ETB1ek 'Gaupasa' egingo du astean hirutan

Julen Telleriak aurkeztuko du 'late night show' «purua» astearte, asteazken eta ostegunetan (22:15). Kolaboratzaileen artean, Jon Plazaola, Aitziber Garmendia, Antton Telleria, Zuhaitz Gurrutxaga, Ainhoa Etxebarria eta Miren Nogales izango dira.

Julen Telleria 'Gaupasa' saioko aurkezlea. ETB
Julen Telleria 'Gaupasa' saioko aurkezlea. ETB
urtzi urkizu
2026ko maiatzaren 21a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

ETB1ek gaueko programazioan apustu garrantzitsu bat egingo du datorren astetik aurrera: Gaupasa. Hilaren 26an hasita, Julen Telleriak (Tolosa, Gipuzkoa, 1990) astearte, asteazken eta ostegunetan aurkeztuko du saio berria, Mihiluze amaitu bezain laster (22:15). «Ondo pasatzeko eta dibertitzeko tarte bat zabalduko dugu gauero», iragarri du Telleriak —goizetan Gazteako Dida-n ere jarraituko du—.

K2000 ekoiztetxeak egingo du saioa, eta Donostiako Miramongo estudioetan grabatuko dute. Formatuari dagokionez, Telleriak azaldu du «betiko» late night show bat izango dela. «Toki askotan arrakastatsua izan den formatu hori bere esentziarik puruenean egingo dugu». Eta formatu hori janzteko zer osagai izango dituzten aintzat hartuta, aurkezlea baikor da. «Zerbait plazara ateratzeko moduan gaude, osagai guztiak ikusita». Atal bakoitzak 70 minutuko iraupena izango du. ETBk jakinarazi duenez, entretenimendua, elkarrizketak eta umorea uztartuko dituzte programa berrian. ETB On plataforma digitalean ere ikusi ahalko da.

Saioko kolaboratzaile gehienak ezagunak dira ETBko ikus-entzuleentzat: Aitziber Garmendia, Jon Plazaola, Mikel Bermejo, Antton Telleria, Ainhoa Etxebarria eta Miren Nogales. «Janire Atxurra eta Iñigo Aranburu ere izango ditugu, besteak beste. Ezagunago bihurtuko ditugu horiek. Izen horiekin guztiekin, saioa ia bakarrik egin daiteke». Horrez gain, Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohi eta aktoreak konexioak egingo ditu New York hiritik (AEB). Irati Erauskin eduki sortzailea (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996) ere kolaboratzaile taldean ariko da —Gaztean aritu izan da kolaboratzaile—.

Programa berriko zuzendaria Gorka Larrunbide da —Ztanda lehiaketako hirugarren denboraldian ere hura da zuzendaria—. Gidoilarien artean Ana Goitia eta Alex Padilla daude. «Lehen hartu-emanak oso onak izan dira. Oso babestua sentitzen naiz, oso kontuan hartua», adierazi du Telleriak. «Inoiz baino ilusio handiagoz nago, inoiz baino erosoago aurkitzen dut neure burua estreinaldi baten atarian», dio aurkezleak.

Aurretik Euskal Telebistan Gu ta Gutarrak, Gure Kasa eta Gora Bihotzak saioetan aurkezle aritu izan da Julen Telleria. Saio bereziak ere aurkeztu izan ditu.

Zuzeneko musika platoan

Arratsaldeetan grabatuko dute euskarazko saio berria, eta publikoa izango dute bertan. Telleriak iragarri duenez, «zuzeneko faltsuan» grabatuko dute, eta horretan berebiziko garrantzia izango du musikak. ETBren arabera, entretenimenduaz, umoreaz eta elkarrizketez gain, zuzeneko musika izango da saioaren laugarren osagaia. Platoan izango dituzten musikariak ere nabarmendu ditu aurkezleak. Luis Mari Moreno Pirata, Jon Viejo (La Txama) eta Igor Telletxea ariko dira zuzenean jotzen: Gaubanda osatuko dute. «Haiekin lan egiteak ilusio berezia egiten dit».

 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by ETB (@euskaltelebista)

Atal bakoitzean gonbidatu bat izango dute platoan. Zenbaitetan, bi ere bai. «Erredakzioan gonbidatuen izen batzuk ematen dizkidate, eta asko esanguratsuak dira Euskal Herrian. Ospetsuak izango dira batzuk, baina ez denak. Lanbideagatik nabarmena den jende anonimoa ere ekarriko dugu». Gonbidatuetan «aniztasuna» izango dela iragarri du aurkezleak.

Gaupasa-ren lehen denboraldiak zazpi aste iraungo du. Uztailaren erdialdean atsedena hartuko dute. «Iruditzen zait gauzak oso gaizki joan beharko luketela irailean ez jarraitzeko», iradoki du Telleriak. «Hurrengo ikasturtean egonkortzea litzateke asmoa».

EITBk denboraldi honetan beste late night show bat egin du: Linbo. Bigarren denboraldiko atalak Primeran plataforman hasi ziren ematen. Eta ETB1 katean ostegun gauetan ere emateari ekin zioten gero, apirilaren 9an. Aitziber Grados da aurkezlea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA