Espainiako Gobernuak X, Meta eta Tiktok sare sozialak ikertzeko eskatuko dio fiskaltzari

Adimen artifiziala erabiliz haur pornografia sortzea eta zabaltzea leporatzen die Pedro Sanchezen gobernuak. «Gure seme-alaben osasun mentalaren, duintasunaren eta eskubideen aurka egiten ari dira», argudiatu du Espainiako gobernuburuak.

Meta enpresaren aplikazioak, telefono baten pantailan: Facebook, Instagram, Threads. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE.
Meta enpresaren aplikazioak, telefono baten pantailan: Facebook, Instagram, Threads. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko otsailaren 17a
09:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak beste neurri bat hartu du sare sozialen eragin kaltegarriak mugatzeko asmoz. «Erraldoien inpunitatea» amaitu behar dela adierazi du gaur Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak, eta iragarri Ministroen Kontseiluak X, Meta eta Tiktok sare sozialak ikertzeko eskatuko diola fiskaltzari. Adimen artifiziala erabiliz haur pornografia sortzeagatik eta zabaltzeagatik sare sozial horiek delituak egiten ari direlakoan dago Moncloa. Hilaren hasieran, Sanchezen gobernuak jakinarazi zuen sare sozialak erabiltzea debekatuko diela 16 urtez azpikoei.

«Plataforma horiek gure seme-alaben osasun mentalaren, duintasunaren eta eskubideen aurka egiten ari dira», salatu du Sanchezek, non-eta X sare sozialean zabaldutako mezu batean. Horregatik, Fiskaltzaren Estatutu Organikoko 8. artikulua erabiliko duela azaldu du Espainiako presidenteak. Hau da, gobernuak zuzenean eskatuko dio fiskaltzari ikerketa hasteko, interes publikoko gai bat dela argudiatuta.

Otsailaren 3an, sare sozialen aurkako beste hainbat neurriren berri eman zuen Sanchezek; tartean, 16 urtez azpikoei sare sozialetarako sarbidea debekatzea. Plataforma digitalek «porrot» egin dutela adierazi zuen orduan, eta salatu enpresa horiek ez dituztela zigorrak jasotzen: «Legeei ez ikusiarena egiten zaie, eta delituak onartzen dira».

Teknologiari eta berrikuntzei buruzko urteroko goi bilera batean parte hartu zuen Espainiako presidenteak, Dubain (Arabiar Emirerri Batuak), eta han egindako agerraldian eman zuen erabaki horren berri. Beste hainbat neurri ere iragarri zituen: delitu gisa jasotzea algoritmoen manipulazioa eta legez kanpoko edukiak zabaltzea, eta legez kanpoko edo gorroto delitu gisa jotako edukiak plataforma digitaletatik ezabatu ezean erantzuleak plataforma horien jabeak izatea.

Espainia ez da, baina, gisa horretako neurriak hartu dituen estatu bakarra. Aurrez, urtarrilaren amaieran, Frantziako Asanbleak 15 urtetik beherakoei sare sozialak debekatzearen alde egin zuen, eta neurria Senatura igaro zen. Besteak beste Danimarkan, Erresuma Batuan, Grezian, Norvegian eta Portugalen ere antzeko neurriak eztabaidatzen ari dira, plataforma horiek adingabeen osasun mentalari eragin diezaioketela eta. Australian abendutik indarrean da 16 urtetik beherakoek sare sozialak erabiltzeko debekua.

Europako Batzordea ere ari da sare sozialak ikertzen. Berriki, ikerketa horietako baten lehen emaitzen berri izan ostean, Bruselak ondorioztatu zuen Tiktok adiktiboa dela. Hori dela eta, Europako Batzordeak aldaketak egiteko exijitu dio sare sozial horri; bestela, zigorrak ezarri ahal izango dizkio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.