Beste ziklo politiko batera pasatzeko borondatea

Bake Bideak eta Bakegileek ibilbidea bukatu, eta bide berri bat abiatu da memoria ardatz. Batera plataforma berpiztu da, instituzio handinahiago bat lortzeko helburuz.

Batera plataformaren birfundatze biltzar nagusia. PATXI BELTZAIZ
Batera plataformaren birfundatze biltzar nagusia. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko abenduaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ipar Euskal Herrian beste ziklo politiko batera iragateko borondatea ikus daiteke azken hilabeteetan. Bake Bideak eta Bakegileek bukatutzat jo dute beren ibilbidea, eta bide berri bat abiatu da euskal gatazkaren konponbidean, memoria ardatz. Anartean, Batera plataforma berpiztu da, Ipar Euskal Herrirako instituzio handinahiago bat lortzeko helburuz. Martxoan iraganen diren herriko bozen ondotik prozesu hori babestuko duen gehiengo bat lortu nahiko lukete. 

«Bake justu eta iraunkor bat» eratzeko bide orri berri bat adostera deitu zuten ekainean Baionan, Bake Bidearen eta bakegileen bukaera finkatu zuen foroan. Adierazpen bat aurkeztu zuten ondoko urteetarako erronkak zehazteko. «Gure lurraldearen etorkizuna Aieteko Konferentziatik gidatu gaituen kontsentsuaren gainean oinarriturik eraikitzera engaiatzen gara, Euskal Herri baketsu eta erresiliente batera heltzeko, zeinetan euskara bizi eta erabiliko den, eta denen zerbitzura izanen den antolaketa instituzional baten bilakaera gogoetatuko den». 

Euskal gatazkaren memoria lantzeko egia eta adiskidetze batzorde bat sortzeko beharra azaleratu zuten manifestuaren sinatzaileek, «biktima guzien sufrimenduaren aitortza» lortzeko, eta «erreparazio bideak» definitzeko. Louis Joinet institutuak hartu du lan hori egiteko ardura, eta batzordearen izaera zehazteko txosten bat prestatzen hasiak dira. Era berean, Ipar Euskal Herriko diputatuek lan bat abiatu dute Frantziako Estatuak GALen inguruan izan zuen inplikazioa argitzeko. Bi lanak aldi berean eramanen dituzte, elkarlanean. Aurten, 40 urte dira Monbar hoteleko atentatua izan zela. Omenaldia antolatu zuten irailaren 25ean, Baionan, eta egia, memoria eta aitortza eskatu zituzten.

Anartean, gatazkaren ondorioek hor segitzen dute. Josu Urrutikoetxea atxilotu eta preso sartzeko eskatu zuen abendu hasieran Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, herriko tabernen auziari loturik beste euroagindu eskaera bat bideratuta. Baina Urrutikoetxea bere baitarik aurkeztu zen Frantziako Fiskaltzaren aitzinera Parisen, eta kontrol judizialpean libre utzi zuten. Ondoko asteetan aztertuko dute euroagindua. Apirilaren 9 eta 10ean beste epaiketa bat izanen du Urrutikoetxeak, 2002 eta 2005 artean ETAko kide izan zela leporatuta. 

Euskal Elkargoaren bilakaera

Zer eta nolakoa. Bi galdera horietaz gogoetatu nahi du Batera plataformak. Biltzar nagusia egin zuten maiatzean, eta erabaki Ipar Euskal Herrirako estatus bereziko lurralde elkargo bat sortzeko eskaria berriz plazaratzea. Orain gogoetatzen ari dira, ikusteko instituzio berri horrek nolakoa izan behar lukeen, eta hura lortzeko zer bide hartu litekeen. Foroa antolatu zuten azaroan Baionan, besteak beste Alsaziako eta Lyongo ereduak aztertzeko. Hain zuzen, Lyongo metropolia da gaur egun duten inspirazio iturrietako bat, estatus bereziko lurralde elkargo bilakatu baitzen, hirialde elkargo batetik abiatu eta departamenduaren eskumenak bere eginik. 

Ipar Euskal Herrian ere gaur egun dagoen hirigune elkargoaren bilakaera bat irudikatzen dute. Pirinio Atlantikoetako Departamendua desagertu eta haren eskumenak bereganatu litzake, orain baino botere politiko handiagoa lortzeko. Eta eskumen gehigarri batzuk ere negoziatu litezke, Akitania Berria eskualdearenak adibidez. Parisen adostasuna eskatuko du horrek guztiak: Frantziako Gobernuarena lehenik, eta Asanblearena ondoren. Baina Ipar Euskal Herrian jokatuko da lehen partida, instituzio proiektua adostu eta haren aldeko gehiengoa lortzea izanen baita lehen erronka. Bide horretan, funtsezkoak izanen dira heldu den martxoan iraganen diren herriko bozak. 

Esnal eta Manterola

Ipar Euskal Herriko hiru euskal militante hil dira aurten. Urrian, Jakes Esnal euskal preso ohia zendu zen, eritasun luze baten ondorioz. 32 urte Frantziako presondegietan egon ondotik, duela hiru urte lortu zuen baldintzapean aske geratzea. 74 urte zituen.

Azaro hasieran Xabier Manterola zendu zen. Urte luzez Uda Leku elkarteko langile izateaz gain, 1980ko hamarkadan Iparretarrak talde armatuko kide izan zen, eta 1985. urtean GALek bonba bat jarri zion autoan. Bizirik irten zen atentatu hartatik. Azken urteetan, Hendaiako (Lapurdi) elkartegintzan engaiatua zen, eta Hendaia Biltzen taldeko hautetsia zen. 

Jose Manuel Pagoaga ‘Peixoto’ ETAko militante historikoa abenduaren 14an hil zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.