urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Tentuz ibili

2026ko otsailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ramon Agirre aktoreak (Donostia, 1954) hainbat lerroburu eman zituen aurreko batean Gaztearen Benetan zabiz bideopodcastaren seigarren denboraldiko hamabosgarren atalean. Haizeak eraman baino lehen, ondorengo lerroetan jasoak gera daitezke batzuk.

«Hemen dauden hobari fiskalak eta halakoak... zein ari da horretaz baliatzen? Kanpoko produkzioak, eta horiek ez dute gurekin zerikusi handiegirik», dio Agirrek. Kasurako, egunotan estreinatu du Atresplayer plataformak Padre no hay mĂ¡s que uno telesaila —Santiago Segurak ekoitzia—, osorik Gipuzkoan filmatua. Apple TV Plus plataformako Pluribus iradokitzailean, pertsonaia batzuk Loiuko aireportura iristen dira (Bizkaia), eta Espainian daudela esan ostean, badoaz handik —tartean Getarian ere (Gipuzkoa) ibili ostean—. Bada, hori: aterrizatu, grabatu, eta ospa. Ez du inork esango hori euskal zinema denik.

Ramon Agirre Benetan Zabiz podcastean
Malen Altuna, Aitziber Grados eta Ramon Agirre, 'Benetan zabiz' podcastaren seigarren denboraldiko hamabosgarren atalean. GAZTEA

Beste ekoizpen batzuekin, ordea, bestelakorik gertatzen da. EITBko albistegiak begiratzea besterik ez dago. «La infiltrada filma ez da euskal zinema, nire ustetan», dio Agirrek, ziurtasunez. «Euskal zinema deitzen zaio hori ez den gauza askori». EITBk autobus markesinak bete zituen, ordea, La Infiltrada-ren afixarekin, Primeran plataformara euskarara bikoiztuta iritsi zenean. 

Bestalde, Donostiako Zinemaldiak iaz eman zuen datu bat, eta komunikabide gehienek bere hartan irentsi zuten. Han eta hemen argitaratu zuten: «Euskal zinemaren 38 ekoizpenek parte hartuko dute edizio honetan». Agirrek oso argi du: «Ez, hori ez da egia. Horrek estatistikak apaindu egiten ditu».

«Euskal zinema, berez, euskaraz egindakoa da», Agirreren arabera. «Euskarazko zinema gutxi egiten da, baina oso ona. Norbaitek esan zuen euskal zinema dela noizbehinkako mirarien segida bat. Ikusi besterik ez dago zer arrakasta izan duten azken urteetako filmek. Hemen badago talentua».

Eta Donostiako aktorearen arabera, Los domingos «oso pelikula ona» da. «Baina ez da, nire ustez, euskal zinema». Zein ederra filmeko abesbatza Aitormena kantatzen La Revueltan, bai, hori ere hala da. Eta Jose Mari Pastorren atzoko iritzi artikulua, tumatxa!

Ramon Agirreri elkarrizketa 'Benetan zabiz' bideopodcastean, osorik.

Agerikoa da ez dutela erakunde batzuek Agirrek bezala pentsatzen. Zineuskadi elkarteak —diru publikoz jarduten du— Madrilen festa bat antolatzen du urtero, Espainiako Zinema Akademiak ematen dituen Goya sarietarako izendatuta dauden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako profesionalak gonbidatuz. Basqueaudiovisual marka, EAE ordezkatuz. Aurtengo jaia urtarrilaren 22an egin zuten, Joy Eslava diskotekan. Beharrezkoa al da diru publikoa halakoetan gastatzea? Espainiako hiriburura modu horretan joatea?

Eusko Legebiltzarrean galderak

Hainbat galdera egin zituen iaz Zineuskadiren inguruan Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak. Eta idatziz erantzunak eman zituen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak. Oinarrizko datu batzuk daude erantzunean, baina... 

...Baina Zineuskadiren inguruan bada zerbait gehiago esateko. Eta datorren asteazkenean, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak EH Bilduko legebiltzarkideak egindako galdera batzuei erantzun beharko die. «Zineuskadi elkartearen kudeaketarekin eta batez ere gardentasunarekin eta kontratazio publikoaren betetze mailarekin lotuta ditugun kezkak argitu nahi ditugu». Hitz horiek daude jasoak Aztiriaren agerraldi eskaeran. 

Pantailen artetik tarte honetan, idatzia gelditu zen gardentasun gutxirekin atera zela Zineuskadiren Film Basque Countryko teknikari lanpostua. 2023ko abenduaren 3koa zen artikulua. Tentuz eta arretaz entzun beharko dira datorren asteazkeneko galdera eta erantzunak.

Benat Gerekaren Idi dokumental laburra
Benat Gerekaren 'Idi' dokumental laburra Fipadoc jaialdian lehiatu da. BERRIA

Bidasoa ibaitik iparrera ere bada zinemarik. Eta igandeetako tarte honetan, ezin utzi aipatu gabe Miarritzen (Lapurdi) Fipadoc nazioarteko jaialdia egin dutela urtarrilaren 23tik 31ra. Ez dute euskarazko lanek aparteko eremurik izaten bertan; salbuespentzat jo daiteke, hartaz, Beñat Gerekak zuzendutako Idi dokumental laburra. Aiako (Gipuzkoa) probalekuko giroan murgiltzen du ikuslea; kalean ere jarraitzen dute kamerek idi bat, Iñaki Oliden itzainarekin batera. Hamar minutuko lan txukuna da. Portzierto, jaialdi horren webgunea frantsesez eta ingelesez dago; euskaraz, ezer ez. Eta idia da boeuf.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA