Urdaibaiko Guggenheim

Guggenheim Urdaibai Stop plataforma: «Herriak irabazi du»

Plataformaren hitzetan, argudio ekologikoek ez ezik «herritarren presioak» ere bultzatu ditu erakundeak museoaren proiektua bertan behera uztera. Ospakizun eguna antolatu dute Gernika-Lumon, otsailaren 7rako.

Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoen prentsaurrekoa, museoaren proiektua bertan behera uzteko erabakia ofizial egin eta biharamunean. BERRIA
Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoen prentsaurrekoa, museoaren proiektua bertan behera uzteko erabakia ofizial egin eta biharamunean. BERRIA
Inigo Astiz
Gernika-Lumo
2025eko abenduaren 17a
12:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Guggenheim museoko patronatuak atzo arratsaldean egin zuen ofizial Urdaibain Guggenheim markako museo bat eraikitzeko asmoa bertan behera uzteko erabakia, eta ospakizun giro moduko bat izan du horregatik Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren prentsaurrekoak biharamunean. Ehun pertsona inguru bildu ditu plataformak Gernika-Lumoko (Bizkaia) Astra gunearen atarian. Urdaibai ez dago salgai eta Guggenheim Urdaibai Stop! dioten pankarta erraldoiak zintzilikatu dituzte aurrealdean, eta hiru urtez hamaika aldiz erakutsitako lelo bereko hamaika bandera ere eraman dituzte eskuetan, elkar hartuta arrain handia jaten duten hamaika arrain txikiren irudiarekin. Eider Gotxi eta Ramon Gezuraga plataformako kideek ere hunkitzear irakurri dute hedabideentzako prestatutako testua. «Herriak irabazi du, Urdaibaik irabazi du». Ospakizun eguna antolatu dute otsailaren 7an Gernika-Lumon bertan, eta bertara joateko deia egin diete herritarrei.

Guggenheim Urdaibai Stop plataforma: «Herriak irabazi du». BERRIA

Plataformaren hitzetan, «herritarren lanari esker» gelditu da Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektua bertan behera. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak «hasiera-hasieratik» izandako jarrera «zurrun eta inposatzailea» salatu dute. «Aho betean esan ziguten museo hau 'kosta ahala kosta' egingo zutela. Berdin zitzaien gizartearen iritzia, berdin zitzaien herritarren artean sortutako eztabaida. Orain, ostera, hementxe gaude, zientziak, legeak eta gizarteak agerian utzitako errealitateari ihes egin ezinik agintari eta erakunde horiek berek hartu behar izan duten erabakia ospatzen».

«Horixe da gure ondorengoei kontatuko dieguna: jakin dezaten agintariek ez dutela beti lortzen nahi dutena, jakin dezaten herriak ere baduela hitza eta herritarrok badugula inposatu nahi dizkiguten egitasmoak bertan behera uzteko ahalmena»

EIDER GOTXI Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kidea

Plataformaren ustez, azalpenetan «katramilaturik» daude orain erakundeak. «Burokrazia eta auzi administratiboak aipatu dituzte; kutsadurarekin arazoak daudela esan dute; azaldu dute ontziolak uko egin diola lurrak saltzeari». Baina «argudio merkeak» dira horiek, plataformaren ustez, eta «seriotasun falta» eta «arduragabekeria» erakusten dituzte.

Guggenheim Urdaibai Stop-eko ordezkariek esan dute museoa eraikitzeak «kalte ekologiko larriak» eragingo lituzkeela. Eta, haien hitzetan, horregatik zen museoaren proiektua baztertzekoa, «hasieratik». Bestalde, Urdaibaiko biosfera erreserba babesten duten legeekin «ezinezkoa» zen proiektua bideragarri izatea; «nahiz eta agintariak behin eta berriro saiatu diren lege horiek saihesten».

Plataformaren ustez, argudio horiek alde izateaz gainera, «herritarren presioak» ere izan du eraginik proiektua bertan behera uzteko azken erabakian. «Horixe da gure ondorengoei kontatuko dieguna: jakin dezaten agintariek ez dutela beti lortzen nahi dutena, jakin dezaten herriak ere baduela hitza eta herritarrok badugula inposatu nahi dizkiguten egitasmoak bertan behera uzteko ahalmena».

Ontziola

Baina borrokan jarraitzeko asmoa adierazi dute plataformakoek, eta egun Muruetan dagoen ontziolaren jarduna geldiaraztea jarri dute hurrengo jomugatzat. «Lur horiek padurari bueltatu behar zaizkio». Hain zuzen ere, ontziolaren jardunak dituen ondorio ekologikoei buruzko ikerketa tekniko bat egin dutela esan dute plataformako kideek. Espainiako Gobernuaren Itsasertzari eta Itsasoaren Zuzendaritza Orokorrari aurkeztuko diote ikerketa lehenik, eta, ondoren, auzitara jotzeko aukera ere mahai gainean darabiltela aipatu dute eledunek. «Orain ez dago Urdaibain museorik egiteko proiekturik; nork aterako du ontziola hortik?».

Plataformakoak kritiko agertu dira Bizkaiko Aldundiak Busturialderako eta Urdaibairako aurkeztutako plan orokorrari buruz ere. Gotxiren arabera, museoaren proiektua «goxatzeko» egin zuten plan hori agintariek. «Presaka», «gaizki» eta «herritarren iritzirik kontuan hartu gabe» osatu zuten plan hori, eta, horregatik, beste plan bat egiteko eskatu diete ordezkari politikoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.