Gidariaren begietatik (II): Ane Pikaza

Antzerkiaren lurra ureztatu, denen artean ereindakoa jasotzeko

Bere ibilbidean antzerkiaren munduko arlo bat baino gehiago ezagutzeko aukera izan du Ane Pikazak, eta Erriberriko Antzerki Jaialdia zuzentzeko baliatzen du ikasitakoa; Maria Goirizelaiarekin batera aritzen da zuzendari lanean.

Ane Pikaza aktorea, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Ane Pikaza aktorea, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Bilbo
2026ko abuztuaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

Hiriko kaosetik aparte, oasi moduko bat dirudi Bilboko Etxe Betea guneak. Sormen egonaldiak egiten dituzte hartan, eta coworking-erako lekua ere baduenez, zenbait proiektuk bertan dituzte euren bulegoak. Egunerokoan lan mahaiak beteta egoten dira, baina oraingoan, hutsik daude, eta lasai dago giroa. La Dramatica Errante konpainiak ere Etxe Betean du egoitza; Ane Pikaza aktore eta antzerkigileak sortu zuen (Bilbo, 1984), Maria Goirizelaiarekin batera, 2021ean. Denboraren poderioz bakoitzak rol jakin batzuk hartu ditu konpainian, baina, hala ere, proiektuaren arabera aldatzen zaizkie eginbeharrak. Esaterako, abenduan elkarrekin zuzendu behar dute obra bat. Gainera, 2021az geroztik Erriberriko Antzerki Jaialdiaren zuzendariak ere badira biak; lehen lau urteetarako adjudikazioa berrituta, 2029ra arte egongo dira karguan.

Pikazak eta Goirizelaiak ikasle garaian ezagutu zuten elkar, eta, antzerkirako zaletasuna zela medio, bien arteko harremana sendotuz joan zen. Kabia sormen laborategian hasi ziren antzerkian, eta, arlo profesionalari dagokionez, Tartean konpainian aritu ziren lanean; kudeaketa kontuetan batez ere. «Antzerkiaren bi arlo oso ezberdin ezagutu genituen horri esker. Batetik, Kabian aktore eta sortzaile moduan geunden, eta bestetik, kudeaketa, komunikazioa eta bestelakoak Tartean-i esker ezagutu genituen», kontatu du Pikazak. Antzerkiaren mundua ezagutu ahala, konpainia bat sortzea bururatu zitzaien biei ala biei, «modu naturalean», eta hala sortu zen La Dramatica Errante. «Puntu batetik aurrera zure ahots propioak geroz eta leku handiagoa hartzen du, eta konpainia sortzea izan zen ahots hori ateratzeko modua».

«Puntu batetik aurrera, zure ahots propioak geroz eta leku handiagoa hartzen du, eta konpainia sortzea izan zen ahots hori ateratzeko modua»

2021ean gauzatu zuten konpainia sortzeko ideia. Pandemia garaia zen, eta kultur munduarentzat ez zen bolada gozoa izan, baina jendeak emandako laguntza du gogoan Pikazak: «Urteetan sortutako sare horrek lagundu gintuen. Proiektu berriak bultzatzeko nahia zegoen, agian inoiz baino handiagoa». Goirizelaiak idazketari ekin zion, eta Altsasu (2021) izan zen La Dramatica Erranteren lehen lana. Tartean-en egondako denborari esker, bi sortzaileek bazekiten zertan zetzan konpainia bat kudeatzeko lana, eta, pixkanaka, beste proiektu batzuk sortzen hasi ziren. Pikaza: «Hasieran pentsatzen genuen konpainiak ibilbide laburra izango zuela, baina luzea eta emankorra izaten ari da».

«Familia txiki bat»

«Gure konpainia Maria eta bion izenean badago ere, guk beti esaten dugu familia txiki bat garela». Gaur egun lau lagun arduratzen dira konpainiari lotutako kudeaketa lanez; aktorearen hitzetan, «euskarri» dira haientzat: «Proiektuetan badago bulkada artistiko bat, baina baita errealitate bat ere, eta asko laguntzen digute erabakiak hartzeko orduan». Teknikari talde finko bat ere badute euren proiektuetarako. Aktoreei dagokienez, proiektuaren arabera aldatzen da taldea. 

Normalean, Goirizelaiak egiten ditu zuzendari lanak obretan, eta Pikaza aktorea izan ohi da. Hala ere, proiektu bakoitzeko lehen pausoak elkarrekin ematen dituzte. Bien artean lantzen dute lanaren imajinarioa, eta hortik abiatzen da zuzendaria gidoia idazteko, edo, jada idatzita badago, moldatzeko. Behin testua prest dutenean lan egiteko modu «oso horizontala» izaten dutela azaldu du Pikazak: «Beste ahots batzuk entzutea lagungarria zaigu norbere ziurtasunetik ateratzeko eta erabaki hobeak hartzeko». 

(ID_16279076) Erriberriko Antzerki Jaialdiko zuzendari Ane Pikaza
Ane Pikaza Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

La Dramatica Erranten lan egin dutenen zaintzak berebiziko garrantzia du konpainiako sortzailearentzat; «horretarako gaude: lehenengo lagunak eta pertsonak izateko, eta gero, sorkuntzari erantzuteko». Hori kontuan izanda, emaitzak zintzoagoak dira, Pikazaren ustetan. Hain zuzen ere, adierazi du egin dituzten azken lanak hobeak direla, ez hainbeste emaitzari, baizik eta prozesuari erreparatuta. «Horrek esan nahi du talde osoak lan izugarria egin duela, eta espazio erosoagoak sortzen ditugula, bai denbora gehiagorekin sortzeko, baita hobeto ere».

