Lau film kabiarazi dituzte Donostiako Zinemaldiaren WIP Latam sailean: Mexikoko bi, Txileko bat, eta Kolonbiako beste bat. Ohi denez, ekoizpenaren parterik handiena Latinoamerikan duten eta postprodukzio fasean diren lanak bildu dituzte sail horretan, eta, aurten, zinema jaialdiaren 73. aldian, irailaren 22tik 24ra emanen dituzte. Profesional talde baten aurrean aurkeztuko dituzte, preseski, eta guztiak dira hala WIP Latam Industria saria nola EGEDA Platino Industria saria irabazteko hautagai.
Fernando Eimbcke Damy zuzendari mexikarrak Moscas filma aurkeztuko du festibalean. Aurrez ere egona da Donostiako Zinemaldian: festibaletik igarotakoak dira Lake Tahoe (2008) eta Club Sandwich (2013) filmak —azken hori Sail Ofizialean hartu zuten—. Moscas-en, apartamentu batean gela bat alokatu duen emakumearengan eta hark bere maizterraren semearekin sortuko duen lotura emozionalean jarri du arreta zuzendariak.
Fernanda Tovar zuzendariak —mexikarra da bera ere—, berriz, bere estreinako film luzea aurkeztuko du Donostian: Chicas tristes. Lanak bi igerilariren arteko adiskidetasunaren haustura du ardatz. Besteak beste, Mi edad, la tuya y la edad del mundo (2022) film laburra zuzentzeagatik da ezagun Tovar; Cannesko Semaine de la Critique atalean hartu zuen parte harekin.

Bestalde, Txileko zuzendari Joaquin Cociña Varas eta Cristobal Leon Doonerren azken lana ere bistaratuko dute WIP Latam sailean. La plaga sin fin du izena, eta Txilen ez ezik, Herbehereetan, Uruguain, Alemanian eta Frantzian ere ekoitzi dute. Antzinako garai bat du agertoki filmak: antzinako erresuma bateko printzesa bat du protagonista, Diana.
Kolonbiako film bat ere bildu dute sailean: Esteban Hoyos Garciaren eta Juan Miguel Gelacio Ramirezen A la hora de poner la mesa ya no éramos cinco. Elkarrekin filmatu duten bigarren lana da. Aurrez, Selva film luzea egin zuten, eta, preseski, Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten hura ere, 2023an.