Israelek hilaren 13an hasi zuen Iranen kontrako erasoaldia, eta, Donald Trump AEBetako presidentearen arabera, gatazka bukatzear izan liteke. Euskal Herrian gauerdia pasatuta zela Truth Social sare sozialean idatzi duenez, Israelek eta Iranek su eten bat ezartzea onartu dute. Trumpek azaldu duenez, faseka eginen dute: Euskal Herrian 06:00ak direnean Iranek Israeli eraso egiteari utziko dio; hori betetzen dela egiaztatuz gero, 12:00etan Israelek etengo ditu erasoak. Eta, egun baten buruan menia bete bada, «12 eguneko gerra» ofizialki bukatuko da. «Horrela esan beharko zaio, 12 eguneko gerra».
Mezuan zehaztu duenez, menia hasi arteko orduetan bi herrialdeek jarraitu egingo dute «indarrean dituzten eginkizunekin».
Israelek hasi zuen gatazkaren gertakariek garapen bizkorra eta ustekabekoa izan dute asteburuaz geroztik. Ameriketako Estatu Batuek Irango hiru gune nuklear nagusi bonbardatu zituen herenegun, eta Iranek eraso «proportzionalarekin» erantzun zion atzo: Washingtonek Ekialde Hurbilean dituen zenbait gune militarren kontrako Garaipenaren iragarpena operazioari ekin ziola adierazi zuen. Qatarko Al-Udeideko aire basea da horietako bat, AEBek eskualdean duten gune militarrik handiena; 10.000 militar inguruk egiten dute lan han, nahiz eta ingurua ebakuatu egin zuten aldez aurretik. Irango Segurtasun Nazionalerako Kontseilu Gorenaren ohar baten arabera, AEBek herenegun jaurti zituzten adina misilekin erantzun zuten aire basearen aurka, eta «txikituta» utzi zuten. Qatarko Defentsa Ministerioko iturrien arabera, hamabi misil jaurti zituen Iranek, eta bakarrak jo zuen base militarra, nahiz eta ez zuen kalterik eragin. Trumpen arabera, «oso ahula» izan zen erasoa.
Trumpek eskerrak eman dizkio Teherani, eraso egingo zuela «aurrez jakinarazteagatik». Honela idatzi du sare sozialetan, su etena iragarri baino lehen idatzi duen mezu batean: «Ez dute estatubatuarrik zauritu, eta ia kalterik ez dute eragin. Zorionez, ez da gorrotorako tarte gehiagorik egongo. Beharbada, Iranek bakea eta harmonia lor ditzake eskualdean; gogotsu adoretuko dut Israel, gauza bera egin dezan». Zera ere erantsi zuen: «Zorionak, mundua, bada bakerako garaia!».
Pentagonoak baieztatu zuen irismen laburreko eta ertaineko misilak jaurti zituztela Al-Udeiderantz, eta ez zutela hildakorik eragin. Erantsi zuen Iranek «mendeku» hartuko zuen berri zutela AEBek, baina eraso «sinbolikoa» izan zela azken finean. Teheranek Irakera ere jaurti zituen misilak, Tasnim berri agentziak baieztatu zuenez; AEBetako iturri ofizialek, ordea, esan zuten ez ziotela erasorik egin Al-Udeid ez den ezein gune militarri.
Arratsaldean, erasoa baino lehen, Qatarko aire eremua ixteko agindu zuen Atzerri Ministerioak, eta neurri bera hartu zuten ondoren Bahrainek, Kuwaitek eta Arabiar Emirerri Batuek —dagoeneko ireki dituzte hiru herrialde horiek—. Halaber, Washingtonek ohartarazi zien Qatarren bizi diren estatubatuarrei gorde daitezela babeslekuetan; Londresek ere hala eskatu zien britainiarrei. Hortik gutxira entzun ziren eztandak Dohan —Al-Udeid aire basea 25 kilometrora dago—.
Berehala heldu zen Doharen erantzuna: Majed al-Ansari Qatarko Atzerri Ministerioko bozeramaileak esan zuen aireko defentsa sistemak Iranen misil guztiak atzeman zituela, eta ez zela hildakorik egon. Sare sozialetan idatzi zuen mezuan, Qatarren «subiranotasunaren» kontrako erasoa gaitzetsi zuen «gogorki», eta erantsi Dohak «eskubidea» duela «eraso lotsagabe» horri erantzuteko. Teherani exijitu zion bertan behera utzi zitzala ekintza militarrak, eta «serioski» itzul dadila AEBekin negoziazio mahaira: «Azpimarratzen dugu ekintza militarrekin jarraitzeak eskualdeko segurtasuna eta egonkortasuna ahulduko dituela».
