Arabako Foru Aldundiak Elkarrekin-en babesarekin onartuko ditu 2026ko aurrekontuak

EAJren eta PSEren arteko koalizioak eta Elkarrekin-ek akordioa lortu dute aurrekontuak onartzeko. Adostutakoaren arabera, 9,8 milioi jarriko dituzte etxebizitza arlorako eta gizarte zerbitzuetarako.

David Rodriguez Elkarrekin Arabako batzarkidea, Batzar Nagusietan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
David Rodriguez Elkarrekin Arabako batzarkidea, Batzar Nagusietan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
unai etxenausia
2025eko abenduaren 15a
10:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Foru Aldundiak adostuta dauzka 2026ko aurrekontuak. EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernua ados jarri da Elkarrekin-ekin, eta, horri esker, Elkarrekin-en proposamenak txertatuko dituzte aurrekontuan. Guztira 9,8 milioi euro gehiago izango dira 2026ko aurrekontuetan, eta, horrez gain, aurreikusi dute 22 milioi euro jartzea 2027rako eta 2028rako; 11 milioi euro urte bakoitzeko.

Espero izatekoa zen akordioa egitea, Elkarrekin-ek osoko zuzenketa erretiratu baitzuen ostiralean. Gaur egingo dute zuzenketa partzialen eztabaida Arabako Batzar Nagusietan. Koalizioko bozeramaile David Rodriguezek adierazi du itunaren bidez lortu dutela aldundiaren plan ekonomikoan «180 graduko norabide aldaketa» egitea, eta azpimarratu du neurriak «langile klasearen eta egoera ahulenean daudenen aldekoak» direla.

Akordioaren ardatz nagusietako bat Etxebizitzarako Ituna da. Horren barruan, belaunaldien arteko bitartekaritza plana abiaraziko dute, urtean lau milioi euroko aurrekontua edukita. Halaber, bi milioi euro jarriko dituzte bide emateko zahar etxe pribatuen sareko lehen lan hitzarmena sinatzeari, eta 900.000 euro izango dira etxegabeei laguntzeko.

Rodriguezek azaldu du akordioak modua ematen duela Araba «bidezkoagoa, kohesionatuagoa eta iraunkorragoa» bilakatzeko, «errealitateari begirako ikuspegi inklusiboa, aurrerakoia eta ausarta» izanda. Elkarrekin-en arabera, hainbat arlotan eragin dute, besteak beste, egoitzetako langileen lan baldintzetan, zainketa sisteman, etxebizitzan, gizarte eta lurralde kohesioan, ingurumenean, garraio publikoan, osasun mentalean eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan.

Akordioak jasotzen du, halaber, komunitate energetikoak sortzea; tokiko merkataritza, nekazaritza ekologikoa eta kultura sustatzea, bai eta nazioarteko lankidetza bultzatzea eta laguntza humanitarioa ematea ere. Atal horretan, koalizioak nabarmendu du diru sail nabarmen bat gorde dela palestinarrentzat.

Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako beharginen gatazka itxi ondoren —sei urte iraun du guztira—, Elkarrekin-ek jada zehaztu du zein den hurrengo erronka: esku hartze sozialaren arloan eta desgaitasunen bat dutenentzako zerbitzuetan lan egiten duten emakumeen lan hitzarmenak desblokeatzea. Hala, 1,1 milioi eurora igo da horretarako diru saila, negoziazioari bide emateko.

Akordioaren barruan, adostu dute bestelako zaintza  ereduren bat aztertzea mendekotasunen bat duten adinekoentzat. Ildo horretan, Besteak beste, aztergai izango dute Gasteizen «bigarren eta hirugarren mailako mendekotasuna» dutenentzako egoitza publiko komunitario bat sortzeko proiektu pilotu bat martxan jartzea, ikusteko bideragarria eta sozialki errentagarria ote den. Era berean, gizarte baliabideen gida eguneratuko da, heriotza duinerako arreta eta zerbitzuak jasota gera daitezen.

Bestalde, baztertuta dauden herritarrentzako baliabide berriak ere jasotzen ditu akordioak. Batetik, beste baliabide bat jarriko zaie eskura etxegabeei; bestetik, hitzarmen bat sinatuko da Zehar Errefuxiatuekin plataformarekin, Malitik etorritako asilo eskatzaileei aldi baterako ostatua eta laguntza eskaintzeko. Gaur egun, horietako asko Betoñuko komisariaren inguruan biltzen dira.

Hainbat neurri

Garraio publikoan ere hainbat berrikuntza izango dira. Eskualdeen arteko garraioa doakoa izango da 20 urtetik beherako ikasleentzat, eta neurria Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasleei aplikatuko zaie, orain arteko adin muga bi urte zabalduta. Horrez gain, Arababusen zerbitzua indartuko da asteburuetan eta gauetan, landa eremutik Gasteizerako joan-etorriak errazteko.

Mugikortasun iraunkorrari lotuta, aurreikusi dute ibilgailu elektriko partekatuen parke bat sortzea landa eremuan. Halaber, azken hilabeteetan herritarrek egindako eskaerei erantzunez, berriz irekiko dituzte Ixona eta Armiñongo autobus geltokiak. Aldi berean, eskatu dute aztertzeko modurik badagoen aldirietako trenen sarea hedatzeko eta Salburuan, Zabalganean eta Jundizko industrialdean geltoki berriak ezartzeko. Neurri horiek finantzatzeko, beste diru sail batzuetako baliabideak erabiliko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.