Hartu-emana

Konpainia sortu eta gutxira, Erriberriko Antzerki Jaialdia (Nafarroa) zuzentzeko deialdia ikusi zuten Pikazak eta haren kideak. Bitan iritsi zitzaien mahai gainera: «Lehenengoan 'hau ezin dugu egin, ez da momentua' pentsatu genuen. Baina berriro iritsi zen gure eskuetara, eta, Mariak eta biok elkarri begiratu, eta esan genuen: 'Egingo dugu?'». 2021ean hartu zuten kargua, lau urtetarako, eta antolakuntzak iazko abenduan jakinarazi zuen beste lau urtez ere ariko direla lan horretan; 2029ra arte, alegia.

«Iruditzen zaigu jaialdia zuzentzea sortzeko beste modu bat dela. Sortzeko beste modu bat da kudeaketa»

Jaialdia zuzentzeko proposamena aurkeztean, biek ala biek Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC) kudeaketa kulturaleko masterra amaitu berria zuten, eta hala ikasketa horietan nola euren bizitza profesionaletan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera baliatu zuten. «Iruditzen zaigu jaialdia zuzentzea sortzeko beste modu bat dela. Sortzeko beste modu bat da kudeaketa». Zuzendari lanak egitea programazio bat sortzea baino zerbait gehiago da Pikazarentzat; hain zuzen, jendearentzako ekintzak antolatzea: haur eta helduentzako tailerrak, profesional eta ez-profesionalentzako ikastaroak, topaketak, sormen egonaldiak... Aktoreari oso polita iruditzen zaio artisten eta publikoaren artean nolako harremana sortzen den ikustea, bai eta artistek egonaldietan sortzen dituzten piezen bilakaeraren testigu izatea ere. «Sentitzen dugu gauza horiek gertatzeko hazia guztion artean erein eta lurra guztion artean ureztatu dugula».

Erriberriko Antzerki Jaialdia antolatzen hasi zirenetik, hauxe izan dute helburuetako bat bi zuzendariek: emakumeek idatzi eta sortutako obren proportzioa gizonezkoen obrenaren parekoa izatea. Aktoreak kontatu du emakumeen presentzia ziurtatzeko modu bat dela hori, «moda kontu bat ez dela argi uztekoa». Eurek proportzio horri eusteko ahalmena dutela ere gaineratu du, eta horri esker dirautela hain zorrotz. Pikaza: «Espero dugu guk jaialdia antolatzeari uzten diogunean ardura horri eutsiko diotela».

Lurraldean errotzea

La Dramatica Erranteren sortzaileak kontatu duenez, zuzendari izandako lehen lau urteetan, aukera izan zuten jaialdiaren idiosinkrasia ongi ezagutzeko, baita Erriberrik eta inguruko herriek —Tafalla, Beire, Pitillas eta San Martin Unx— festibalarekin zuten harremana ere. Orain, «ikasitako hori sendotzen, errotzen eta benetan lurraldeari lotutako jaialdi bat egiten» ahaleginduko dira. Pikazak uste du herritarrek badutela festibalaren parte izateko gogoa, eta iaz Marco Canalek Erriberriko gazteluaren atarian egindako emanaldiaz oroitzen da bereziki: «Haur eta heldu denak liluratuta geratu ziren; ez zegoen leku bat bera ere libre». Horren ondoren, aktorea konturatu zen hor bazegoela «zerbait», eta herriak bazuela gogoa jaialdiaren parte izateko.

Bestalde, gaineratu du beste lau urteko epealdia izatea lagungarri izango zaiela Erriberrira joango diren artistekin baldintza hobeak finkatzeko. «Ez da gauza bera bitartekaritza bat egitera etorrarazi nahi dugun artista bati otsailean deitzea abuzturako zerbait prestatuko ote duen galdetzeko, edo uztailean deitzea datorren urteko abuzturako zerbait eskatzeko».

egun «luzeak»

Asko aldatzen dira Pikazaren egunak, esku artean duen proiektuaren arabera; «egun nahiko luzeak izaten ditut», gaineratu du, barre txikiarekin. Yerma filmaren grabaketa amaitu berritan bildu da BERRIArekin, eta hainbat astez egon da horretan murgilduta. Bestalde. Erriberriko Antzerki Jaialdia hastean, Erriberrin bertan izaten dira bi zuzendariak, dena ondo doala ziurtatzeko. Prentsaurrekoak, tailerrak, bitartekaritza saioak, emanaldiak... Hortxe izaten dira Pikaza eta Goirizelaia. «Zaharren egoitza batera ere joan behar izan dugu, obra batean erabilitako gurpil aulki bat itzultzera. Horrelakoak ere egiten ditugu», aipatu du aktoreak.

 Esku artean La Dramatica Errantereren proiektu bat izaten dutenean, berriz, bilerak egiten dituzte sailez sail, landu nahi duten arloaren arabera. Hori bai, kontatu duenez, entseguak goizetan egiten saiatzen dira, obran parte hartzen duten kideei kontziliazioa errazte aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA