ETB1eko 'Gaupasa' saioko zuzendaria

Gorka Larrunbide: «Datorren denboraldian jende anonimo gehiago ekarriko dugu»

Gaur amaituko da 'Gaupasa' ETB1eko 'late night show'-aren lehen denboraldia. Irailean itzuliko da saioa programaziora, Julen Telleria gidari dela. Larrunbidek uste du «denbora eta pazientzia» izan behar dela formatuarekin.

Gorka Larrunbide, ETB1eko 'Gaupasa' saioko zuzendaria. MAIALEN ANDRES / FOKU
Gorka Larrunbide, ETB1eko 'Gaupasa' saioko zuzendaria. MAIALEN ANDRES / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2026ko uztailaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamazazpi urtez prentsa idatzian aritu zen kazetari Gorka Larrunbide (Donostia, 1983). Telebistan lanean hamar urte daramatza —prentsa guztiz utzi gabe aritu zen lehen urteetan—. K2000 ekoiztetxearen bi saio zuzendu ditu azkeneko hilabeteetan: Ztanda musika lehiaketaren hirugarren denboraldia eta Gaupasa-ren aurrenekoa.

Ziurta daiteke: Gaupasa-k irailean jarraitu egingo du. Pozik?

Oso pozik. Printzipioz, egitura bera izango du: asteartean, asteazkenean eta ostegunean arituko gara ETB1en.

Maiatzaren 26an hasi zenuten lehen denboraldia. Laburra izan arren, mamitsua izan al da?

Oso-oso mamitsua. Gauza interesgarriak egiten ari gara, eta lantaldearekin poz-pozik gaude. Erronka handia zen horrelako programa bat martxan jartzea. Lehen egunetan joan ginen ikusten zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, nolako bidea egin genezakeen, eta gustura gaude hemen sortu dugunarekin [BERRIArako elkarrizketa saioko platoan da, eta gonbidatuen sofan eserita dago Larrunbide].

Nolako giroa duzue?

Oso giro ona dugu aktoreekin eta kolaboratzaileekin. Osagai guztiak ondo uztartu ditugu, gainera.

Julen Telleria aurkezleak zer parte du saioak asteotan izan duen arrakastan?

Ia guztia. Harekin lan egitea sekulakoa da. Izugarrizko maila du. Ikustekoa da nola eramaten dituen elkarrizketak. Bilera bat izaten dugu harekin gidoia errepasatzeko, eta egunero argi izaten du gauzak nola egin. Oso erraz egiten du dena. Benetan gozamena da harekin aritzea.

Gorka Larrunbide ETB1eko Gaupasa saioko zuzendaria.
Gorka Larrunbide ETB1eko 'Gaupasa' saioko zuzendaria, Donostian, programaren platoan. MAIALEN ANDRES / FOKU
TVEk 2024ko irailean estreinatu zuen La Revuelta. EITBk Linbo eta Gaupasa sortu izanak loturarik ba al du TVEko saioak Hego Euskal Herrian duen tiradizoarekin?

La Revuelta-k izugarrizko arrakasta du Hego Euskal Herrian. Estreinatu zutenean, ikusle datu oso-oso handiak izan zituen; %30eko ikusle kuota gainditu ohi zuen EAEn. Argi dago TVEko programa horrek lortu zuela gazte asko berriro telebista konbentzionalera erakartzea. Gu ez gara La Revuelta, eta ez dugu La Revuelta izan nahi. Gurea late night show klasiko bat da; edonola ere, argi dago La Revuelta-k eragina izan zuela inguruko telebista kate askotan. ETBn ere bai.

Saioko kolaboratzaileen artean badaude eskarmentua duten aktoreak: Jon Plazaola, Aitziber Garmendia... Eta badituzue sare sozialetan bogan dauden eduki sortzaile batzuk ere. Azken horiek nolako harrera izan dute?

Oso ona. Esan ohi dute sare sozialetan funtzionatzen duten influencer-ek ez dutela aukerarik telebista konbentzionalean. Gaupasa-n lortzen ari gara erakartzea; errealitate bat dira gazteentzat, eta telebista konbentzionalean oso ondo ari dira beren lana defendatzen. Hasieran bagenituen zalantzak, baina Iñigo Aranburu eta Janire Atxurra oso ondo moldatu dira. Irati Erauskin gutxiago agertu da, baina bere atala egin du. Hartzaile helduek ezagutu egin dituzte, bide batez.

Hurrengo ikasturtean bide horrekin jarraituko duzue?

Printzipioz, bai. Oraindik ez dakigu irailean lantalde osoa zein izango den. Baina espirituari eutsiko diogu, ziur.

Antton Telleriak aurreko batean Julen anaiari esan zion lasai utziko zuela, eta bizikletan bakarrik ibiltzeko gonbita egin zion. Hala ere, hurrengo denboraldian agertuko al da Antton?

Ez dakigu zer gertatuko den. Baina espero dugu Antton tarteka gurera etortzea.

«Denbora eman behar zaie formatuei gorantz egiteko eta jendea erakartzeko. Uste dut orain ETBn pazientzia handiagoa dutela duela urte batzuk baino»

Ahoz aho dabilen kontu bat da ETBko entretenimendu saioetan beti jende bera agertzen dela: ETBn aurretik agertu izan direnak gehienean. Saio bateko aurkezle batek ere hala aitortu zuen.

Saiatzen ari gara eremu hori pixka bat zabaltzen. Gure asmoa da datorren denboraldian pertsona anonimoek presentzia handiagoa izatea. Euskal Herrian jende oso interesgarria dago, zerbait kontatzeko izan dezakeena.

Iparraldeko gonbidatuak ere izango dituzue?

Bai, buruan dugu hori. Ipar Euskal Herriko errealitatea ere kontuan izango dugu.

Gorka Larrunbide ETB1eko Gaupasa saioko zuzendaria.
Gorka Larrunbide ETB1eko 'Gaupasa' saioko zuzendaria, programaren platoan, Donostian, Miramonen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Kirol emanaldiak albo batera utzita, ETB1eko saioek ez dituzte ikusle datu oso handiak izaten. Zer beharko litzateke ikusle gehiago erakartzeko?

Poliki-poliki joan behar dugu. Gaupasa-k ikusle datu onak izan ditu; pozik gaude. Denbora eman behar zaie formatuei gorantz egiteko eta jendea erakartzeko. Uste dut orain ETBn pazientzia handiagoa dutela duela urte batzuk baino.

Gaupasa ETB On eta Primeran plataformetan ere ikus daiteke.

Bai, eta ikusten ari gara Interneteko sare sozialetan ere komunitate txiki bat sortzen ari dela. Zerbait ari da hor mugitzen. Nobitaren eta Doraemonen esketxa, adibidez, biralizatu egin da. Ztanda saioan ere arrakasta handia lortu dugu sare sozialetan.

Lantaldea aipatu duzu lehen. Izan ere, Gaupasa egiteko lantalde sendo bat beharko da, ezta?

Gidoilari oso onak dauzkagu. Eta taldeko guztiek oso ondo egin dugu bat saioan. Gauband taldeko musikariek parte hartzea ere luxua da. Zuhaitz Gurrutxagak irailetik aurrera New Yorketik konexioak egiten jarraitzea espero dugu. Ahaztu baino lehen, kontu bat: Endika Etxabe saioko zuzendariordearen lanik gabe, hau guztia ezinezkoa izango litzateke. Oso ondo ulertzen dugu elkar, eta argi dugu nolako telebista egin nahi dugun. Ztanda-n ere elkarrekin aritu gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA