Gaur 50 urte beteko dira Espainiako Polizia Armatuak Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan bost langile hil zituenetik. Polizien balek eta gas poteek hil zituzten Pedro Maria Martinez Ozio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia eta Bienvenido Pereda Moral. Gerora, langile horien heriotza salatzeko egindako protestetan, Espainiako indar armatuek Juan Gabriel Rodrigo Knafo gaztea hil zuten, Tarragonan, baita Vicente Anton Ferrero ere, Basaurin (Bizkaia). Ahanztura ofizialaren aurka egiteko, biktimek mende erdi daramate onarpena eta justizia eskatzen. Azken urteetan nagusitu diren eskaeretako bat izan da Espainiako Estatuak sarraskian izandako «erantzukizuna» onar dezala; hala berretsi dute gaur, besteak beste, EH Bilduk eta Pentsiodunen Mugimenduak. Orain arteko eskaerek ez dute arrakastarik izan, baina Espainiako Memoria Demokratikorako estatu idazkariak, Fernando Martinezek, iradoki du gaurko urteurrenean berritasunak izango direla alde horretatik.
Asko izan dira horren harira eskaerak egin dituzten elkarte eta erakundeak. Gaur bertan, Gasteizko Pentsiodunen Mugimenduak iragarri du idatzi bat erregistratuko dutela Gobernu Ordezkaritzan, Espainiako Gobernuari eskatzeko «aitor dezala estatuak erantzukizun nagusia eta zuzena duela 1976ko martxoaren 3an Gasteizen egindako krimenetan». Bide berean eskaerak berretsi dituzte gaur ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek, baita EH Bilduk ere. Koalizioko ordezkariak Sinn Feineko eta Bloody Sunday Trusteko ordezkariekin elkartu dira, eta, bileraren ostean, Pello Otxandiano eledunak adibide gisa jarri ditu Irlandako gertakari haren harira Erresuma Batuko Gobernuak egindako urratsak, Espainiakoak ere hala jokatu behar duelakoan: «Han ere estatu krimen bat gertatu zen, eta Britainia Handiko Estatuak ikerketa ofizial bat abiatu zuen».
Urte hasieran, antzera formulatutako eske bat barne hartzen zuen legez besteko proposamena aurkeztu zuten EH Bilduk eta Sumarrek Eusko Legebiltzarrean. PSE-EE, ordea, ez zen ados agertu Espainiako Gobernuari «erantzukizuna» eskatzearekin, eta, azkenean, EAJrekin adostu zuen zuzenketak estatuaren «rola» aipatzen zuen, «erantzukizun» hitzaren ordez.
Espainiako Gobernuaren keinua
Orain arte, beraz, PSOEren gobernuak izkin egin dio Martxoaren 3ko sarraskian estatuak izandako erantzukizuna onartzeari: EH Bilduk eta EAJk Kongresuan eta Senatuan aurkezturiko galderei zuzenean erantzutea saihestu du Espainiako Gobernuak, erantzukizuna estatuaren gain jartzeko. Alta, PSE-EEko eta Espainiako Gobernuko kideek gaur iradoki dute Madrilek adierazpenen bat egingo duela horrekin lotuta. Batetik, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak esan du ez dela «garai txarra» Espainiako Gobernuak «Martxoaren 3ari buruzko iragarpenen bat» egiteko, edukiari buruzko xehetasunik eman ez badu ere.
Bestalde, Fernando Martinez Memoria Demokratikorako estatu idazkariak ere adierazpenak egin ditu auzi horren inguruan, Gasteizen egindako agerraldian. Izan ere, aurtengo berrietako bat izan da Espainiako Gobernuak San Frantzisko eliza «memoria leku» izendatu duela. Goizeko hamaiketan, izendapen hori gogoratzeko plakaren inaugurazio ekitaldia egin du Gasteizko Udalak, eta han izan da Martinez, Maider Etxebarria alkatearekin, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiarekin eta Eusko jaurlaritzako Justiziako eta Giza Eskubideetako sailburu Maria Jesus San Joserekin batera. Bada, han, estatu idazkariak Manuel Fragaren gobernua jo du sarraskiaren erantzuletzat, baina esan du astearteko Ministroen Kontseiluak «nolabaiteko aitortza» egingo diela biktimei.
Martxoaren 3arekin bat eginda
Urtetik urtera biktimen elkarteen aldarrikapenek gizartean eta instituzioetan geroz eta onarpen handiagoa duten seinale, inoizko parte hartzerik eta sostengurik handiena espero da gertakarien 50. urteurren sinbolikoan. Tradizio bihurtua da arratsaldean lore eskaintza egitea biktimen omenezko monolitoaren aurrean. Aurten, ordea, omenaldi horrek eta ondoren egiten den manifestazio jendetsuak berritasunak izango ditu. Izan ere, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek eutsi egin badiote ere Martxoak 3 elkartearekin batera monolitoan egingo duten omenaldiari, erabaki dute Zaramaga auzotik erdialderantz egin ohi den urteroko manifestazioaren ordez Katedral Berriaren eta Andre Maria Zuriaren plazaren arteko tartea hartuko duen «mobilizazio handi» bat egitea. Herri mobilizazio handi hori «modu solemnean» hasiko da, elkarteak eta sindikatuek iragarri dutenez, eta «ekitaldi handi batekin» amaitu. Antolatzaileek gaineratu dute hainbat arlotako artisten emanaldiak, pantaila erraldoiak eta «zenbait sorpresa» egongo direla ekitaldian.
Hala ere, ekitaldi bateratu horiek ez dira Gasteizen programaturik dauden ekintza bakarrak. Alderdi eta erakunde politiko gehienek omenaldiak egingo dituzte goizean. Hain zuzen ere, San Frantzisko elizaren ondoko monolitoan lore eskaintza ugari izango dira. 08:45ean hasiko da alderdi eta erakundeen desfilea, Equo Berdeak taldea bertaratuko baita orduan, eta gainerako alderdietako gehienak ere elkartuko dira monolitoaren aurrean, txandaka-txandaka: PPk, Ahal Dugu-k, PSE-EEk, EAJk eta Sumar Mugimenduak omenaldiak egingo dituzte. Hainbat instituzio publikotako ordezkariak ere bertaratuko dira: 09:15ean, Eusko Jaurlaritzak lore eskaintza egingo du, eta EHUko errektoreak ere omenaldi bat egin asmo du.
Ikusi gehiago
Lore eskaintzez bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte. Gogora institutuak Martxoaren 3ko biktimen omenaldia egingo du goizeko hamarretan Goiuri jauregian, eta hainbat eragilek «ekitaldi nazionaletara» deitu dute urteurrenaren harira. Besteak beste, LABek ekitaldia antolatua du, 10:30ean hasita, Europa jauregian, eta EH Bilduk ere antzeko saio bat egingo du 13:00etan. Ikasle mugimenduak ere iragarri du mobilizazio handiak egingo dituela hala goizean nola arratsaldean: Ikama sindikatuak 12:00etan abiatuko du manifestazioa, eta Ernaik «ekitaldi politikoa» egitekoa du arratsaldeko lauretan. IASk eta GKSk ere manifestaziora deitua dute 11:30erako, eta 17:30ean «bloke sozialista» osatzeko deia egin diete langile eta ikasleei.