Irango Segurtasun Nazionalerako Kontseilu Gorenak adierazi zuen, ohar bidez, erasoak ez diela «arriskurik handitu» Qatarri eta bere herritarrei: «[Bien arteko] Harreman historiko eta goxoari eutsiko diogu». Dena den, Reuters agentziak Irango iturri ofizialak aipatuz kaleratu zuenez, erasoaldiekin jarraituko zuen: «Diplomaziari ekingo dio behin erasotzailea zigortu eta gero».
Ekialde Hurbiletik ere izan ziren erreakzioak Al-Udeideko bonbardaketaren ondoren: Saudi Arabiako Atzerri Ministerioak, ohar bidez, esan zuen Teheranek nazioarteko zuzenbidea urratu duela, eta «bizilagun onen printzipioak» ere bai; Irakeko Atzerri Ministerioak, berriz, aitortu zuen gatazka zabalduko den beldur dela, eta «inflexio puntua» zela eraso hori; Arabiar Emirerri Batuek ere gaitzetsi egin zuten. Bestalde, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esan zuen, sare sozialetan, Ekialde Hurbileko «gurpil zoroak» amaitu beharra duela.
Iranen gaitasun nuklearra
Trump AEBetako Segurtasun Nazionalerako Batzordearekin bilduta egon zen Iranen erasoaldia jazo bitartean. Bileran zela, Truth sare sozialean gogora ekarri zituen AEBen asteburuko bonbardaketak: «Iranen jo genituen guneak guztiz suntsitu ziren, eta denek dakite hori». Hain zuzen, Etxe Zuriko bozeramaile Karoline Leavittek atzo ziurtatu zuen Iranek ez duela arma nuklearrik eraikitzeko «ahalmenik»; ABC News hedabidean egindako agerraldi batean egin zituen adierazpenak.
Trumpek ez bezala, JD Vance presidenteordeak ez zuen hizpide izan arrakasta, eta herenegun gauean —Euskal Herrian gaur goizaldean— aitortu zuen gaur-gaurkoz ez dakitela non dagoen Iranek ustez pilatua duen uranioa. «Datozen asteetan lan egingo dugu erregai hortaz arduratzeko, eta hori izango da Iranekin hizpide izango ditugun gaietako bat». AEBetako presidenteordea ziur zen Teheran negoziazio mahaian eseriko zela, asteburuan Washingtonek herrialdeko hiru gune nuklear nagusiak bonbardatu arren.
Vancek berretsi zuen operazioa «kolpe gogorra» izan dela Iranen programa nuklearrerako, eragindako kalteek hondatu egin dituztelako uranioa aberasteko erabiltzen diren zentrifugagailuak. Israelgo informazio iturriek zabaldutako irudietan ere zulo handiak ikusten dira Fordowko gune nuklearrean, eta Tel Avivek ziurtatu du «kalte handiak» jasan dituela, baina ez dagoela erabat suntsitua. Lurpean dago Fordowko gune nuklearra, eta misilen aurkako ezkutuekin babestua daukate. Israel saiatu da azken egunetan hura suntsitzen, baina ez du lortu, eta horregatik eskatu dio laguntza AEBetako armadari. Baina ez dago argi Etxe Zuriaren misilek zer-nolako kaltea eragin dioten.
Uranioa aberasteko erabiltzen den teknologia ez ezik, biltegiratutako uranioa bera ere bada Mendebaldeko potentzien kezka. Israelen informazio zerbitzuen arabera, AEBek eraso egin baino lehen, Teheranek tokiz mugitu ditu %60tik gora aberastutako 400 kilo uranio. Ustez, uranioa Isfahandik gertu dagoen beste gune nuklear batera eraman du Teheranek. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako buru Rafael Grossik berak ere baieztatu du uranio aberastua tokiz aldatu duela Teheranek: «Gauza jakina da Iran erregaia babesten ari dela».
Grossik atzo ohar batean adierazi zuen litekeena dela AEBen erasoak «kalte oso nabarmena» eragin izana Fordown. Halere, herenegun esan zuen IAEAk ere ezin duela jakin zer-nolako kalteak eragin dituzten bonbardaketek Irango azpiegitura nuklearretan. Herenegun, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua urgentziaz batzartu zen, Iranek hala eskatuta; han mintzatu zen Grossi: «Azpiegitura nuklearrei inoiz ez litzaieke eraso egin beharko; isuri erradioaktiboak eragin ditzakete». Ohartarazi zuenez, gatazka gaiztotuz gero arriskuan jarriko da herritarren bizitza, eta «soluzio diplomatikoak» lortzea atzeratu egingo da.
Aurrez, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak hartu zuen hitza, eta zuzenean AEBak aipatu ez bazituen ere, Etxe Zuriaren jarrera kritikatu zuen: «Estatu kide guztiek bete behar dituzte Nazio Batuen Agirian jasotzen diren betebeharrak, baita nazioarteko zuzenbidearen legeak ere». Eta Irani gogorarazi zion Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna errespetatu beharra daukala.
