Starmerrek dimisioa aurkeztuko du, Erresuma Batuko hedabideen arabera

Erresuma Batuko lehen ministroak uko egingo dio Alderdi Laboristaren primarioetan parte hartzeari, eta Andy Burnham Manchesterko alkate ohiari utziko dio bere tokia. Burnham asteon bihurtu da Komunen Ganberako parlamentari.

Starmer asteon, G7ko bileran. YOAN VALAT / EFE
Starmer asteon, G7ko bileran. YOAN VALAT / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko ekainaren 21a
11:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenean bai: Keir Starmer Erresuma Batuko Alderdi Laboristaren lider eta herrialdeko lehen ministroak atzera egingo duela dirudi. The Observer egunkariak aurreratu du albistea, eta ziurtzat jo dute beste zenbait hedabidek ere: Starmerrek dimisioa aurkeztuko du bihar.

Egunkari horrek kontatu duenez, Starmerrek iritzia eskatu die gobernuko ministroei, zer egin beharko lukeen jakiteko: Alderdi Laboristako kideei eta sindikatu nagusietako ordezkariei galdetu die, eta horren ostean erabaki du amore ematea eta Andy Burnham Manchesterko (Ingalaterra) alkate ohiari bidea libre uztea. Gobernuko kideak, berez, asteartean ziren biltzekoak, eta, itxura guztien arabera, hainbat ministrok dimisioa aurkezteko asmoa zuten Starmer ere gauza bera egitera behartzeko.

Burnhamek esan izan du gustatuko litzaiokeela Alderdi Laboristaren lidergoa hartzea. Alderdiaren primario batzuetan lidergoagatik lehiatzeko, baina, ezinbesteko baldintza da Komunen Ganberan parlamentari izatea. Burnham ez zen, baina ostegunean hauteskundeak egin zituzten Makerfield barrutian, herrialdearen iparraldean, eta aulki bat lortu zuen behe ganberan. Hortaz, Starmerri erronka jotzeko moduan zegoen orain, eta helburua azkar lortuko duela dirudi. Herenegun, lehen ministroak esan zuen ez zuela atzera egingo eta primarioak egiten badira lehiatzeko prest dagoela, baina iritzia aldatu du, Erresuma Batuko prentsak ziurtatu duenez.

Starmerrek dimisioa ematen badu eta Burnhamek lekukoa hartzen badu, Erresuma Batuak azken hamarkadan izan duen zazpigarren lehen ministroa bilakatuko da Manchesterko alkate ohia. Etzi beteko dira hamar urte Erresuma Batuak Europako Batasuna uztea erabaki zuenetik, eta ordutik egoera egonkortu ezinean dabil herrialdea.

Andy Burnham ekitaldi batean. ADAM VAUGHAN / EFE
Andy Burnham, ekitaldi batean. ADAM VAUGHAN / EFE

Neurri batean, joera jakin bati aurre eginez irabazi zituen Burnhamek Makerfieldeko bozak asteon. Izan ere, joan den maiatzaren 7an, Ingalaterran udal hauteskundeak egin zituztenean, ultraeskuinak nabarmen egin zuen gora, laboristen kaltetan. Horrek krisia eragin zuen alderdi barruan, eta ehun parlamentari inguruk dimisioa emateko eskatu zioten Starmerri. Ostiral goizaldean, ordea, emaitzen berri eman zutenean, arnasa hartu zuten laboristek: Burnhamek botoen %54,8 bilduta irabazi zuen.

«Mundu guztiak daki herrialde hau ez dela ari funtzionatzen beharko lukeen bezala. Mundu guztiak daki Erresuma Batua ez dagoela beharko lukeen tokian. Baliteke egun hau mugarria izatea», adierazi zien Burnhamek bere jarraitzaileei, ekitaldi batean.

Duela bederatzi urtetik da Manchesterko alkatea, eta hiri horren hazkunde ekonomikoaren arduraduntzat jotzen dute alderdian. Orain dela hilabete udal hauteskundeetan hartutako danbatekoak krisia eragin zuen Alderdi Laboristan. Ezin izan zuten aktibatu, ordea, primarioetara deitzeko alderdiak duen mekanismoa. Horretarako beharrezkoa da parlamentari batek adieraztea primarioetara aurkeztu nahi duela, eta gutxienez Komunen Ganberan dituzten parlamentarien %20ren babesa edukitzea. Azkenean, ordea, badirudi Burnhamek ez duela horrelakorik beharko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA