia kontuan izanda, aretoetako ikusleak ez dira hainbeste izan. 

Bidarraitik dator notizia

TVEko La2 katean Euskal Herriko zinemaren «egoera onaren» inguruko solasaldi bat eman zuten urriaren 24an, Historia de nuestro cine saioan, eta Aupa, Etxebeste! eman zuten —gaztelaniara bikoiztuta—. ETB1eko 11 entzuteko saioan, euskal zinemagile eta aktore batzuk elkarrizketatu dituzte azkeneko asteetan. Baina euskal zinemarekin apustu polita egin duena Bidarraiko (Nafarroa Beherea) Kanaldude izan da: Zine(tik) saioa jarri du martxan. Euskal Herrian ekoitzitako lanak emateaz gain, euskarazko pelikulen aktualitatearen jarraipena egingo dute. Kamera aurreko kritikekin hasiak dira Luzio Lizarralde eta Maylis Calvet. Oso fin, gainera. Ederra da oso, bestenaz, saioaren barne estreinatu duten Uxina film laburra. Zaraitzueraz filmatu du Lucia Ezker zinemagileak. Sentitua da Maulerako bidea egiten zuten ainarak fikzio batean ikustea. Elur bisutsa hor da, Kanalduderen atarian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.