Errusiak AEBen erasoak gaitzetsi zituen: «Iranen aurkako erasoak ez du oinarririk, ez justifikaziorik», adierazi zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak, ohar batean. Atzo, Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxirekin batzartu zen Putin, Moskun. Bilera eta gero, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak esan zuen herrialde guztiek dutela eskubidea zentral nuklearrak kudeatzeko eta energia nuklear «bakezalea» edukitzeko.

Irango armadako bozeramaile Ebrahim Zolfaghari Trumpi mintzatu zitzaion: «Trump jauna, gerra hau zuk hasi zenuen, baina guk amaituko dugu», adierazi zuen, IRNA Irango albiste agentzia nazionalak zabaldu zuenez.
Errepresalia horietako batzuk nolakoak izan daitezkeen aurreratu zuten nazioarteko hedabideek. Teheranek Ormuzko itsasartea itxi dezake, eta petrolio upelaren prezioa nabarmen garestitzea eragingo luke horrek —pasabide horretatik garraiatzen dute Persiar Golkoan ekoitzitako petrolioaren eta gasaren kantitate handi bat—. Irango Parlamentuak onartu zuen neurria herenegun, baina Segurtasun Nazionalerako Kontseilu Gorenak du azken hitza. Atzo, Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak ohartarazi zuen itsasartea ixtea «oso arriskutsua» izan daitekeela, eta ez diola inori «onik» egingo. EBko Atzerri ministroak batzartu ziren Bruselan, eta bilkuraren aurretik hitz egin du Kallasek.
Beste erantzun posible bat da Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna uztea. Baina azken hori ez duela egingo jakinarazi zuen atzo Irango Atzerri ministrorde Majid Takht-Ravantxik. Entekhab Irango berri agentziak jaso duenez, Takht-Ravantxik adierazi zuen Teheranek uranioa aberasten jarraituko duela, baina «helburu baketsuetarako». Hori bai, ministrordeak ziurtatu zuen ez dutela programa nuklearraren inguruan negoziatzen jarraituko Irani eraso egiten ari zaizkion bitartean.
Bonbardaketa gehiago
Israelek eta Iranek elkarri erasotzen jarraitu dute bitartean. Israelgo armadak ohar bidez jakinarazi du Fordowko gune nuklearraren sarbideari egin ziola eraso atzo. Horrez gain, «Irango erregimenaren helburuak» jo dituztela ere ziurtatu zuen, hala nola Irango Guardia Iraultzailearen hainbat aginte gune eta Teherango espetxe bat. Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak ohar batean adierazi zuen «inoiz baino gogorrago» egin zietela eraso Irango Gobernuaren «organoei». Israelgo armadak sei aireportu ere bonbardatu zituen, The Jerusalem Post Israelgo egunkariak armadako iturriak aipatuz kaleratu zuenez. Eta, Israelek jakinarazi zuenez, Irakeko mugatik gertu dagoen Kermanxah probintziako «azpiegitura militarrak» ere bonbardatu zituen.
Iranek ere jaurti zituen misilak atzo. Israelgo hedabideek kaleratu zutenez, hamar edo hamabost misil jaurti zituen Teheranek Israelera. Ez zuten argitu horietako zenbatek jo zuten lurra, ezta zenbaterainoko kalteak eragin zituzten ere.
Gatazkak ezinegona sortu du AEBek Ekialde Hurbilean dituzten base militarretan ere, batez ere Trumpek sare sozialetan «erregimen aldaketa» baterako aukeraz hitz egin ostean. AEBetako estatuburuak sare sozialetan zabaldutako mezu batek halaxe zioen: «Ez da politikoki zuzena erregimen aldaketa kontzeptua erabiltzea, baina, Irango egungo erregimena ez bada gai Iran berriz handi egiteko, ez al litzateke erregimen aldaketa bat beharko?». Geroago, Etxe Zuriak zehqztu zuen galkdera bat zela, ez baieztapen bat.
Israelgo Gobernuak ere adierazi zuen bere asmoa ez dela Ali Khamenei Irango lider gorenaren gobernua eroraraztea, nahiz eta hori izan litekeen erasoaldiaren «ondorioa». Halaxe esan zuen David Mencer gobernuko bozeramaileak, atzo, prentsaurreko batean: «Irango erregimenak beldur gehiago dio bere herriari Israeli baino».
Horiek horrela, gaur NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen goi bilera hasiko dute Hagan (Herbehereak). Bi egun iraungo du, eta helburutzat finkatuko dute aliantza militarreko estatu kideek beren BPG barne produktu gordinaren %5 gastu militarrerako baliatzea. Bezperan, Mark Rutte erakundeko idazkari nagusiak prentsaurrekoa eskaini zuen, eta Ekialde Hurbileko egoera izan zuen hizpide: «[NATOko] Aliatuak bat datoz aspalditik: Iranek ezin du arma nuklearrik garatu». Horretarako gai izatea da Rutteren «beldur handiena», Ekialde Hurbileko gatazkari dagokionez.