Lau film labur, 11 narrazio, zortzi antzezlan eta zazpi komiki. Horiek guztiak utzi ditu Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren aldiak. 30 sortzailek beste horrenbeste lan ondu dituzte Udalbiltzak antolatzen duen kultur bekaren bultzadaz, eta horiek Euskal Herri osoan barrena erakutsiko dituzte orain. Urte osorako herriz herriko zirkuitu bat prestatu dute horretarako, eta Hernaniko (Gipuzkoa) kultur etxean aurkeztu dute antolatzaileek, oraingo aldian parte hartu duten udalerrietako zenbait ordezkarirekin eta sortzailerekin batera. Bertso saioa ere izan da ekitaldiaren ondotik.
Euskarazko sormena sustatzea eta herriz herri zabaltzea du xede Geuretik Sortuak egitasmoak. Horretarako, aldi bakoitzean hautatutako sortzaileek egonaldiak egiten dituzte hainbat udalerritan, eta beren ohiko bizilekuetatik kanpo garatzen dituzte beren lanak. «2020an egitasmoa sortu zenetik, helburu bakarra izan du Geuretik Sortuak-ek: Euskal Herrian euskaraz sortutako lanen eskaintza handitzea, eta sortzaileei euren sormena garatzeko lekua eta baliabideak ematea», azaldu du ekitaldian Haritz Alberdik, Udalbiltzako lehendakariak. Hiru edizioren ondotik, pozik agertu da: «Euskal Herriko sormenaren egoera oparoa, askotarikoa eta osasuntsua» dela iritzita. Eta egonaldiak hartzen dituzten udalerrien konpromisoa eskertu du, ziurtzat jota haiek gabe egitasmoak ez lukeela aurrera egingo.
Baina egin du aurrera aurten ere, eta inoiz baino proiektu gehiago babestu, gainera: 30 denera, hala literaturari nola zinemari, komikiari eta antzerkiari lotutakoak. Halaber, aurreko aldietan baino udalerri gehiagok parte hartu dute hirugarren aldian, 46 herritan topatu baitute sortzaileek aterpea. Uzta horren parte batek ikusi du argia dagoeneko: komikigintzari lotutako lanak iazko azaroan argitaratu zituzten, Zazpikiak bat komiki bilduman; eta zenbait antzezlan aurtengo lehen asteetan estreinatu dituzte. Diziplina bakoitzeko lanak amaitzeko epeak desberdinak izan dira, eta, hala, zirkuitu osoa orain aurkeztea hobetsi zuten antolatzaileek.
Maria Oses Udalbiltzako kultur teknikariak aletu ditu lanok. Eta hala, azaldu du zinemagintzaren arloan lau film labur gauzatu dituztela sortzaileek beren egonaldietan: Alba Lozanok Aho Beltza, Zumaian (Gipuzkoa); Raul Barrerasek Bitartean, gero, Baztanen (Nafarroa); Aitor eta Izaro Arrutik Mintzo zen, Elorrion (Bizkaia); eta Olatz Ovejerok Ikusi Makusi, Larrabetzun (Bizkaia). Lau haizeetara izenburupean bildu dituzte denak.
Eta Hamaika irakurtzeko jaioak tituluaren pean, berriz, literaturaren arloan aritu diren 11 sortzailek ondutako ipuinak: Atxondon (Bizkaia) izan da Miren Artetxe; Gorlizen (Bizkaia), Maitane Perez; Amasa-Villabonan (Gipuzkoa), Maitane Nerekan; Nafarroako Goi Erriberan, Zigor Garro; Baigorrin (Nafarroa Beherea), Naia Arantzamendi; Aulesti, Amoroto eta Munitibarren, (Bizkaia) Oier Guillan; Ikaztegietan (Gipuzkoa), Peru Calabaza; Oiartzunen (Gipuzkoa), Saioa Iribarren eta Ander Basaldua; Etxalar, Arantza, Bera eta Lesakan (Nafarroa), Goiz Eder Iturain; Asparrena (Araba) eta Ziordian (Nafarroa), Ixabel Agirresarobe; eta Ortzaizen (Nafarroa Beherea), Garazi Albizua.
Komikigintzan aritu diren zazpi egileek —Eñaut Aiartzaguena, Amane Apalategi, Uxue Bereziartua, Usue Egia, Patrizia Etxegarai Hankabako, Eneritz Ibarra eta Asier Iturralde Gaston— iazko azaroan argitaratu zituzten beren lanak, Zazpikiak bat komiki bilduman. Eta dagoeneko estreinatu dira edo estreinatzear dira tauletan Geuretik Sortuak-en bultzadaz sortutako zortzi antzezlanak: Infinitudramaren Promesarik txikiena; amaHiruren Etxea; Zelako Kultur Ideiak-en Izeba Txirrita; KulturarteCo.-ren Frankopoleon; Argimalutak-en Txondor plaza; Imanol Epelderen Zerbait sartu zait begian; Metrokoadrokaren Bi baso bat ur; eta Jon Ander Urresti eta Matxalen de Pedroren Kolapsoa.
Udalbiltzaren webgunean, Geuretik Sortuak atalean dagoen agendan jarri dituzte ikusgai lan horien guztien aurkezpen eta emanaldien xehetasunak.