Israelek eta Ameriketako Estatu Batuek eraso bateratu bat egin zuten atzo South Pars gas hobiaren kontra, Persiar golkoan, eta Iran erantzuten hasia da jada. Atzo, besteak beste, gas natural likidotua ekoizteko Qatarko findegi bati eraso zion. Gaur, Qatarko iturri ofizialek salatu dute zenbait misilek «kalte handia» eragin dutela findegi horretan; Kuwaiteko Petrolioaren Korporazioak jakinarazi du drone bidezko erasoek suteak piztu dituztela bi findegitan; Arabiar Emirerri Batuetako agintariek esan dute misilak eraitsi dituztela gas estazio batetik eta petrolio hobi batetik gertu; Saudi Arabiak ohartarazi du drone batek eztanda egin duela findegi batean; eta Israelgo hedabideek kaleratu dute herrialde horretako Haifa hiriko petrolio findegi batera erori direla eraitsitako misil baten hondakinak.
Aurrez, Donald Trump AEBetako presidenteak aditzera eman du Qatarrek ez duela zerikusirik izan South Pars hobiaren kontrako erasoarekin, ezta Washingtonek ere. «Ez genekien ezer», idatzi du sare sozialetan, nahiz eta The Wall Street Journal egunkariak kaleratu duen, AEBetako iturri ofizialak aipatuz, Trumpek berak balekoa eman ziola erasoari, Teheranek Ormuzko itsasartea ireki dezan presio egiteko asmoz. Eta Reuters agentziak, berriz, kaleratu du Washingtonek eraso hori koordinatzen lagundu zuela; hori esan diote Israelgo iturri ofizialek. Goizaldean sare sozialetan idatzitako mezu batean, AEBetako presidenteak mehatxu egin du Iranek Qatarko findegi horren kontrako beste eraso bat eginez gero «masiboki leherraraziko» dutela Persiar golkoko gas hobia: «Inoiz ez bezala».
Hobi hori munduko handiena da: 9.700 kilometro koadroko azalera du, eta handik irteten dira islamiar errepublikaren gas esportazio handienak. South Pars deritzo Iranen uretan dagoen 3.700 kilometro koadroko guneari; eta North Dome, berriz, Qatarko uretan dagoen 6.000 kilometro koadroko guneari.
12.700AEBetako armadak zenbat gastatu duen, milioi dolarretan. AEBek eta Israelek otsailaren 28an ekin zioten Iranen kontrako erasoaldiari, eta lehenbiziko sei egunetan 12.700 milioi bat dolar —11.000 milioi euro— gastatu ditu AEBetako armadak, CSIS Nazioarteko eta Ikerketa Estrategikoetarako Zentroaren arabera. Munizioaren, aireko defentsa sistemen eta kalteen kostua besterik ez du hartu kontuan balantze hori egiteko: Washingtonek 5.500 milioi dolar gastatu ditu jaurtigaietan eta 5.700 milioi defentsa sistemetan; 1.400 milioiren kalteak izan ditu.
Pete Hegseth AEBetako Gerra idazkariak prentsaurrekoa eman du gaur Pentagonoaren egoitzan, eta kazetariek zera galdetu diote: atzoko erasoa bateratua izan ez bazen, ea Israelek bere helburuen arabera antolatu zuen, AEBenak alde batera utzita. «Helburuak ditugu, argi dago zeintzuk diren. Aliatuak ere helburuak lortzen ari dira», erantzun du idazkariak, eta erantsi du Teheranek «arma» gisa erabili duela energia hamarkada luzez: «Israelek ohartarazpena besterik ez dio egin».
Washingtonen asmoak hauexek dira, Hegsethen hitzetan: Teheranen misilen programa, industria militarra eta itsas armada suntsitzea, baita bonba nuklearra lortzea galaraztea ere. Bada, Tulsi Gabbard AEBetako Inteligentzia Nazionaleko idazkariak Ordezkarien Ganberako inteligentzia batzordeko bilera batean esan du «desberdinak» direla Washingtonen eta Tel Aviven helburuak: lehena Teheranen ahalmen militarraren kontra ari da, eta bestea islamiar errepublikako agintarien kontra. Azken bi egunetan, Israelek Irango segurtasun eta inteligentzia buruak hil ditu.
