BERRIA FM itzuli da

Denboraldiko lehen atala jendaurrean egin zuten, Donostian, Indarkeria Matxistak Nerabezaroan jardunaldietan. Ohi bezala, bi astean behin asteazkenetan zabalduko dituzte atalak. Bihar izango da entzungai.

BERRIA FM podcastak zuzeneko saioa egin zuen Donostian, urriaren 22an. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
2026ko urriaren 27a
09:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

BERRIAren podcast feminista bueltan da. Ane Eslaba eta Uxue Rey kazetarien eskutik, bi astetik behin feminismoaren bueltako gaiak landuko dituzte euskaraz BERRIA FM podcastean. Bihar sareratuko dute lehen atala, nahiz eta aurreneko atal hori jendaurrean egin zuten joan den ostegunean, Donostian. Orduko hartan, Indarkeria Matxistak Nerabezaroan jardunaldietan parte hartu zuten, Intxaurrondoko kultur etxean. Gonbidatu bereziak izan zituzten: Magala Abokatuak enpresako kide Bea Ilardia, Aiora Epelde Emagineko kidea, eta hezkuntzaren eta kirolaren alorretan lan egiten duten Amets Castrejana eta Garazi Lopez de Lacalle. Indarkeria matxistaren zimikoari «atximur» egiteko saiakeran aritu ziren.

Uxue Rey BERRIAko kazetari eta podcasteko esatariak aipatu du pasatu direla hilabete batzuk aurreko denboraldia amaitu zenetik. «Duda bat izaten dugu: ea etenaldietan ez ote garen herdoildu. Baina, zorionez, aski goiz lortu dugu beldur hori uxatzea. Eta pozik heldu diogu denboraldiari».

Donostian joan den astean egindako atalean, hizlariek plazaratutako ideiak eta gogoetak «oso interesgarriak» izan zirela nabarmendu du Reyk. «Hori bakarrik ez, indarkeria matxistari kontra egiteko lanari dagokionez, herritarrak interpelatzeko keinurik ez zen falta izan, eta inportantea da hori. Gainera, hizlarien artean konplizitatea sumatu nuen, suelto aritu ziren, eta hezitzailea ez ezik, gozagarria izan zen haiek aditzea». BERRIAren webgunean zein ohiko audio plataformaten entzun ahalko da atala bihar goizetik aurrera.

Iruñean azaroaren 24an, jendaurrean 

Nahiz eta lehen atal berezi hori Donostian egin zuten, denboraldiko atal gehienak Iruñean grabatzen dituzte, Txalaparta argitaletxeak Kale Nagusian duen txokoan. 

BERRIA FM podcastak zuzeneko saioa egin du Intxaurrondoko kultur etxean
'BERRIA FM' podcasteko Ane Eslabak eta Uxue Reyk zuzeneko saioa egin zuten Donostian, Intxaurrondoko kultur etxean, urriaren 22an. ANDONI CANELLADA / FOKU

Denboraldi berriak ez du aparteko berritasunik izango, Reyren arabera. «Aurrez aurreko elkarrizketak eta solasaldiak izateari eman nahi diogu lehentasuna. Aktualitateari ere erne begiratzen diogu, kazetaritza podcast bat ere bagarenez. Baina aktualitateari bikain erantzuten dio Iker Tubiaren Berriketan podcastak». Astelehenetik ostiralera egunero sareratzen du Tubiak Berriketan. «Tarteka guk lizentzia batzuk hartzen ditugu, aktualitatearen zurrunbilotik atera eta bestelako hizketagaiei leku egiteko», gaineratu du Reyk.

Datozen asteetan landuko dituzten gaien artean, etxebizitzaren krisia egongo da. «Gai hori genero ikuspegia aintzat hartuta lantzeko ahalegina egingo dugu. Bestetik, arte garaikidearekin eta literaturarekin lotura duten atal batzuk ere landuko ditugu». Azaroaren 24an, bestetik, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren bezperean, beste zuzeneko saio bat egingo dute Reyk eta Eslabak. Iruñeko Golem aretoetan izango da hori, Donibane auzoko talde feministak antolatutako jardunaldi batzuen barne.

Ez da dira BERRIA FM eta Berriketan euskarazko egunkariak zabaltzen dituen podcast bakarrak. Astelehenero, Kirmen Uribe idazlearen New Yorkeko munduak sareratzen dute; asteartetan, Euskal Herriko historia 100 objektutan, Euskal Wikilarien Kultura Elkartearekin elkarlanean; ostegunetan, Mur Mur musika podcasta (Badok); eta hilean behin, Hizlandia eta Urubia podcastak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA