Behin-behineko egoeran bizi diren berrehun bat migratzaile Ceutako (Espainia) El Trampolin hondartzan elkartu dira gaur, Espainiari asiloa eskatzeko. Eguerdian izan da, Gurutze Gorria bazkaria banatzen ari zela. Lurrean eseri dira, eta «asiloa!» oihukatu dute denek batera. Magrebetik joandako migratzaileek ez dute jan nahi izan, protesta modura, adierazteko ez dutela Marokora itzuli nahi —Saharaz hegoaldeko migratzaileek hartu dute Gurutze Gorriak emandako janaria—. Aldarrikapen kartelak zeramatzaten eskuetan, eta baita zenbait Espainiako bandera ere. Inguruan zegoen jendeak bat egin du haiekin.
Inguruan lanean ari diren GKE gobernuz kanpoko erakundeetako kideek lagundu diete kartelak sortzen, eta haiek animatu dituzte protesta egitera. Adierazi dute entzunak izan nahi dutela, eta asiloa eskatu nahi dutela Espainian. Azken egunetan eraiki dituzten dozenaka txabolen artean egin dute protesta, hirian sortu duten bilgunerik handienean. Ez dute deialdi ofizialik egin.
Izan ere, bi aste dira ehunka migrante itsarertzean daudela, zain, ea zer gertatuko zaien. Gutxienez 4.000 migrante adingabe daude Ceutan. Haietako askok bi aste baino gehiago daramatzate gaua kalean pasatzen, eta administrazioak apenas eman duen adingabeak erregistratzen hasteko pausorik.
Bihar Pedro Sanchez Espainiako presidenteak gobernu bilera egingo du zenbait ministrorekin, hain zuzen, Ceutako migratzaileekin zer egin erabakitzeko. Elma Saiz Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantzako eta Migrazioko ministroa ere Ceutan izango da bihar, hango arreta humanitarioaren berri izateko eta Juan Jesus Vivas Ceutako presidentearekin biltzeko.