Adin nagusikoa da jada Gasteizko FesTVal telebista jaialdia, datorren astelehenean ekingo baitiote hemezortzigarren aldiari. Jaialdiak hilaren 12ra arte iraungo du, eta, urtero moduan, ETBk eta Espainiako hainbat telebista katek datorren denboraldirako saio berriak aurkeztuko dituzte bertan.
Askotariko sariak banatu ohi dituzte amaierako galan. Aurten, FesTVal jaialdiak emango dituen bi sari ETB1eko bi saiorentzat izango dira: Gaupasa eta Bizi natura. Jaialdiak nabarmendu du Gaupasa-k ekarpen nabarmena egin diola ETB1eko gaueko programazioari: «Elkarrizketak, umorea eta zuzeneko musika uztartzen ditu programak, Gaubanda talde propioarekin; eta ETB1eko gauetara ekarri du berriz ere elkarrizketarako tarte hurbil eta ausarta, aurpegi ezagun ugarik osatutako kolaboratzaileen talde zabalarekin», adierazi du jaialdiak. Julen Telleriak aurkeztu zuen lehen denboraldia, eta hala jarraituko du hilaren 15etik aurrera ere.
Bizi natura saioa saritzeko arrazoiak bat baino gehiago direla nabarmendu dute Arabako jaialdiko kideek: «Erresuma Batutik kanpo Springwatch formatu arrakastatsuaren lehen egokitzapena Euskal Herrian egin zuten udaberrian, Brutal Mediaren eta BBC Studios-en eskutik. Urdaibaiko Biosfera Erreserban jarritako hemezortzi kameraren bidez, saioak bizitza basatia zuzen-zuzenean hurbildu zien ikus-entzuleei, dibulgazio zientifikoa, entretenimendua eta ingurumenarekiko kontzientzia uztartuz».
EITB taldeak berak sari bat eman ohi du jaialdiko itxiera ekitaldian, eta aurten Mikel Lejarza (Bilbo, 1956) ekoizle, kudeatzaile eta zenbait telebistatan ardura karguak bete dituen profesionalari emango dio saria. Radio Euskadin eta ETBn hasi zuzen ibilbidea, eta 1995ean Tele5 kateak fitxatu zuen —ardura kargu batzuk bete ostean, 1998an kateko zuzendari nagusi izendatu zuten—. Atresmedia taldean aritu zen gero, eta aholkulari lanak bete ditu nazioarteko ikus-entzunezko konpainia garrantzitsuentzat. 2021. urtean, Joan Ramon Mainat Saria eman zioten Gasteizko jaialdi berean.
Beste sari batzuk ere banatuko dituzte jaialdian. Tartean, Aisge Fundazioaren Saria Sofia Otero aktoreari (Barakaldo, Bizkaia, 2013). Aktore gaztetxo hori Berlinalen saritu zuten 2023an, 20.000 especies de abejas Esti Urresolaren filmean egindako lanagatik.
Diego San Jose gidoilari eta sortzaileari (Irun, Gipuzkoa, 1978) ere sari bat emango diote, Yakarta telesailarengatik —Movistar Plus plataforman dago ikusgai—.
Arkabia topagunea sortuko dute
Datorren astean egingo dituzten aurkezpenen artean, astelehenean La Septima kate berria aurkeztera joango dira Gasteizera egitasmo berriko arduradunak eta kazetariak —azaroaren 5etik aurrera Hego Euskal Herrian doan izango da ikusgai lurreko telebista digitalean—. Astearte goizean, berriz, ETBko zuzendari Isabel Octaviok denboraldiko berritasunen berri emango du.
Gasteizko Arkabia kulturgune berrian, bestalde, topagune bat sortuko du FesTVal jaialdiak —Vital Fundazioarena da kulturgunea, eta Posta kalean dago—. Ekitaldi eta topaketa guztiak 19:00etan egingo dituzte, eta sarrera doakoa izango da, baina herritarrek gonbidapenak eskatu behar dituzte aldez aurretik www.arkabia.eus webgunean. Irailaren 7an abiatuko dute egitaraua, La Septima telebista kate berriaren aurkezpena eginda; arduradunek katearen gakoak eta edukien proposamena azalduko dituzte —goizean prentsaurrekoa egingo dute, hedabideentzat—. Hilaren 8an eta 9an umorezko ekitaldiak gailenduko dira, Diego Arjonaren eta Xavier Deltellen eskutik, hurrenez hurren. Hilaren 10ean, formatu bertikalen gorakadaz hausnartuko dute. Eta hilaren 11n, Jon Sistiaga kazetaria (Irun, 1967) gonbidatuko dute.
Egun horretan bertan, hilaren 11n, ETBk Euskal Herria Hegan. Una mirada desde el aire dokumental sailaren aurrestrainaldia egingo du. Iazko azaroan Euskal Herria hegan saioa euskarazko saioa estreinatu zuen talde publikoak. Oraingo honetan, gaztelaniazko bertsioa emango du ETB2 kateak, eta horretan off-eko ahotsa Felix Linaresek jarri du.
Jaialdia hilaren 12an amaituko da, itxiera galan. Europa Biltzar Jauregian egingo dute, 20:00etan, eta han emango dituzte sari guztiak.