Duela astebete, AEBetako sei soldadu hil ziren Iraken, zisterna hegazkin bat erorita, eta haien senideekin hitz egin duela esan du Gerra idazkariak: «Hasitakoa amaitzeko eskatu ziguten, sakrifizioa omentzeko, lantegi hau bukatu arte ez geratzeko. Nire erantzuna, eta presidentearena ere bai, xinplea izan zen: amaitu egingo dugu, noski». Ez du zehaztu noiz pentsatzen duten erasoaldia etetea, Trumpek noiz iritziko dion aipatutako helburuak bete dituztela, azken batean presidenteak erabakiko baitu hori, Hegsethen arabera.
Iranek sortutako «kezka»
Horren harira, Sanae Takaichi Japoniako lehen ministroa Trumpekin bildu da gaur Etxe Zurian, eta esan du presidentea dela «munduan zehar bakea» lortzeko kapaz den bakarra. Inoiz bonba nuklearrekin eraso dioten herrialde bakarra izanik Japonia, Takaichik esan du «onartezina» dela arma nuklearrak garatzea —AEBek Bigarren Mundu Gerran egin zioten eraso Japoniari bi bonba nuklearrekin, Hiroshima eta Nagasaki hirietan—.
Washingtonera joan aurretik, atzo, Takaichik esan zuen aztertzen ari direla armadaren ontziak Ormuzera bidaltzea petroliontziak eskoltatzeko, baldin eta aurrez su etena ezartzen badute. Hori txalotu du gaur Trumpek, lehen ministroarekin bilduta zegoela: «Espero dut Japoniak pauso bat ematea, zeren, badakizu, badugu harremana». Erantsi du petrolioa badela pauso hori emateko arrazoia, Japoniak Ormuzko itsasartetik jasotzen baititu petrolio inportazio ia guztiak.
Europak Iranen erasoak salatu ditu, eta Ormuzko itsasartearen blokeoa gaitzetsi du. Ohar bateratua eman dute Erresuma Batuak, Frantziak, Alemaniak, Italiak eta Herbehereek, baita Japoniak ere, eta ziurtatu dute prest daudela «dagokien ahaleginak» egiteko itsasarte horretako garraio «segurua» bermatzearren: «Nabigazio askatasuna nazioarteko legediaren oinarrizko printzipioa da». Hori bai, esana dute esku hartze militarrik ez dutela egingo.
Atzo, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak erasoak eteteko eskatu zuen, Iranek Qatarko findegi bati eraso eta gero. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak aurpegiratu dio ez duela ezer esan aurrez Israelek eta AEBek South Pars hobiari egindako erasoaz: «Ez zen kezkatu Israelek gure gas instalazioei eraso zienean. Baina kontraerasoa egin genuenean, bai. Tristea da, ba!», idatzi du gaur sare sozialetan. Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak ere Qatarren kontrako erasoa gaitzetsi du gaur sare sozialetan, eta Ekialde Hurbileko gatazka «agudo» konpontzeko ahaleginetan ari direla esan.
Pentagonoak 200.000 milioi dolar —170.000 milioi euro— eskatuko dizkio AEBetako Kongresuari, Iranen kontrako gerrarako arma gehiago ekoizteko; hori jakinarazi du The Washington Post egunkariak, iturri ofizialak aipatuz. Hegseth Gerra idazkariak hori baieztatu du, eta uste du eskatutakoa jasoko dutela: «Dirua behar da gaiztoak hiltzeko». Dena den, egunkari horren arabera, Etxe Zuriko iturriek ez dute uste eskaerak aurrera egingo duenik, Ordezkarien Ganberaren eta Senatuaren baimena beharko baita horretarako; goi ganberan 60 senatariren baiezkoa beharko luke, eta errepublikanoek 53 eserleku dituzte han.